Nola kikilduko da, bada, hotzarekin, Arlonagusian, Ipuruan eta Las Llanasen sarri jokatu duen futbolaria? Ezinezkoa da. Euskal Herriko negua ez da Errusiakoa bezain gogorra —hamalau grado zero azpiko tenperatuta zegoen atzo Moskun—, baina hotz handiarekin jokatzea bezain gaitza izan behar du euripean lokatzez gainezka dauden zelaietan aritzeak. Lasai eta baikor agertu da Gaizka Toquero (Gasteiz, 1984).
Ligan jokatutako azken partida galduta berrekingo dio Athleticek Europan lehiatzeari. Zer moduz dago taldea?
Erronkei aurre egiteko prestatuta egon behar dugu. Lokomotiven aurka emaitza ona lortzea eta dinamika onera bueltatzea da gure helburua. Horrela, aukera ona izango dugu kanporaketa San Mamesen erabakitzeko.
Espainiako Kopan, finalean; ligan, onenen artean egoteko borrokan… Zenbateko garrantzia ematen diozue Europako Ligari?
Guretzat oso lehiaketa garrantzitsua da. Joan den denboraldian lan handia egin genuen sasoi honetan Europan lehiatu ahal izateko. Ligaxka gainditu dugu, eta orain gozatzen jarraitu behar dugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu kanporaketak irabazteko.
Baina ez al dira txapelketa eta erronka gehiegi Athletic moduko talde batentzat? Ez al duzue indar asko gastatuko?
Kopan egin ditugu etxeko lanak. Beraz, hemendik aurrera bi lehiaketatan baino ez gara ariko. Gu ohituta gaude aste barruan jokatzera. Kopan ondo egin ditugu gauzak, eta Europan ere antzeko lana egiteko itxaropena daukagu.
Zer dakizue Lokomotivi buruz? Ezagutzen al duzu hurrengo aurkaria?
Informazioa pilatzen ari gara. Aurkaria ezagutzen dugu, baina orain ari gara neurketa behar den moduan prestatzen.
Errusiarrek ez dute partida ofizialik jokatu aspaldian. Horrek mesede egingo dio Athletici?
Nik uste dut baietz. Guk ez dugu atsedenik izan, baina ez dut uste kaltegarria denik. Taldea dinamika onean dago, eta hori baliatu egin behar dugu. Hasiera-hasieratik erritmo bizia jartzen ahalegindu behar dugu.
Hotzak baldintzatutako norgehiagoka izango da. Zeroz azpitik 15 gradu dituzuela jokatu beharko duzue. Kezka sortzen al du horrek?
Nik sekula ez dut jokatu horrenbesteko hotzarekin. Dena dela, hotza bi taldeentzat izango da berbera. Beraz, ez diogu aparteko garrantzirik eman behar horri. Horrelako kontuak alde batera utzi eta emaitza ona lortzen ahalegindu behar dugu.
Gaur egun informazio asko daukazue eta errazagoa da horrelako arazoei konponbidea aurkitzea: arropa bereziak, eskuak eta oinak berotzeko adabakiak… Ondo prestatuta abiatu zarete Moskura.
Ondo prestatu gara, bai. Hotzak ez du aitzakia izan behar. Ez da arazorik egongo.
Zuretzat hotza edo euria da txarragoa futbolean jokatzeko?
Ez dakit zer esan. Errusian izango dugun hotzarekin ez dut sekula jokatu. Ezerosoa izan behar du. Baina euripean jokatzea ere ez da erraza izaten.
Luzhniki futbol zelaian belar artifizialaren gainean jokatu beharko duzue. Ondo moldatzen al zara horrelako zelaietan?
Egungo belar artifizialeko zelaiak onak dira oso. Young Boysen eta Tromsoren kontra ere belar artifizialean jokatu genuen, eta ondo moldatu ginen. Ez dugu arazorik izango. Belar artifiziala, elurra, hotza… berdin zaigu zer aurkituko dugun. Gure asmoa irabaztea da.
Zer izango litzateke emaitza onbat?
Eskatzen hasita, neurketa aurkariak golik sartu gabe irabaztea izango litzateke onena. Zaila izango da asmoa lortzea.
Old Trafford futbol zelaian jokatzeko aukera gertu ikusten da, baina, era berean, urrun. Jokalariok amets egiten al duzue Ametsen antzokian jokatzearekin?
Amets egitea debaldekoa da. Hala ere, guk ezin dugu aurrera begiratu. Orain beste lan batzuk ditugu.
Lokomotiven aurka jokatzeko itxaropenik badaukazu?
Nik beti daukat itxaropena. Baina ez dago nire esku.
Denboraldi honetan 33 norgehiagoka jokatu dituzu. Partida asko dira, baina jokatutako denbora ez da hainbestekoa izan. Ez daukazu protagonismo handirik taldean. Gustura zaude?
Gustura nago. Bistan da joan den denboraldian baino gutxiago jokatzen dudala. Orain beste lan bat egitea egokitzen zait, baina lan berri horrekin ere oso gustura nago.
Zelaian gutxiago ikusten zaitugu, baina ez duzu jarraitzaileen babesa galdu. Aukera duten bakoitzean argi eta garbi erakusten dute zein den euren lehendakaria.
Eskertzekoa da haien laguntza. Profesional batentzat, ederra izateaz gain, oso da garrantzitsua. Ea luzaroan jarraitzen duten orain arteko babesa eskaintzen.
Laugarren sasoia ari zara betetzen Athleticen, eta tarte horretan birritan sailkatu da taldea Kopako finalerako, beste birritan jokatu du Europan… Oso urte onak ari zara ezagutzen.
Ezin naiz kexatu. Athleticen jokatzen hasi baino sei hilabete lehenago, Bigarren B Mailan ari nintzen jokatzen. Atera kontuak.
Taldekide askok esan dute oraindik belaunaldi honen onena etortzeko dagoela. Ados zaude?
Bai. Talde gaztea daukagu. Etorkizun zoriontsua espero dugu.
Gaizka Toquero. Athleticeko jokalaria
«Egingo duen hotza eta zelai artifiziala ez dira aitzakia izango»
Bielsarekin Caparrosekin baino gutxiago jokatu arren, «pozik» dago Gaizka Toquero. Aurrelaria biharko partidaren baldintzekin baino kezkatuago dago Lokomotivekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu