Saskibaloi jokalaria

Gracia Alonso de Armiño: «Egun batetik bestera, baloia hartzeko gogoa sentitu nuen berriro»

Oso gogoko du hiruko saskibaloia Alonso de Armiñok, baina ez du uste Olinpiar Jokoetako zilarrak eta Eurokopako urreak bizitza asko aldatu diotenik.

Gracia Alonso Garcia de Armiño saskibaloi jokalaria. ESTUDIANTES
Gracia Alonso Garcia de Armiño saskibaloi jokalaria. ESTUDIANTES
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 21a
05:05
Entzun

Kirolaren olinpotik hondoa jotzera. Halakoa izan zen Gracia Alonso de Armiño (Bilbo, 1992) Estudianteseko jokalariaren uda, Olinpiar Jokoetan hiruko saskibaloian zilarrezko domina irabazi ostean hondoa jo baitzuen. Hala ere, gutxi iraun ziola esan du, eta inoiz baino hobeto ikusten du orain bere burua.

Uda berezia izan zen zuretzat. Nola oroitzen duzu sei hilabete pasatu ondoren?

Uda ahaztezina izan zen, garaipen askokoa. Baina ezer baino gehiago, partida eta momentu guztiak disfrutatu nituela uste dut. Diziplina honi esfortzu eta dedikazio handia eskaini diogu, eta emakumezkoen saskibaloian dugun maila ona demostratu dugu, gurea ez den diziplina batean bi domina lortu baikenituen.

Izan zenuen denbora atseden hartzeko?

Ez, batere ez. Gorputzak agian bai, baina buruak ez. Denboraldi hasiera txarra izan zen, zaila. Hiru aste berandu itzuli nintzen entrenatzera denboraldiaurrean, taldea jada martxa hartuta zegoela. Ez da erraza. Fisikoki astebete edo bi atseden hartzeko tartea izan nuen, eta agian nahikoa da, baina orokorrean gustatzen zait denboraldi batetik bestera burua lasaitzeko tarte bat hartzea; orain udan hiruko saskibaloiko txapelketak izaten ditudanez, zaila da. Pasio hutsagatik dedikatzen naiz saskibaloira, gogoa dudalako oraindik egunero esnatu eta entrenatzeko, baina denboraldi hasieran konturatu nintzen ez zitzaidala pasatzen. Ulertu nuen gertatu behar zen zerbait zela; deitu beherakada edo dena delakoa. Agian ez genuen denborarik izan udan lortutakoa barneratzeko, eta hondoa jo nuen; goibel nengoen, jokatzeko gogorik gabe.

Zenbat iraun zizun horrek?

Denboraldia hasi aurretik pasatu zitzaidan, baina ligako lehen partidak ere zailak egin zitzaizkidan. Ni naizenarekin, egunerokoan dudan indarrarekin eta intentsitatearekin, ez nuen berdin ikusten neure burua; defentsan gaizki, indarrik gabe... Baina bizpahiru jardunaldi pasatuta sentitu nuen berriro jokatzeko gogoa nuela, kirolera berriro lotu nintzela, eta beherakada hori atzean utzi nuela.

Eta zerk lagundu zizun buelta ematen?

Ez nuke jakingo ondo esaten. Saskibaloiak orokorrean; barruan daramadan zerbait da, beti egin dudana, eta kluba ederki portatu zen nirekin. Espazioa eman zidaten sentitzen nuena esateko, eta ez zidaten exijitzen eman nezakeen baino gehiago. Oso lan ona egin dute bai nirekin eta bai Juanarekin [Camilion], antzeko egoeran itzuli baikinen udatik. Ez gelditzeak ere lagundu zidala uste dut, egun batetik bestera baloia hartzeko gogoa sentitu bainuen berriro, oihukatzekoa, taldekideak bultzatzekoa.

Zure ibilbideko garairik onenean zaudela esango zenuke?

Bai, guztiz; bai fisikoki eta bai mentalki, nire onenean nagoela nabaritzen dut. Partida eta txapelketa askoko garaiak dira, eta sentitzen dut hau duela urte batzuk pasatu izan balitzait oso urduri egongo nintzela; orain ere urduritzen naiz, baina badakit ondo bideratzen nerbio horiek, badakit ondo nagoela, eta neure buruarengan konfiantza dut. Uda honek autoestimu asko eman dit, eta uste dut hori dela benetako urrezko domina.

Zer ekarri dizu joan den udak bizitzara?

Bizitza orokorrean ez zait asko aldatu; lehengo bera naiz, baina kirol alorrean urrats handi bat egin dut. Baina ez naiz edonora joango jokatzera: 32 urte ditut, eta jada egon naiz kanpoan. AEBetan ibili naiz, Suedian... Ez ditut urte asko ere eman kanpoan, baina niretzat nahikoa izan da, eta nire lekua topatu dut Endesa ligan; oso liga lehiakorra da, eta Europako jokalari onenek hemen jokatu nahi dute.

«Agian ez genuen denborarik izan udan lortutakoa barneratzeko, eta hondoa jo nuen; goibel nengoen, jokatzeko gogorik gabe»

Hiruko saskibaloia ohikoaren oso ezberdina da?

Noski! Ikusi al duzu hirukoa? [Barre artean]. Guztiz ezberdina da; saskibaloia da, baina baloia ere aldatu egiten da. Emakumeontzat eta gizonezkoentzat baloia berdina da, bostekoan gertatzen ez den bezala, eta guretzat ohi baino pisutsuagoa da. Baloira moldatu behar duzu, baina hori azkar egiten da. Ez duzu korrika asko egin behar, baina biraketak 180 gradukoak dira etengabe; segundo batean pasa zaitezke defentsatik erasora, baloia jaso, zu defendatzen zaituena atzean utzi eta saskiratu egin dezakezu. Etengabe adi egon behar duzu, hamar minutu oso gogor direlako, 21 puntu egiten ez badituzu. Ezin duzu segundo batean ere atseden hartu, eta kontaktu askoz gehiago dago. Bostekoan falta diren jokaldi asko hirukoan ez dira.

Kaleko saskibaloia txapelketa egina dirudi.

Bai; oso ikusgarria da, oso alaia. Kirola niretzat asmatu dutela iruditzen zait, ederki doakit eta. Oso sutsua naiz, eta hamar minutu gogor horiek ondo doazkit. Nesken saskibaloian ni bezalako jokalari gutxi dago. Ez naiz geldirik egoten, eta jendea desesperatu egiten da. Asko jokatzen dut horrekin; agian teknikoki ez naiz onena, eta ez ditut hiruko ikusgarriak sartzen, baina bakoitzak bere funtzioa du, eta laukotera moldatzen jakin dut irabazi ahal izateko. Uste dut erraz moldatzen naizela egoeretara, eta hori dela nire bertuterik onenetako bat. Ura bezala.

Zein nahiago duzu bietatik?

Niri hirukoa asko gustatzen zait, baina bostekoa da jaten ematen didana. Urte asko daramatzat horretan, eta hirukoa, azken finean, udako zerbait da, igarokorra, eta oraindik ia ez digu dirurik ematen, udan bakarrik.

«[Hiruko saskibaloia] niretzat asmatu dutela iruditzen zait, ederki doakit eta. Oso sutsua naiz»

Hiruko saskibaloiak egitura gutxi du gainera, ezta?

Herrialde batzuetan hasi da profesionalizatzen, liga propioekin. Espero dugu eztanda egitea, inbertsioa handitzea.

Bietan entrenatzen zara?

Nazioarteko txapelketak jokatzeko geldialdiak daudenean elkartzen gara jokatzeko, baina lau egun-edo izaten dira, ez gehiago. Lan gehiena bostekoa amaitzen denean egiten dugu, uda hasieran, txapelketetara ondo iristeko. Berezia da: hiruko selekzio batzuetako jokalariak horretara bakarrik dedikatzen dira, baina urte osoa pasatzen dute lehiatu gabe; Frantziak eta Kanadak, esaterako. Guk, berriz, denboraldi osoa ematen dugu bostekoan lehiatzen, eta sasoi hobean iristen gara. Frantzia azkena geratu zen Olinpiar Jokoetan, eta Kanadak ere ez zuen dominarik lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.