Odei Jainaga. Xabalina jaurtitzailea

«Egindakoarekin pozik nago, baina ez erabat asebeteta»

Atleta eibartarrak Espainiako xabalina jaurtiketako errekor berria ezarri du: 81,90 metro. Halere, uste du oraindik urrunago jaurtitzeko gai dela. Tokioko Olinpiar Jokoak ditu jomugan.

BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Zortzi urte zituela murgildu zen atletismo mundura Odei Jainaga (Eibar, Gipuzkoa, 1997), eta ez da inolaz ere damutzen. Apurka-apurka haziz joan da, harik eta xabalina jaurtiketan goi mailako atleta bilakatu den arte. Garai gozoa bizitzen ari da, Espainiako xabalina jaurtiketako errekor berria ezarri baitzuen bigarrenez, duela astebete, Leonen (Espainia).

Larunbatean egin zenuen lorpenetik aste bat baino gehiago igaro da, baina oraindik buruan ondo gordeta izango duzu egin zenuen balentria, ezta?

Lehenago edo geroago banekien iritsiko zela. Egindakoa lorpen handia izan da niretzat, baina ez nago konforme; uste dut gai naizela urrunago jaurtitzeko. 85 metrora iritsiko banintz, orduan bai jarriko nintzatekeela pozik. Horretarako, gauza asko hartu behar dira kontuan: haizea, teknika, abiadura... gutxirekin ez baita nahikoa. Laburbilduz, jaurtiketa perfektua aurkitu behar duzu.

Denbora asko pasatu duzuerrekorra hausteko saiakeran, ezta?

Bai, baina errekorra hausteko benetako aukerak ez ditut izan orain arte. Ez nengoen egoera onenean marka egiteko, egun gorabeheratsuak izan baititut: Nafarroan jokatu nuen txapelketan, esaterako, oso gaizki aritu nintzen, baina laugarren jaurtiketan, 80 metrora iristea lortu nuen. Ezusteko galanta hartu nuen. Handik gutxira, Leonen (Espainia) izan nintzen, eta sentsazio eta teknika onak berreskuratu nituen.

Eguna iritsi aurretik, giharrek lan handia eman zizuten.

Astelehenean, uzkurtua izan nuen bizkarreko ezkerraldean; eta asteartean, berriz, eskuinaldean. Hurrengo egunean, minez ibili nintzen, eta ez neukan txapelketa jokatzeko gogorik ere. Masaje emaileari esker, giharrak apur bat lasaitu nituen, eta larunbatean minik ez nuen sentitu ere egin.

Egin zenuen beroketa saioa, gainera, ez zen edozer izan. Gustura geratu zinen?

Saialdi batean 76 metrora jaurti nuen; beroketa batean sekula ez nuen hain urrutira jaurti xabalina. Seinale bat izan zen hori.

Laugarren ahaleginean hautsi zenuen marka. Jaurti orduko,bazenekien ondo zihoala xabalina?

Xabalina jaurti nuenean eskuak burura eraman, eta ingurura begiratu nuen, banekielako oso ondo zihoala: zuzen, indartsu eta angelu onarekin. Agian, haize apurraren falta izan nuen aurka, planeatzeko. Izan ere, behin xabalinak indarra galdu zuenean, bertikalki erori zen. Segituan, epailearen onespenaren zain geratu nintzen.

Pare bat aldiz neurtu ostean, 81 metro eta 90 zentimetroan geratu zen errekorra —Aurretik Manu Quijerak zuen ezarria—. Zer sentitu zenuen?

Aurretik nuen arantza kentzea lortu dut. Beste bi aukera izan nituen marka hobetzeko, baina atletok ondo dakigu egun berean oso zaila dela bi aldiz marka hobetzea.

Zerorrek ezarritako errekorra hobetzeko lehen saiakera Euskadiko Txapelketan izan zenuen, baina ez zenuen lortu. Noiz izango duzu hurrengo aukera?

Irailaren 6an ligako finala izango dut; eta hilaren 13an, berriz, Espainiako Txapelketa. Lehiaketa horietan dena ematera joango naiz, eta ea marka hobetzeko gai naizen. Halere, aurkari gogorra izango dut, besteak beste, Manu Quijera. Goi mailan hiru euskal herritar gaude: Manu eta Nico Quijera anaiak, eta neu. Aurkariak izan arren, lagunak gara.

Kirolari orok dute Olinpar Jokoetan parte hartzeko nahia. Zuk ere bai?

Nahia baino gehiago helburua daukat. Nire ibilbide profesionalean gainditu behar dudan oztopo handi bat da. Hurrengo urtea Tokioko Jokoetarako bideratuko dut, eta ea gorputzak ondo erantzuten didan.

Tokiora joateko gutxiengo marka 85 metrokoa da; bestela, rankingaren arabera hautatuko zaituztete. Jokoetan sailkatzeko gai ikusten duzu zeure burua?

Noski, bestela helburu hori ez nuen ezarriko inondik inora. Helburuak nire gaitasunaren arabera jartzen ditut. Alferrik da zenbaki handietan pentsatzea; hankak beti lurrean izan behar dituzu.

Koronabirusak eragin duen osasun krisiaren ondorioz, oztopoak izan dituzu atleta gisa gehiago hazteko?

Ezohiko egoera horretatik kaltetua atera naiz, baina beste kirolariekin alderatuz, konfinamendua hobeto igaro ahal izan dut. Izan ere, entrenatzeko eta nire sasoia mantentzeko oztoporik ez dut izan. Bestalde, aitortu behar dut pandemiak kalte baino gehiago mesede egin didala. Jokoak atzeratu egin dira, eta, beraz, denbora gehiago daukat prestaketa lana egiteko. Aurten egingo baziren, zailagoa izan nuen sartzea. Egia esan, bere alde ona izan du.

Aurtengo denboraldira arte lesioen zurrunbiloan atera ezinik ibili zara. Nolatan?

Zorte txarra topatu dut bidean. Nire gorputzak pasara handiak hartu ditu, eta, horren ondorioz, lesioak sarritan izan ditut. Agian, gazteagoa nintzenez, formakuntza prozesuan nengoen, eta artikulazioak gehiago sufritzen dute. Apurka-apurka tendoiak eta hezurrak sendotuz joan zaizkit. Oraingoz, oso pozik nago, lesio larririk ez baitut izan, eta eskertzekoa da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.