Zertan zara Urdaibairekin?
Herenegun egin genuen bilera, baina ez zen izan ezer erabakitzeko, egoeraz jarduteko baizik.
Zein da egoera?
Urdaibaik nahi du nik jarraitzea, eta, gero, beste talde batzuek ere interesa dute. Ez dut Bermeotik joateko motiborik, baina bada egoera pertsonal bat nik segitzea ezinezko egin dezakeena. Bi aldeok garbi dugu gauzak ezin ditugula presaz egin. Arnasa behar dut.
Baina nahi beste denbora ere ez dizu emango Urdaibaik.
Konpromisoa hartu dut egoera hau dena ahalik eta azkarren argitzeko. Gutxienez, hilaren 30era arteko epea hartu nahi dut, egun horretara arte dudalako kontratua sinatua. Ahal dela, inork ezin du galtzen atera. Beraiek ahaleginak eta bi ari dira egiten nire egoera pertsonal hori oztopoa izan ez dadin bertan jarraitzeko, eta nik ere lagundu nahi diet.
Beste taldeei ere erantzun bera eman diezu?
Bai. Nire egoera zein den azaldu diet. Beste talde horiei ere ondo etorriko litzaieke denbora hartzea, lasai hausnartzeko eta erabakiak patxadaz hartzeko, ez presaka. Azkar hartuz gero, unean uneko krisia konpon dezakete, baina luzera begira kontura daitezke ez direla erabaki onenak.
Urdaibairekin bildu eta gero, jarraitzeko aukerak handitu dira?
Ez dira kirol kontuak han jarraitzea galaraziko lidaketenak. Oso egoera intimoa da oztopoa, eta ondo pentsatu behar dut. Urdaibaik beti jakin izan du urtez urte berritu izan dudanean kontratua egoera pertsonal horiek ondo egon behar dutela, eta orain ere egoera berean gaude. Neurea zuzendu behar dut lehendabizi, eta hori da kontu honetan guztian mamia.
Oso zaila da Urdaibain segitzea?
Batzuek hala egin dute, baina ez da horrela.
Egoera pertsonal hori orain dagoen bezala, ezinezkoa da segitzea?
Egoera aldatzen bada, jarrai dezaket. Eta aldatzen ez bada, gauza batzuk beste dinamika batean egin beharko genituzke nire egoerara moldatzeko. Horretarako formula magikoa azalduko balitz... Horregatik ari gara denbora gehiago hartzen Urdaibai eta ni.
Zain daude beste talde batzuk.
Bai, baina ondo dakite nolako Jon Salsamendi fitxatuko luketen, eta ez dakit ezaugarri horiekin interesgarria naizen haientzat. Garbi izan dezala jendeak ez dela izango beraiek uste duten Salsamendi, eta kirol arloaz ari naiz, lan egiteko eraz, egitasmoen iraupenaz....
Zure egoera pertsonala oztopoa litzateke Orioren eskaintza onartzeko ere?
Ez hainbeste. Baina beste oztopo batzuk egongo lirateke. Horregatik diot dena ondo hausnartu behar dela. Ez dut ezer negoziatu inorekin. Gertatu dena da nire egoera pertsonal horrek aukera zabaldu diela beste talde batzuei nire bila etortzeko.
Taldez aldatzen bazara, urtebeterako kontratua egingo zenuke, orain arte bezala?
Bai, dudarik gabe. Norbait ari bada pentsatzen epe luzeko egitasmoa eta ni uztartzea, oker ibiliko da. Hori dena hasieratik esan diet talde guztiei.
Zenbat eskaintza dituzu?
Lau, Urdaibai barne, eta beti aurreneko aukera gisa. Laugarrena zeharo ezberdina da. Arraunarekin lotura du, baina ez da orain egiten ari naizen lana bezalakoa.
Joango zinateke KAE 1 ligako talderen batera?
Joango nintzateke arraun munduan nik egin ahal nezakeen egitasmo batera, eta barru-barrutik motibatuko nindukeen batera.
Talde irabazlea izan behar du?
Irabaztea ez da aurrena egitea bakarrik.
Arrauna utzi beharko bazenu zure egoera bideratzeko, utziko zenuke?
Ez nago arraunaren preso. Egoera pertsonala hobetzeko aukera arraunetik kanpo badago, kanpo geratuko naiz. Eta deitu didaten talde guztiek dakite hori. Egoera horrek eraman nau Urdaibain segitzeko zalantzak izatera; bestela, oso garbi daukat bertan jarraituko nukeela.
Aukera bat Orio izateak baldintzatu egingo zaitu?
Ez dauka zertan. Garbi utzi diet denei nolako Jon Salsamendirekin egingo duten topo.
«Egoera pertsonala hobetuta, Urdaibain segituko nuke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu