Laura Hernandez. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Egoera honetan, zaila da lehiatzeko prestatzea»

Aurreko sasoiko Espainiako Kopako azken fasea gaur hasiko da Malagan. Bera Berak Elx izango du aurkari gaur, final-laurdenetan (12:15,Tdp).

BERA BERA.
ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Bera Berarekin lehen partida ofiziala jokatuko du gaur Laura Hernandezek (Elx, Herrialde Katalanak, 1997). Neurketa «berezia» izango dela onartu du, haren aurreko taldea izango baitu aurrean.

Nola helduko dio taldeak Espainiako Kopari?

Denbora asko daramagu ofizialki lehiatu gabe pandemiarengatik, eta hasteko gogo handiz gaude. Taldea sasoi onean dago, bai fisikoki, baita mentalki ere. Konfiantzaz helduko diogu Kopari, baina zuhurtziaz. Beti egoten dira ezusteak, eta egoera honetan gehiago izan daitezke.

Zure aurreko taldea izango duzue aurkari gaur, Elx, final-laurdenetan. Zein traza hartzen diozu lehiari?

Uste dut partida interesgarria izango dela. Bera Bera beti dago tituluak lortzeko lehian. Elxek, berriz, oso lan ona egin du azken urteetan harrobiarekin. Bi taldeak fisikoki nola gauden ikusi behar da. Hori izango da gakoetako bat; bestea, partidako une erabakigarriak ondo kudeatzen jakitea.

Hitz egin duzu taldekide ohiekin? Zer esan dizute?

Bai. Ia taldekide ohi gehienekin hitz egin dut, baita entrenatzailearekin ere. Denbora asko izan da han, eta guztiontzat partida berezia izango da. Esan didate gogor ari direla lanean, eta gustura daudela talde berriarekin. Jokatzeko eratik harago, nabarmenduko nuke amore ematen ez duten talde horietakoa dela Elx. Beraz, adi egon beharko dugu. Aurretik joan arren, estutzen segitu beharko dugu azken jokaldira arte. Ezin gara fidatu. Oso aurkari zaila da.

Nahiago zenuen kontrarioa beste bat izatea?

Egia esan, bai. Nahiago nuen haien aurka finalean jokatu. Baina behin pistan nagoenean, partidan jarriko dut arreta osoa. Lasai egoten ahaleginduko naiz.

Txapelketan izango diren beste taldeak nola ikusten dituzu?

Uste dut Kopa oso polita izango dela, eta final-laurden guztiak oso parekatuak izango direla. Aurrera eginez gero, finalerdietan Guardesen edo Aula Valladoliden aurka jokatu beharko genuke, eta ez naiz ausartzen pronostiko bat egitera. Denboraldi-aurrean bi partida jokatu dituzte elkarren kontra, eta bana irabazi dute.

Nola ari zarete egokitzen fitxaketa berriak taldera?

Oso ondo. Multzoa ez da aurreko sasoitik asko aldatu, eta hori abantaila bat da. Beso zabalik hartu gaituzte, bai taldekideek, bai entrenatzaile multzoak. Elirekin [Cesareo], Mariarekin [O'Mullony] eta Mirenerekin [Moreno] partekatzen dut etxea, eta asko ari zaizkit laguntzen. Gainera, Maitane [Etxeberria] eta Emma [Boada] aurretik ezagutzen nituen. Pistan ere ari naiz pixkanaka taldearen jokatzeko era barneratzen.

Asko aldatu behar izan duzu zure jokatzeko era?

Bera Berak joko dinamikoagoa egiten du geldikako erasoan. Barneraketa bizkorrak oso ondo baliatzen ditu. Elxen motelagoa zen joko hori. Hor egokitu behar izan dut gehien.

Postu desberdinetan jokatu izan duzu. Horrek denbora gehiagoz jokatzeko aukera emango dizula uste duzu?

Elxen ezker alboko zein hegaleko moduan jokatzen nuen. Baina esan didate hemen alboko gisa jokatuko dudala. Izan ere, hegaleko oso onak ditugu:Adriana [Cardoso], Maitane, Sara [Gil] ... Gustura nago lehen lerroan jokatzen, eta hobetzen segitzea da nire helburua. Entrenatze hutsarekin asko ikasten ari naiz.

23 urte izan arren, eskarmentu handia duzu: 150 partidatik gora jokatu dituzu onenen artean, eta 700 gol baino gehiago sartu. Zer da zuretzat Bera Berarekin fitxatzea?

Sasoi asko neramatzan Elxen. Eroso eta gustura nengoen, etxean. Baina aldaketa bat behar nuen, eta hona etortzea ezin hobea izan da.

Nola bizitzen ari zarete pandemiak eragindako egoera berria?

Egokitzen ari gara pixkana, eta argi dago denboraldi hau oso desberdina izango dela. Kirol mailan, liga bi multzotan jokatzea, zerbait berria da. Eredua gustuko dut, eta arriskuak gutxitzeko balio du. Baina pandemia oso gainean dugu oraindik, eta zaila izango da lehia guztiak aurreikusi bezala jokatzea. Bizitza soziala ere asko neurtzen ari gara, eta harreman gehiena taldekideon artean izaten ari gara, arriskuak saihesteko.

Nola prestatzen ari zarete egoera horretan lehiatzeko?

Zaila da, beti duzulako zalantza zer gertatuko den, eta ea partidak jokatuko diren. Baina ezin dugu egoera aldatu, eta gauzak ahalik eta ondoena egin behar ditugu, ez kutsatzeko eta lehiatzeko prest egoteko. Baina bidegabea da, liga hasteko astebete falta denean, osasun protokolorik ez izatea. Ez dago argi zer pasatuko den jokalariren batek positibo emanez gero, zenbatero egin beharko ditugun testak, nork ordaindu beharko dituen...

Astialdian zer egitea duzu gustuko?

Irakurtzea eta telesailak ikustea dut gustuko. Kopa jokatu bitarte Candela irakurri dut. Elik utzi dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.