Azken hilabeteotan galtzak bete lan izan ditu Agurtzane Elorriagak (Iurreta, Bizkaia, 1978), Bizkaia-Durango eta Euskadi-Muriasen bat egitearen karietara. Iazko taldeko ia txirrindulari guztiak beste norabait joan dira, eta, hala, ia hutsetik hasi behar izan da. Ez zen lan samurra, baina lortu du taldea garaiz osatzea: guztira,«maila oneko» hamahiru txirrindulari izango ditu bere esanetara. Euskal ziklistarik onenak proiektuaren parte izatea gustatuko zitzaiokeen, baina aurreikuspenak «zeharo» aldatu omen ditu Movistarrek emakumezko taldea eratu izanak. Edonola, ez du alboetara begira geratu nahi: «Bidea hasi besterik ez dugu egin, eta gurean zentratu behar gara».
Sasoi borobila osatu zenuten iaz. Besteak beste, nagusi izan Espainiako Kopan. Ez da erraza izango aurten emaitzak on horiek errepikatzea.
2017a urte ederra izan zen, bai. Oso ontzat eman dut. Maila apartean jokatu genuen Espainiako Kopan: talde onena izan ginen, eta banakako sailkapena ere irabazi genuen Mavi Garciarekin. Gainera, bederatzi probetatik zazpitan gailendu ginen, sei txirrindularirekin. Iazko taldearen ahalmena ondo islatzen dute emaitzek. Batez beste, maila oso handia izan dute Bizkaia-Durangoko txirrindulariek, eta oso ondo ulertu dute elkar.
Espero zenuten halako emaitzak lortzea?
Lan asko egin genuen talde indartsua osatzeko. Begiz jota genuen Espainiako Kopa. Taldekako sailkapena irabaztea zen helburua. Azkenean, primeran aritu dira taldeko kideak, eta denboraldi bikaina osatu dugu. Espainiako Txapelketan lortutakoa ere ez da ahaztu behar: erlojupekoan Lourdes Oiarbide eta Mavi Garcia izan ziren azkarrenak, hurrenez hurren; eta errepideko proban, gerra eman zuen talde bakarra izan, eta podiumeko bigarren koskara igo ginen Mavi Garciarekin.
Aurtengo sasoiari begira, urrats esanguratsua egin duzue, Euskadi-Muriasekin indarrak batuta. Itxaropen handiak dituzu?
Bai. Forma eman diogu kolaborazio itxura duen proiektu honi, eta itxura oso polita dauka. Egutegi aldetik, pauso oso garrantzitsua eman dugu. Egia da oztopoak ere izan ditugula. Adibidez, iazko taldeko hiru txirrindularirik indartsuenak galdu ditugu. Hasiera batean, proiektuarekin aurrera egitea zaildu zigun horrek. Baina, tira, fitxaketa onak egin ditugu, eta uste dut aurten ere talde lehiakorra izango dugula.
Noiz eta nola sortu zen Euskadi-Muriasekin indarrak metatzeko ideia?
Murias sortu zen urte berean, Jon Odriozolarekin topo egin nuen hitzaldi batean. Nik komentatu nion Europan gizonezkoen taldeek emakumezkoenak indartzen dituztela, eta Euskal Herrian ere ondo legokeela halako zerbait gertatzea. Iazko udan batzar batzuk izan genituen, eta azkenean forma eman diogu proiektuari.
Akordio honek onurak ekarriko dizkio Bizkaia-Durangori. Esate baterako, txirrindularien egoera profesionalizatuko da.
Bai, onura esanguratsuena ekonomikoa izango da. Hobera egingo dute txirrindulari zein prestatzaileen baldintzek. Gainera, atzerrian lasterketa gehiagotan hartuko dugu parte, eta lehen ez genituen zerbitzuak izango ditugu eskuragarri; adibidez, prestakuntza fisikoa taldeak eskaintzen du, medikua dago kontsultak egin ahal izateko, nutrizio aholkularia ere bai... Agerikoa da jauzi kualitatiboa.
Zenbat urterako sinatu duzue ituna Euskadi-Muriasekin?
Ez dago zehaztuta, eta ez naiz urte kopuru jakin bat esatera ausartzen. Esan dezakedana da epeluzerako egitasmoa dela. Egonkortasuna behar genuen, eta hori eskaintzen digu Euskadi-Muriasekin batera sortutako proiektuak. Atzean enpresa pribatu bat izateak ziurtasuna ematen dizu. Beti laguntza publikoen zain egonda, oso zaila da lan egitea.
Nolako egutegia izango duzue?
Estatu mailako probez gain, atzerrian ere lasterketa askotan parte hartu nahi genuke. Orain arte izan ditugunei beste batzuk gehitu nahiko genizkieke. Baina World Tourreko lehen hamabostetan sartuko ez garenez, oraindik ezin dugu ziurtatu zehazki zer egutegi izango dugun. Gonbidapenak lortu arte itxaron beharko dugu. Eta gonbidapenak urtarrilaren 15etik aurrera banatzen dira.
Adibidez, kontaktu onak ditugu Ardeetako probetan, eta han izatea espero dugu. Baina oraindik ezin dugu ezer ziurtzat eman. Euskadi-Muriasekin bat egin ondotik, ate gehiago zabaltzea espero dugu. Inoiz ez dugu egutegi txarrik izan, baina bai diru falta. Hemendik aurrera, baliabide gehiago izango dugu kanpora irteteko.
Helburua Espainiako Kopa izango da berriz ere, edo hor ere aldaketa izango da?
Atzerrian geure burua erakustea eta beste pauso bat ematea gustatuko litzaidake. Gero, Emakumeen Bira World Tourraren barnean izango da aurten, eta han ere geure burua ezagutarazten ahaleginduko gara. Egia da iaz talde eskalatzaileagoa izan genuela, eta aurten are zailagoa izango dela maldan gora distira egitea, baina tira, bestelako helburu bat finkatu, eta lehiakor aritzen saiatuko gara. Etxeko lasterketa nagusia izanik, gogo faltarik ez dugu izango.
Taldea goitik behera aldatu behar izan duzue. Iaztik hiru txirrindulari besterik ez dira gelditzen.
Ez dugu beste erremediorik izan. Hala suertatu da, eta, hutsuneak betetzeko, maila oneko txirrindulariak ekartzen saiatu gara. Orain giro ona sortzea, eta lantalde eraginkorra osatzea dagokigu. Hori da emaitza onak lortzeko bidea. Ez da sasoia talde berri batekin hasten dugun lehen aldia; beraz, ez da hondamendia. Gauzak ondo egiteko gogoz arituko gara.
Jada osatu duzue taldea, hamahiru kiderekin. Pozik zaude osatu duzuen taldearekin?
Bai. Kostatu zaigu, baina lan eta lan aritu ostean, lortu dugu multzo polita osatzea. Bizkaia Durango-Euskadi Muriaseek maila ona emango duela uste dut. Italiarrengandik espero ditugu emaitzarik onenak. Anna Strickerrek podiuma zapaldu zuen World Tourreko zenbait probatan. Taldeko txirrindularirik garrantzitsuena izango da. Abiadura puntu ona dauka, eta gauza politak egiteko gai da. Alice Maria Arzuffi, berriz, toki guztietan moldatzen da ongi, eta ziklokrosean aritzen da. Bestelakoan, nabarmendu behar talde oso gaztea izango dugula. Gaztetasunak ilusioa dakar, eta, gero, beteranoek esperientzia eman beharko diote proiektuari.
Zu zeu nola ari zara hartzen aldaketa?
Ilusio handiz. Emakumezkoen txirrindularitzak gorakada izango duela dirudi. Bagenuen horren beharra. Orain emandako pausoa baliatzea dagokigu. Dugun guztia emango dugu, eta espero emaitzak lagun izatea. Uste dut epe luzerako proiektu bat izango dela, eta oso pozgarria da hori. Baldintzek hobera egin dute, eta are gehiago hobetuko dira etorkizunean. Taldea babesteko gonbitea luzatzen diet euskal zaleei.
Ederra litzateke euskal txirrindularirik onenak talde berean elkartzea, ezta?
Hala nahiko nuke. Orain ez da posible, baina etorkizunari begira, ezin daiteke ezer baztertu. Horrez gain, harrobiari ere garrantzia handia emango diogu. Oinarrian asko dago egiteko, eta gauzak ondo egin behar dira. Lehen pausoa neska gazteak kirol honetara erakartzea da. Kasu batzuetan, kopuruak kalitatea dakar eskutik. Neskarik ez bada animatzen, etorkizunean ez dugu ezer edukiko. Gauzak mimoz egin behar dira, gerora fruituak bildu ahal izateko.
Zenbateraino aldarazi dizkizue planak Movistarrek ere emakumezkoen taldea eratu izanak?
Gure proiektuak ez du hasiera batean aurreikusitako itxura. Euskal Herriko txirrindulari onenekin kontatzen genuen, baina dena zeharo aldatu du Movistarren agerpenak. Aukera ona eskaini die ziklistei, hori aitortu beharra dago. Ordea, moduak ez zaizkit egokiak iruditu. Gauzak ezkutuan eta atzetik egin dituzte. Europa mailan, gizonezkoen taldeak jada existitzen diren emakumezkoen taldeetan ari dira inbertsioak egiten. Hemen, guztiz kontrakoa gertatu da: emakumeekin urte luzez lan egindako taldeak hankaz gora utzi dituzte. Pena da, baina zer egingo zaio... Bakoitzak lan egiteko bere modua dauka.
Dena den, bere bidea urratzeko garaia du Bizkaia Durango-Euskadi Muriasek, Movistarri gehiegi begiratu gabe.
Hori da. Bidea hasi besterik ez dugu egin, eta gurean zentratu behar dugu. Hainbat erronka ditugu: neskak gustura egotea, egutegi polit bat osatzea, egoera geroz eta profesionalagoa lortzea, helburutzat ditugun probetan itxura ona ematea... Movistarren proiektua ez dakit epe luzerako edo motzerako egina den. Gurea, ordea, badakigu egonkorra izango dela. Hortaz, presarik ez dugu. Urratsez urrats joango gara, itsutu gabe.
Gizonezkoen taldeaz hitz egitean, Jon Odriozolak beharrezkotzat jotzen du pazientzia. Zuekin ere bai?
Berdin, bai. Pazientzia behar dugu, proiektua sortu berria delako. Halako egoera batean, funtsezkoa da taldeari denbora eta lasaitasuna eskaintzea. Hala bada, uste dut aukera izango dugula denboraldi on bat egiteko. Neskak gustura eta ilusioz beterik ikusten ditut. Hori oso garrantzitsua da proiektu berri bati ekiterakoan.
Nik erronka pertsonal batzuk ere baditut. Esaterako, beren onenera itzularazi nahiko nituzke zenbait ziklista, esaterako, Cristina Martinez. Maila oso ona ari zen ematen, baina geldialdia izan du azken bi urteetan. Bere bertsiorik onena berreskuratzea nahiko nuke. Gero, Sandra Alonso bezalako txirrindulari gazteak daude, itxura polita daukatenak. Beren garapenean laguntzen saiatuko gara. Eta euskal herritarrez ere ezin gara ahaztu. Gauza politak egin ditzakete Lierni Lekuonak eta Ane Iriartek.
Zer desio eskatuko zenioke 2018ari?
Emaitzen gainetik, proiektuak erroak botatzea.
Agurtzane Elorriaga. Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldeko zuzendaria
«Egonkortasuna eskaini digu Muriasekin sorturiko proiektuak»
Pauso handia eman du Bizkaia-Durangok denboraldi berriari begira, eta baikor da Agurtzane Elorriaga. Egitasmo berriak nabarmen hobetuko ditu txirrindularien baldintza ekonomikoak, eta, gainera, taldeak presentzia handiagoa izango du atzerriko probetan. Horietan zeresana ematea izango du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu