Yeray Alvarez. Athleticeko jokalaria

«Egoera zaila da, baina Gaizkarekin gaude»

Gaizka Garitanoren etorkizunean zeresan handia izan dezakeen partida jokatuko du bihar Athleticek, etxean, Betisen aurka (21:00). Yeray Alvarezen iritziz, «ezinbestekoa da erasoan eraginkorragoak izatea, defentsan egindako akats apurrak garesti ez ordaintzeko».

ATHLETIC.
haritz gallastegi
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Gaizka Garitanoren gustuko jokalaria da Yeray Alvarez (Barakaldo, Bizkaia, 1995). Erdiko atzelari serioa, azkarra eta oldarkorra da. Iñigo Martinezekin bikote ona osatzen du, baina oraingoz, defentsan egiten ari diren lan ona ez da nahikoa izan taldeari eskatzen zaizkion puntuak eskuratzeko.

Beste behin denboraldi honetan, puntu premia handiz jokatuko duzue.

Garaipen beharra beti izaten dugu. Talde guztiek dute premia. Baina argi dago egoera hobean egotea gura genuela. Betis goian dago sailkapenean, baina irabaziz gero, euren parean jarriko gara. Behera begira egon beharrean, gora begira jarri gura dugu.

Alde handia dago Betis mendean hartu edo hiru puntuak ez irabazi. Garaipena eskuratuz gero, lasaitasuna ekarriko zuen taldera, baina ez irabazteak sasoi hasieratik taldeak duen tentsioa handitzea eragingo luke. Egoera gaiztotzeko arriskuak presioa eragiten al du?

Nabari da taldearen inguruan tentsioa dagoela. Jarrera baikorra erakutsi, eta pentsatzen dugu Betis mendean hartuko dugula.

Taldea ez da gai izan jokalariei konfiantza emango dizuen eta ingurua lasaituko duen bizpahiru emaitza on kateatzeko. Ez duzue segidarik izan.

Emaitza onak lortzeko aukera bikainak galdu ditugu: Cadizen kontra bi jokalari gehiagorekin aritu ginen, Osasunaren eta Valladoliden kontra nagusi izan ginen... Baina ez gara sortzen ditugun aukera apurrak asmatzen ari. Gure arean, berriz, azken urte bietan egin ez ditugun akats txikiak ordaindu egin ditugu.

Zergatik egin dituzue aurreko denboraldietan egin ez dituzuen akats horiek?

Ez gara perfektuak. Ezinezkoa da defentsako jokaldi guztietan fin aritzea. Beti egiten da huts bat edo beste. Kontua ez da soilik akatsa egitea baizik eta aurkariak hura baliatzea. Ez da beti gertatzen. Bada, aurten egin ditugun apurrak asmatu egin dituzte.

Taldeak duen gol sen eskasak defentsan perfekzioa erakustea eskatzen du emaitza onak eskuratzeko. Ez da erraza izango horrela jokatzea

Duda barik. Bi gol sartuz gero, akats baten ondorioz jasotako golak ez du minik ematen. Baina guri gertatzen ari zaigu egiten dugun akats txiki horregatik ari garela galtzen. Ia ez digute aukerarik sortzen. Partida askotan gure atera behin baino ez dute jaurti. Aurrelariekin lehia gehienak irabazten ditugu. Eta, hala ere, esku hutsik amaitzen dugu.

Gaizka Garitano zaleen jomugan dago. Bihar Betisi irabazten ez badiozue, kolokan egon daiteke haren kargua.

Badakigu zer-nolako giroa dagoen taldearen inguruan. Egoera zaila da, baina guk irabaztea gura dugu. Gaizkarekin gaude.

Entrenatzailearekin gogorregiak ari al dira izaten jarraitzaileak?

Gustu kontua izan daiteke. Getafe ere oso kritikatua izan da sarri, baina denok ikusi dugu zein maila ona eman duen. Futbolean guztiok kritikatzen gaituzte. Kritika onartu egin behar dugu, baina ez errespetu falta. Joko txarra egindakoan onartu egin behar da. Kritika ikasteko eta hobetzeko baliatu behar dugu.

Jokalariak ez zaudete oraindik zaleen jomugan, baina jarraitzaileek ez zuten ulertu Fernando Llorente auzian izan zenuten rola. Finean, ez zuten ulertu jokalariok futbolari baten fitxaketa eskatu izana.

Taldean Athleticera bueltatu zitekeela komentatu zuten, eta haren ekarpena ona izan zitekeela ikusi genuen. Baina azken erabakia ez zegoen gure esku. Agintariek aurrelaria ez fitxatzea erabaki zuten, eta kito.

Athletic ez da oso fin hasi, baina oraindik denboraldiaren lehen laurdena ere ez da bete. Horrez gain, Espainiako Kopako finala eta Superkopa dituzue zain. Eta, hala ere, ezkortasuna da nagusi zaleen artean. Zergatik?

Emaitza txarrek eragindako ezkortasuna da. Horretaz gain, egun dugun egoerak ez du asko laguntzen: zaleak ezin dira San Mamesera joan, lagun asko langabezian daude, lehen egiten genituen gauza asko ezin dira egin... eta, azkenean, futbolarekin askatzen du jendarteak barruan duen korapiloa. Ulertzen dugu. Gainera, ez emaitzak, ezta jokoa ere ez dira onak izan. Joera aldatu egin gura dugu. Bihar izango dugu lehen aukera.

Betis talde ona da. Talentua dauka. Aukerak sortzen ditu, baina zuloak ere lagatzen ditu. Gisa horretako aurkarien kontra atzean sartzen direnen aurka baino hobeto moldatu zarete.

Gaizkak taldearen ardura hartu zuenetik emaitza hobeak lortu ditugu aurrera egiten duten taldeen kontra. Presioa egitea gustuko dugu, eta aurrean zuloak badaude, erosoago aritzen gara. Hala ere, Betis talde ona da, eta ez da neurketa erraza izango. Gutxirekin asko lor dezake. Ezker hegalean aritzen diren futbolariak oso ondo ari dira. Aurrean eraginkorrak izan behar dugu.

Athletic al da zaleak harmailan egoteko debekuarekin gehien galdu duten taldeetako bat?

Asko galdu dugu. Jarraitzaileek babes handia ematen digute. Partida garrantzitsuetan oso ondo erantzuten dute. Baina kontrarioek ere nabaritzen dute. Harmailetan zaleak ez daudenetik gauzak aldatu egin dira. Pandemiaren aurretik izaten ez ziren emaitzak ikusten ari gara.

Gustura zaude sasoi hasieran erakutsi duzun jokoarekin?

Bai, baina nire jokoa hobea izan daiteke. Akats txikiak egin ditut. Ezinezkoa da partidetan jokaldi guztietan irabazle ateratzea. Hala balitz, mundu mailako izar bat izango nintzateke, eta ez naiz.

Unai Nuñezek eta klubak akordio bat lortu berri dute kontratua luzatzeko. Amaitu da, beraz, folletoia.

Asko poztu naiz. Unai taldekidea eta laguna da. Albiste oso ona da Unaik gurekin jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.