Euskal selekzioa

Egun bat historian letra larriz idatzia

Euskal selekzioak lehen aldiz jokatu du Nazioarteko Esku Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean. Gernikan aritu da, eta ikusleek sekulako ongietorria egin diote, eta azpimarratu «aspaldiko ametsa egia bilakatu» dela.

Julen Etxeberria.
Gernika-Lumo
2025eko ekainaren 2a
22:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriaren historiari buruzko liburuek, eta, zehazki, euskal kirolari buruzkoek beste atal eta egun bat daukate letra larriz idatzia: gaur 2025eko ekainaren 2an Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian (Bizkaia) gertatu denekoa. Zera kontatuko dute atal horretan: egun horretan jokatu duela pilotako euskal selekzioak lehen partida ofiziala Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren txapelketa batean. 

Zera ere esango dute: urte askoan jende askok egindako lan gogorrak eta ahalegin nekaezinak fruitua izan duela, eta, euskal gizartearen gehiengo baten aspaldiko nahia, desioa eta ametsa egia bilakatu dela. 

Bi berezitasunek sinbologiaz beteko dute kontakizuna: bata, euskal pilotan gertatu zela mugarri historiko hori; hau da, Euskal Herriak daukan kirolik adierazgarrienean; bestea, berriz, Gernikan izan zela lehen aldi hori; hots, Euskal Herriaren historian sinboloa den toki batean. Begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola, berezia eta historikoa izan da gaurko eguna. 

18:30ean zen jardunaldiko lehen partida, eta hiru ordu lehenago jada frontoian zegoen Joxe Mari Mitxelena Euskadiko Pilota Federazioko presidentea. «Urduri nago», aitortu du. Aldea zegoen aurreko egunetan zioenarekin. «Lasai nago», zioen behin eta berriro. Agerikoa zen ez zela beste edozein egun. Hau zen eguna. 

Frontoian zegoen Iñaki Osa Goikoetxea puntista ohi eta Eraman Jai Alai enpresako kirol zuzendaria ere. Antolaketa lanetan zebilen. Inbidiaz begiratzen zion kantxari. «Inbidia pixka bat sentitzen dut. Gustura jokatuko nuke; oso berezia izango da, gauza handia».

Egun handia

17:50ean ireki dituzte frontoiko ateak, eta, aurrenetakoak sartzen izan dira Idoia eta Marijo Urkiri, Elixabete Totorika, Rosa Elena Bilbao eta Josune Ortuzar gernikarrak. Batek ez beste guztiek dute euskal selekzioaren elastikoa soinean. «Askotan etortzen gara frontoira, baina gaurkoa [atzokoa] oso berezia da, euskal selekzioak jokatuko du eta. Hau ezin genuen galdu», esan du Totorikak.

18:00etan iritsi dira euskal selekzioko pilotariak. Haien artean dago Maialen Aldazabal berriatuarra. Badaki ez duela jokatuko, baina «ilusio handia» pizten dio hasiera ekitaldian parte hartzeak. «Jarraian, gainera, selekziokideek jokatuko dute. Ea irabazten duten eta txapelketari hasiera ona ematen dioten. Gauza handia da euskal selekzioak lehen partida ofiziala jokatzea, eta lehen aldia Gernikan izateak oso berezi egin du».

Hantxe zegoen ere Laurent Sorozabal puntista ohia. Harentzat txapelketa berezia da, hiru seme-alabak ariko baitira: Johan eta Gorka AEBekin, eta, Oihana, Frantziarekin. «Oso harro nago haietaz, eta honetaz gozatzea opa diet. Berezia izango da: Gernikan jokatuko da, eta lehen aldiz ariko da euskal selekzioa. Ezin daiteke gehiago eskatu». 

Lehen partida hastear da, eta frontoia betetzen hasi da. Banan bana aurkeztu dituzte Espainiako eta Mexikoko selekzioko puntistak, eta ikusleek txalo egin diete laurei. Partidan, ordea, mexikarrek jaso dituzte txalo gehien. Laburra izan da lehia: ordu erdi. Ordubete baino gehiago falta da irekiera ekitaldia hasteko. Tarte horretan, tabernako zerbitzariek eta euskal selekzioaren elastikoa saltzen zebiltzanek izan dute lanik gehien.

Txistukada Espainiari

20:30ean hasi da irekiera ekitaldia. Argiak itzali dituzte, eta epaileak aurkeztu. Segidan hasi da selekzioen aurkezpena. Harmailatik kantxarako bidea egiten hasi dira sei selekzioetako pilotariak, hautatzaileak eta ordezkariak. Txapelketan ordezkatuko duten herrialdearen bandera daramate. Espainiako selekzioa izan da lehena irteten, eta, ikusleek txistukada handia jo diote. Frantziakoari ere txistu egin diote, baina gutxiago. Baita AEBetakoari ere. Mexikokoari eta Filipinetakoari, ordea, txalo egin diete. Eta frontoia erori egin da ikurrina lagun euskal selekzioko kideak azaldu direnean. Sekulako txalo zaparrada jo diete, eta gogotik astindu dituzte Euskal Herriak erabaki. Basques decide dioten ikurrinak. 

Kantxaren aurrealdean eta erdian jarri dira euskal selekzioko kideak. Azkenean, iritsi da urte askoan itxarondako unea. Ederra da irudia, eta askoz ederragoa izan da ikusleek eserlekuetan zituzten kartulina zuri, gorri eta berdeak altxatu eta harmailan ikurrina erraldoi bat irudikatu dutenean.

Mitxelenak hartu du hitza ondoren, eta bertsoa bota du. Horretan, gogoan izan ditu euskal selekzioan falta diren herrialdeak: Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.

Xavier Cazaubon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak hitz egin du jarraian: ongietorria eman dio «Euskadiri», eta nabarmendu du atal asko bizi nahi dituztela elkarrekin.

Cazaubonek hitzaldia bukatuta, selekzioak aldageletara joan dira. Berriro, ikusleek txistua jo diete Espainiako, Frantziako eta AEBetako selekzioei, txaloak Mexikokoari eta Filipinetakoari, eta sekulako txalokada euskal selekzioari.

Jarraian hasi da euskal selekzioaren lehen partida, Frantziaren aurka: lehenik, emakumezkoak, eta, gero, gizonezkoak. Ikusleek etengabe animatu dute etxeko taldea, eta horrek hauspotu egin ditu etxeko pilotariak. Giro ederrean jokatu dira bi partidak, kanta, oihu eta txalo artean. Festarako zeuden ikusleak. Egunak merezi zuen. Egun historikoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.