Azken jardunaldietan bezala, aurkari zuzen bat izango du aurrean gaur Athleticek Lezaman (11:30). Zuri-gorriak hamargarren dira, 22 punturekin; Valentzia, bederatzigarren, 25ekin. Lucia Garcia Athleticeko jokalariak (Barakaldo, Bizkaia, 1998) partida «gogorra» espero du.
Aurreko igandean ere partidaren azken txanpan ihes egin zizuen garaipenak, eta bana berdindu zenuten Sporting Huelvaren kontra. Zeri egozten diozu azken minutuetan galtzen dituzuen puntu horiek?
Pena da, horrek ez baitigu mesede egiten.Lanean ari gara egoera iraultzeko. Nik uste dut irmotasuna falta zaigula azken minutu horietan. Talde gaztea gara, eta eskarmentu faltak izan dezake eragina. Pikarokeria handiagoa behar dugu minutu horietan.
Azken hiru partidak aurkari zuzenen kontra jokatu dituzue, eta lau puntu lortu dituzue. Zer iruditzen zaizu?
Betisen kontra partida txarra jokatu genuen, eta merezita galdu genuen. Rayoren kontra, berriz, oso ondo aritu ginen, eta hiru puntu garrantzitsu lortu genituen. Pena azken partida izan zen, Sporting Huelvaren aurkakoa. Lehen hamar minutuetan oso ondo jokatu genuen, baina, gola sartu genuenetik, taldeak apur bat behera egin zuen. Haiek gola egin ostean hasi ginen berriro hobeto jokatzen, azken hogei minutuetan. Badirudi gauzak alde ditugunean intentsitate pixka bat galtzen dugula, eta kolpe bat hartu arte ez dugula berreskuratzen.
Zergatik gertatzen zaizue hori?
Nik uste dut egoera zail batean zaudenean gertatzen direla halako gauzak. Gauza tekniko-taktiko bat bainoago, burukoa dela uste dut. Denen artean, lanean ari gara hori aldatzeko eta egoera aurrera ateratzeko.
Beste aurkari zuzen baten kontra jokatuko duzue gaur: Valentziaren aurka. Nola lortu hiru puntuak poltsikoratzea?
Haiek guk baino hiru puntu gehiago dituzte, talde ona dira, eta estu hartuko gaituzte. Baina intentsitatez jokatu behar dugu, presioan asmatu, eta buruz buruko jokaldietan nagusitu. Hori egiten badugu, gure aukerak izango ditugu. Hurrengo hilabetea oso garrantzitsua da guretzat egoera iraultzeko; gakoa. Datozen lauzpabost partidetan ahalik eta puntu gehien lortu behar dugu, gero asko gogortuko baitzaigu egutegia, eta gauzak zaildu egingo zaizkigu bestela. Baina baikor gaude.
Nola ari zarete bizitzen egoera, kontuan hartuta ez zaudetela ohituta behean egotera?
Egoera gogorra eta zaila da. Nik Oviedon bizi izan nuen antzeko egoera bat, eta egunerokoan izorratuta zaude. Gainera, kontuan izan denboraldi honetan COVID-19agatik apenas egon gaitezkeela aldagelan, eta hori antzeman egiten da, bertan gauza asko partekatzen baitira.
Lezamatik ateratzean, buelta asko ematen dizkiozu egoerari?
Izugarri. Pentsakorrago eta kezkatuago egoten naiz. Maizago haserretzen naiz, gainera.
Iraia Iturregik jada neurketa batzuk daramatza aulkian. Zer moduz harekin?
Oso ondo. Ondo ari gara lanean. Nahiz eta emaitzetan, beharbada, ez den hainbeste islatu. Baina iritsiko da hori ere. Athleticek ohikoa duen marrazkia eta jokatzeko sistema berreskuratu ditu, eta horrek mesede egiten digu. Gauza gutxiago aldatzen ditu. Gainera, intentsitate handiz lan egiten dugu. Presioan eta aipatutako intentsitatean oinarritzen da gure jokoa. Taldeak hobera egin du, eta aurrerapausoak eman ditu. Baina urrats horiek bizkorrago egin behar ditugu, lehiaketak ez baitu barkatzen
Aurrelarien denboraldiak sartutako golen arabera neurtzen dira. Hogei partidatan hamabi sartu dituzu. Gustura?
Bai. Alde horretatik pozik nago. Zenbaki onak direla uste dut. Baina joko aldetik gehiago eman dezakedala uste dut: paseak, erdiraketak... Hor badut zer hobetua, eta nire ekarpena handiagoa izan daitekeela uste dut.
Azken bi partidetan ezker hegalean jokatu duzu, eta Yulema Corresek aurrelari. Non sentitzen zara ondoen?
Aurrelariak berekoi samarrak gara, eta nahiago izaten dugu aurkariaren atetik ahalik eta gertuen egon. Baina, beharbada, hegaletik gauza gehiago eman diezazkioket taldeari.
Ane Azkona osatu da, zazpi hilabete jokatu ezinik egon eta gero. Golak sartzeko ardura hori partekatzea garrantzitsua izango da zuretzat, ezta?
Lasaitasuna ematen dit, eta, beharbada, presio pixka bat ere kentzen dit. Garrantzitsua da guztiak konfiantzaz egotea.
Taldeko izarretako bat zara. Urte askoan ikusten duzu zeure burua Athleticen?
Oraindik beste sasoi baterako kontratua dut hemen, eta espero dut gehiago izatea. Gustura eta zoriontsu nago hemen.
Lucia Garcia. Athleticeko jokalaria
«Egoera gehiago ez zailtzeko, erabakigarria da hilabete hau»
Athletic ez dago ohituta sailkapenaren behealdeari begira egotera, baina sasoi honetan hala ari da gertatzen. Lucia Garciak onartu du egoera ez dela erraza, baina taldea ondo ari dela lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu