Ambros Martin. Itxakoko entrenatzailea

«Egoerak hagitz berezi bilakatu du txapel hau; garrantzitsua da guretzat»

Itxakok Espainiako Kopa irabazi zuen igandean, hirugarrenez jarraian. Larunbatean ABF ligari ekinen dio berriz, Ro'Casaren kontra. Irabaziz gero, Ligako txapela ere ospatu ahal izanen du taldeak laster.

Itxakoko entrenatzaile Ambros Martin, atzo, Alteatik Lizarrara ailegatu berritan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bere jokalarien ahalegina eskertu eta txalotu du Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek (Arrecife, Espainia, 1968). Espainiako Kopa irabazi berri du Lizarrako taldeak, finalean Bera Bera mendean hartuta (26-35). Txapeldunen Ligatik at gelditu eta gero, eta taldearen arazo ekonomikoak kontuan hartuta, Ambrosek argi du lortutako txapela inoiz baino garrantzitsuagoa dela.

Kontent egindako lanarekin?

Hagitz kontent nago. Espainiako Kopa behin irabaztea hagitz gauza polita da, eta txapela hirugarrenez jarraian eskuratzea, are bereziagoa.

Partidetako emaitzei so, ematen du erraza izan dela Itxakorentzat. Benetan hala izan da?

Ez. Egia da emaitzek alde nabarmena erakutsi dutela gure eta aurkarien artean, baina pistan egin dugun lana ez da inondik inora erraza izan. Gakoa izan da gorabeherarik gabeko txapelketa egin dugula. Hagitz joko erregularra erakutsi dugu, intentsitate handiz aritu gara partida guztietan, eta horrek eman digu titulua. Kontent nago txapela eskuratu dugulako, eta, batez ere, irabazteko moduagatik nago kontent, bikain aritu delako taldea partida guztietan.

Jokalariek ez dute hutsik egin.

Ez. Hagitz kontent nago, denek onena eman dutelako. Aurtengo Kopa ezberdina izan da guretzat. Egoerak hagitz berezi bilakatu du, eta hagitz garrantzitsua izan da guretzat.

Zergatik izan da hain berezia?

Hainbat gauzak bilakatu dute berezi. Batetik, Altean sekulako giroa izan dugu. Txapelketaren ingurukoekin anitz gozatu dugu. Jokalariak izan dira benetako protagonista, eta txapelketa eskubaloiaren besta bilakatu da. Bertzetik, Txapeldunen Ligatik at gelditu eta gero, guretzat hagitz garrantzitsua izan da Kopa irabaztea. Hirugarrenik, argi dago egungo egoera ekonomikoa zaila dela, eta horregatik ere, taldeak behar zuen halako garaipen bat.

Txapeldunen Ligari dagokionez, finalerdietatik kanpo gelditu eta gero, Kopa konfiantza berreskuratzeko balio izan dizue?

Hala da, bai. Hori behar genuen. Bigarren ligaxkan ez genuen batere gozatu. Azken jardunaldiko partida baino ez genuen irabazi. Ez genuen zortea alde izan, eta finalerdietatik at gelditu ginen. Kolpea izan zen guretzat, lur jota gelditu ginen, eta behar genuen zerbait gora egiteko.

Ez da erraza izanen gora egitea, gainera, hainbat hilabetetako soldata jaso gabe egonda. Zein da egoera?

Berdin jarraitzen dugu, edo okerrago, denborak aurrera egin baitu. Soldatak jaso gabe jarraitzen dugu. Hainbat kidek jaso dute zerbait, haien egoera kritikoa zelako. Pistan beti saiatu gara diru arazoak bazter uzten, baina ez da erraza.

Hala ere, Liga irabazteko zorian zarete, berriz ere.

Asteburu honetan Ro'Casari irabazten badiogu, aukera izanen dugu hurrengo jardunaldian etxean Kopa eta Liga batera ospatzeko. Sekulakoa litzateke. Gure zaleek merezi dute, beti ondoan izan baititugu.

Hurrengoa sasoian Gyorin ariko zara?

Sasoia oraindik ez da amaitu, eta orain bertzerik ez dut buruan. Laster hedabide guztiak deituko ditut, hurrengo sasoiari buruzkoak argitzeko. Baina orain nire lehentasuna sasoia amaitzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.