Izei Permach. Zubileta Evolution Zuazoko jokalaria

«Egindako lan onaren fruituak jasotzeko, pauso bat ematea falta zaigu»

Europako Txapelketarengatik izandako etenaren ostean, larunbatean itzuliko da Espainiako Ohorezko Maila. Zuazok Gijonen kontra jokatuko du. Permachek dio lan «ona» egin dutela etenean eta «gogoz» daudela.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Bigarren denboraldia du Izei Permachek Zuazon (Zarautz, Gipuzkoa, 1999). «Gustura» dago. «Hasieran pixka bat galduta nengoen, baina oso eskertuta nago eman didaten konfiantzarekin».

Europako Txapelketa dela-eta izandako etena nola joan da?

Egia esan etena behar genuen, fisikoki taldea nahiko kargatua zegoelako. Bi asteko oporraldia izan genuen, eta azken bietan, berriz, gogor egon gara entrenatzen. Bi lagunarteko jokatu ditugu, Gijonen eta Bera Beraren kontra. Gijonen kontrakoan kostatu egin zitzaigun partidan sartzea. Goizez jokatu genuen neurketa, eta ez gaude horretara ohituta. Baina gero ondo aritu ginen. Bera Beraren kontra ere itxura ona eman genuen.

Halako etenak hobetzeko ere baliatzen dira. Zertan jarri duzue arreta?

Beti daude tekniko-taktikoki konpontzeko gauzak. Baina, hortik harago, arretan eta irmotasunean hobetu behar dugu, partidetako momentu jakin batzuetan sartuago egoteko. Hori landu dugu. Gainontzean, uste dut talde txukuna dugula, eta ondo ari garela lanean. Azken pauso txiki bat falta zaigu, partidak erabaki eta egiten ari garen lanaren fruituak jasotzeko. Izan ere, aurreko sasoian bezala, ikusleentzat eta jokatzen dugunontzat erakargarria den jokoa egiten ari gara.

Garaipen bat, bi berdinketa eta hiru porrot pilatu dituzue. Irmotasun eta arreta falta puntual horiengatik galdu dituzue partida horietako batzuk?

Bai. Askotan segundo gutxi batzuen kontua izaten da, gainera. Baina goi mailan ordaindu egiten da. Adibidez, berdindu ditugun bi norgehiagokak irabazteko modukoak ziren. Aurreko denboraldian antzekoa gertatu zitzaigun.

Taldea gaztea izateak badu eraginik horretan?

Alde batetik bai. Baina taldeak baditu eskarmentua duten jokalariak ere. Uste dut gehiago dela izaera kontua, eta alde horretatik agian falta zaiguna da irmotasun handia duen jokalari bat. Baina, aldi berean, denon lana da hori, eta talde gisa eman behar dugu aurrerapausoa alor horretan.

Puntu aldetik espero zenuten tokian zaudete?

Liga hasiera nahiko gogorra izan genuen, lehen hilabetean Ro'Casaren eta Malagaren aurka jokatu behar izan genuelako, ligako bi talde indartsuenetakoak. Partida horiek galtzea normala izan daiteke. Baina Porriñoren eta Granollersen aurkako partidekin minduta amaitu genuen. Nor baino nor gehiago aritu ginen haien kontra, baina ez genuen asmatu irabazten. Elxen kontrako berdinketa justua izan zen, eta Logroñoren kontrako garaipenak konfiantza handia eman zigun. Hasiera zailari buelta ematen ari gara, eta datozen hiru partidak oso garrantzitsuak izango dira hori berresteko. Izan ere, gure pare ari diren hiru talde izango ditugu aurrean: Gijon, Beti Onak eta Aula Valladolid. Aurkariak gutxietsi gabe, irabazteko moduko partidak direla uste dut.

Horiek irabazia, eta orain arte baino apur bat erregularragoak izanda, posible ikusten duzu sasoi amaieran titulurako kanporaketak jokatzea?

Bai, erregularrak izanez gero, aukera izan dezakegu borroka horretan egoteko.

Aurreko denboraldian iritsi zinen Barakaldora, eta jada jokalari garrantzitsua zara taldean. Gustura egongo zara, ezta?

Nahiko hasiera zaila izan nuen, lagunarteko lehen partidan min hartu nuelako. Urrira arte ezin izan nuen jokatu. Baina, behin osatuta, Josebak [Rodriguez, Haito entrenatzailea] konfiantza handia eman zidan. Asko jokatu dut, eta taldean rol garrantzitsua nuela sentiarazi dit. Zorte handia izan dut hona etortzeagatik. Oso gustura nago hemen. Horrek guztiak jokalari moduan hazten lagundu dit. Hona etorri nintzenean ahulgune nagusia erasoan nuen. Konfiantza falta nuen, eta hemen asko ikasi dut.

Pibotea postu gogorra da, are gehiago goi mailan. Ez zen erraza izango egokitzea, ezta?

Bai, sekulako saltoa dago: indarrean, potentzian, mugimenduetan, intentsitatean.... Alde handia sumatu nuen, batez ere erasoan. Ez da batere erraza zuloak topatzea. Hasieran zertxobait galduta nengoen. Baina pixkanaka ohituz joan naiz. Gainera, azken partidetan, lesioak tarteko, ia minutu guztiak jokatu ditut. Fisikoki gogorra egiten da. Baina asko jokatzeak hobetzen laguntzen dizu, eta alde horretatik oso gustura nago. Iritsi nintzenetik aurrerapauso handia eman dut. Zuazo lekurik egokiena da horretan segitzeko, eta, hain taldea gaztea izanda, egiten ari garenak meritu handia du.

Gipuzkoarra izanda, gustatuko litzaizuke egunen batean Bera Beran jokatzea?

Nik gustuko dudalako jokatu izan dut eskubaloian. Sekula ez nuen pentsatu Zarauztik irtengo nintzenik beste talde batera jokatzera, are gutxiago goi mailan. Zuazok horretarako aukera hori eman zidan, eta oso eskertuta nago. Gauzak ondo, ez dut neure burua beste toki batean imajinatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.