Aimar Irigoien

Egun seinalatuan azaldu da

Aimar Irigoienek hamargarren aldiz irabazi du Harri Handien Euskadiko Txapelketa, eta jada garaipen bakarrera du Juan Jose Unanue 'Goenatxo II.a'-ren marka.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Onenak une erabakigarrietan azaldu ohi dira. Eta horixe egin zuen Aimar Irigoienek joan den larunbatean, Azpeitian (Gipuzkoa), Izarraitz pilotalekuan, Harri Handien Euskadiko Txapelketan: abagune erabakigarrian azaldu zen, eta txapela irabazi zuen, hamargarrena.

«Urteko egunik onena urteko egunik seinalatuenean izan nuen. Ondo irten zitzaidan dena», aitortu du Irigoienek. Eta arrazoi du Errezilgo (Gipuzkoa) harri-jasotzaileak, saio biribila osatu baitzuen. Lehen harriarekin, 175 eta 200 kilo arteko laukizuzenarekin, berdinduta ziren bera eta Jokin Eizmendi, iazko txapelduna. Euren arteko lehia estua espero zen, baina Irigoienek berehala jo zuen kolpea, bigarren harriarekin. Hamabost aldiz altxatu zuen 175 eta 200 kilo arteko zilindrikoa, Eizmendik baino lau aldi gehiagotan. «Oso lan ona egin nuen harri zilindrikoarekin, eta hor egin nuen aldea. Gero, ondo eutsi nion abantailari». Azkenean, 8.225 kilo altxatu zituen Irigoienek. Abantaila handia atera zion Eizmendiri, bigarren sailkatuari, ia mila kilo: 7.250. «Egia esan, uste baino errazago irabazi nuen. Helburua lanik onena egitea zen, txapela irabazi edo ez. Eta biak lortu nituen. Ezin dut gehiago eskatu. Oso pozik nago».

Irigoien «konforme» dago urtean zehar eginiko lanarekin, batez ere «nahi baino gutxiago» entrenatu baita. «Ez dut entrenatzeko denbora askorik. Beste lehentasun batzuk ditut: familia, lana... Harri-jasotzea zaletasuna da gaur egun ere. Lehen, hala zen, eta orain, are gehiago». Hala ere, gutxitan uzten du pasatzen txapelketa bat. «Harri-jasotzaile batzuk harri handiekin bakarrik aritzen dira, eta beste batzuk txikiekin besterik ez. Harri baldarrak ere hor daude. Bada, ni guztiekin aritzen naiz, eta ezin naiz guztiekin maila berean moldatu». Duela hilabete eskas Amezketan (Gipuzkoa), Albizuri Handian gertatutakoa da horren adibide. Inoiz gertatu gabea pasatu zitzaion: ezin izan zuen harria behin ere ez altxatu. «Inoiz ez zitzaidan halakorik gertatu. Inoiz ez nuen izan halako ezintasun sentipenik izan. Baina ahaztuta dago hori». Errazago egingo zaio harri handietako txapela jantzita, nahiz eta azpimarratu duen ez zuela txapelketa «arantza ateratzeko aukera» gisan hartu.

Hamargarren txapela irabazita, garaipen bakarrera du jada Juan Jose Unanue Goenatxo II.a-ren marka. Baina garrantzia kendu dio. «Inoiz ez diot garrantzirik eman zenbakiei. Txapela irabazteari, bai, noski, baina inoiz ez diot neure buruari kopuru zehatzik jarri. Saiatuko naiz beste txapel bat irabazten, baina ez Goenatxo II.arekin berdindu dezakedalako. Horrek ez dit axola. Harria altxatzen gozatzen jarraitzea da nire benetako helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.