Naiara Diezek (Altsasu, Nafarroa, 1987) agurraren jaurtiketa ezustean egin zuen herenegun. Saskiratze garbia izan zen: «Banoa». Agurrarekin ez da ibili saskian sartu nahi ez duen baloia bezala: «Asko pentsatu dut». Euskal Herriko saskibaloiaren erreferenteetako bat pistetatik urrundu da. Makina bat gauza ikasita, eta ikasgai horietatik irakaspenak aterata. Nagusien berri eman du solasaldi honetan. Lointek Gernikako kapitain onaren arrasto sakona geratuko da taldean, eta taldekideek marraztua dute bidearen zati bat. Gaur bertan jarrai dezakete marrazten, Kanaria Handiaren aurkako partidan (20:00).
Zergatik utzi duzu?
Utzi dut, eta hori da garrantzitsuena; arrazoia, ez hainbeste.
Kolpetik utzi behar.
Asko pentsatu dut, eta uste dut hau dela garairik onena, arrazoi askogatik.
Azkeneko partidan ez zenuen uste azkena izango zenik.
Nire ibilbidea uzteko egoera zaila izan da. Estudiantesen pistan jokatu nuen azkeneko partida, otsailaren 14an, eta orduan ez nekien azkena izango zela, gero etorri zelako COVID-19arena. Positibo bat ni izan nintzen. Baina horrela etorri da.
Zalerik gabeko agurra, gainera.
Badakit nola bizi garen orain, eta azkeneko egunak itxialdian pasatu behar izan ditut. Alferrik da pentsatzea honela edo horrela izan balitz... Horrela tokatu da, eta aurrera. Malostera joango naiz, eta badakit agurra egingo didatela egunen batean. Beti izango da nire etxea.
Zuk erabaki duzu uztea. Zenbateko balioa du horrek?
Handia. Polita da aukera horren jabe izatea. Hainbat jokalarik utzi egin behar izan dute, lesioengatik, adibidez. Niretzat ohore bat da erabaki dudanean uztea.
Kezkatzen zaitu egunerokoan hainbeste leku hartu dizun kirola utzi ondoren egon daitekeen hutsuneak?
Ez. Denbora asko daramat agurra prestatzen. 34 urte ditut, eta dezente dira. 18 urterekin hasi nintzen profesionaletan, eta tarte horretan, gorputza aldatu egiten da. Lan asko egin dut agurra ahalik eta normalena izateko, eta ikusteko nolako bizimodua izango dudan hemendik aurrera. Mezu asko eta berotasun handia jaso dut, eta eskertuta nago. Beteta sentitzen naiz.
Taldekideei jakinaraztea izan da zailena?
Ez dakit. Haiek egon dira beti nire alboan, eta horregatik esan nien lehendabizi. Penaz hartu zuten, baina ulertu dute erabakia. Badakite alboan izango nautela hemendik aurrera ere, eta eutsiko diogu adiskidetasunari. Taldeko kide sentitzen naiz oraindik, eta hala izaten laguntzen didate, ez didatelako uzten uzten. Pozgarria da hori.
Nola hasi zinen saskibaloian?
Aita saskibaloi epailea zen, eta Altsasuko eskolan hasi nintzen, zazpi urterekin. Beti sentitu izan naiz harro altsasuarra izateagatik. 16 urte bete nituenean, Ardoira joan nintzen jokatzera.
Noiz konturatu zinen elitera irits zintezkeela?
Ia ez nintzen konturatu. Lagunekin jokatzen nuen Altsasun, eta gero, Ardoin, maila handiago batekin egin nuen topo. 18 urterekin, junior mailako Espainiako Txapelketa jokatu ondoren, Alex Cebrian Mann Filter taldeko entrenatzaileak deitu zidan, Zaragozara joateko jokatzera. Orduan hasi nintzen jabetzen ibilbide baten hasiera izan zitekeela. Eskerrak eman nahi dizkiot Alexi, aukera emateagatik profesionaletara gerturatzeko.
18 urte, etxetik atera beharra, lagunak eta familia utzita...
Familiari eskerrak eman behar dizkiot, asko lagundu zidatelako. Etxetik bi urte lehenago atera nintzen, 16rekin, Ardoin nengoenean Iruñean bizi nintzelako, bakarrik. Ez zen erraza izan, baina niretzat onuragarria izan zen, etxetik ateratzean konturatzen delako bat nolako baliabideak dituen barren-barrenean. Estutasunetan aurrera ateratzen ikasten da. Gero, lau urte egin nituen Zaragozan jokatzen.
Etxera itzuli zinen gero, Iruñera, Obenasa taldera. Porrot egin zuen talde horrek. Esperientzia gogorra.
Oso ondo hasi zen, Bigarren Mailatik Lehenengora igo egin ginelako aurreneko denboraldian. Jokalari asko itzuli ginen etxera, Maria Asurmendi-eta. Lau urte pasatu ondoren, estutasun ekonomikoak handiak zirelako, kluba itxi behar izan zen. Etxean jokatzea ederra izan zen, baina hortik atera beharra izan genuen.
Etxea edonon aurki daitekeenez, Gernikan aurkitu zenuen beste bat. Ia zortzi denboraldi egin dituzu.
Altsasu eta gero, Gernika da nire etxea. Beti esaten diot jendeari gernikar bat gehiago naizela. Hemengo euskara ere ikasi dut [mendebaldeko euskalkia asko erabiltzen du], eta eskertzekoa da nolako berotasuna eta gertutasuna eskaini didaten gernikarrek. Bizitza herrian egin izan dut, eta saiatu izan naiz herri barruan sartzen. Ez da zaila izan; asko erraztu didate, eta haiek bezala hitz egitea nire omenalditxoa da gernikarrentzat.
Zure estatistikak maila gorenean: 385 partida, 1.731 puntu eta 6.009 minutu. Baina ez omen zara zenbakien oso zalea.
Ez ditut begiratu ere egin estatistikak inoiz. Taldearenak, bai, baina bakarkakoak, ez. Estatistika onena da buruan gorde izan dudana partida bat jokatu eta gero. Datuak garrantzitsuak dira jendearentzat, entrenatzailearentzat edo hedabideentzat, baina nik aparte utzi izan ditut beti. Norberak daki zein izan diren partida batean egindako gauza onak eta txarrak, eta datuek gauza batzuen berri ematen dute bakarrik. Lagun batek esan zidan bezala, estatistikak bikinia bezalakoak dira: gauzak erakusten dituzte, baina ezkutuan ere uzten dituzte gauza garrantzitsu batzuk.
Emaitzak, batetik, eta egindako bidea, bestetik?
Balioa bideari ematen diot, eta agurreko eskutitzean horren berri ematea nahi nuen. Zenbakiak hor daude; ezin dira ezkutatu, eta klubak herenegun atera zituenean, pentsatu nuen gauza handiak egin ditudala. Baina atzera begiratzen badut, ikusten dudana da uneak, bizipenak, taldekideak, lagun bihurtu zaizkidan aurkariak, eta abar. Mezu asko ari naiz jasotzen, eta hori dena da garrantzitsuena niretzat, zenbakiak alde batera utzita. Kirol emaitza onak baditut, baina betiko geratzen direnak dira pertsonak, bizi izandako uneak, harremanak, bidaiak, garai txarretan zein egon diren alboan, eta abar. Saskibaloiak eman dit hori guztia edukitzeko aukera, horko munduak, eta horrek eman dizkit nire bizitzako gauzarik garrantzitsuenak.
Kanpotik begiratuta, idilikoa ematen du kirol profesionalak. Baina garai txarrak ere badira.
Badaude, eta asko. Ez da erraza profesional gisa mantentzea eta ibilbide sendoa egitea. Kanpotik polita ematen du, baina, emakumezkoen kirolean batez ere, hobetzeko gauzak daude, eta hedabideen laguntza ezinbestekoa da emakumeen kirola sustatzeko. Belaunaldi berriek aurrera egin behar dute, baina ez da erraza. Une asko bizi behar dituzu familiarengandik urrun, eta etxetik kanpo; lagunek planak egiten dituzte, eta zu ez zaude, partida duzulako ez dakit non; une garrantzitsuak galtzen dira, eta, nire kasuan, lagunen haur jaioberriak jaio eta bi hilabetera ezagutu izan ditut batzuk. Zailak dira gauza horiek. Lesioak ere ez dira gozoak. Baina onak eta txarrak elkarren parean jarriz gero, onak gehiago dira. Bestelakoan, hedabideetan ateratzen gara, baina, gure kasuan, denboraldia bukatzen da, eta beste lanbide batera doa jokalaria, edo langabezira. Jokatzen dugun aldian bakarrik. kobratzen dugu. Ez gara profesionalak apiriletik abuztua edo iraila artean, eta horrelako egoerak gainditzeko, aurrerapauso handiak eman behar ditugu. Jendeak jakin egin behar du polita dela, baina beste alderdia ere badu.
Zuk lan egin izan duzu liga amaitzean?
Bai. Soroslea naiz, eta horretan aritu izan naiz liga bat bukatu eta bestea hasi artean. Monitorea ere banaiz, eta igeriketa ikastaroak eman izan ditut. Saskibaloiaren barruan, Euskadiko selekzioarekin kontzentrazioak egin izan dira udan, eta horietan ere ibili izan naiz. Horrela egin ditut IDK eta Araskiko lagunak, beste batzuen artean. Eskertzekoa da udan selekzioaren partidak jokatzea, lagunartean udan partidak jokatzea.
Partida ofizialak ez, oraingoz.
Espero dut belaunaldi berriek aukera izatea horretarako. Gutxinaka, lor daiteke.
Emakumezkoen kirola: non geunden, non gaude, eta non egongo gara?
Hasi nintzenean, hedabideetan lauki txiki batean azaltzen zen gure partidetako emaitza, eta talde profesionalez ari naiz. «Egunkarian atera gara!», esaten genuen. Gaur egun, azaletan lekua ematen digute, baina erronka handi bat dugunean: finaletan, Europako partida garrantzitsu bat dugunean, eta abar. Hori akatsa da. Azaletan azaltzeko, emaitza onak lortu behar ditugu. Espero dut hori aldatzea. Ikusgaitasuna handia da orain, baina lanean segitu behar dugu berdintasunari nolabaiteko normaltasuna emateko. Alde handia dago gizonezkoen eta emakumezkoen kirolaren artean, baliabideei dagokienez, hedabideen tratamenduan, eta abar. Normalizazio hori etxeko hezkuntzatik dator, eta umeek telebistan ikusten badute emakumezkoen kirola, normaltasunez biziko dute emakumezkoen kirola. Behin, San Mamesen, Athleticen partida bat ikusten, aurrean haurrak neuzkan, 10-12 urtekoak, eta batek esan zion besteari Ainhoa Tirapuri begiratzeko, ikas zezan baloiak nola geratu. Emakumezko kirolariak erreferenteak izatea normala izan beharko litzateke. Beste behin, igeriketa ikastaro batean, ume batek esan zidan Mireia Belmonte bezalakoa izan nahi zuela. Lan handia dago bide horretan egiteko.
Nolakoa da emakumezkoen saskibaloiaren geroa Euskal Herrian?
Zoriondu egin behar ditut Lehen Mailako hiru taldeak: Araski, IDK eta Gernika. Oso-oso zaila da Lehen Mailan jarraitzea. Gauzak oso ondo egiten ari dira, eta, gure saskibaloiak etorkizun ona izan dezan, hori zaindu egin behar dugu; bestela Obenasarena gerta daiteke eta. Jakitun egon behar dugu hiru talde hain goian egoteak zer-nolako garrantzia duen gizartearentzat. Osasun bikaina du euskal saskibaloiak. Hiru taldeak animatzen egongo naiz harmailetan.
Emango aholku bat saskibaloian hasi den haurrari?
Niretzat ez ditudan aholkuak! [barrezka]. Norberak bere ibilbidean ikasi behar du; balioak, adibidez. Alboan erreferente asko izan ditut: gurasoak, taldekideak, kapitain izan ditudanak... Jokalari eta pertsona bikain asko izan ditut alboan. Gozatu egin dut jokatzen. Umiltasuna eta lana izan ditut zutabe. Taldekide ona izan behar da: hori da garrantzitsuena, eta zaindu egin behar da balio hori. Zu erortzen bazara, taldekideek lagunduko zaituzte, eta alderantziz. Talde gisa jokatuta, oso zaila da hori haustea. Egoera pertsonal txarretan ere taldekideak hor egoten dira. Zure familia dira, eta zaindu egin behar dira. Denbora azkar pasatzen da: gogoan dut lehen eguna, eta agurtzen ari naiz orain. Oso azkar igarotzen da kirol ibilbidea.
Itzuliko zara saskibaloira?
Agurreko gutunean esan dut jarraitu egingo dudala zerbaitetan. Ez dut pentsatu zertan: izan daiteke entrenatzaile, izan daiteke zuzendaritzaren batean... Saskibaloia nire bizimodua da, eta ahalik eta gehien lagunduko dut.
Naiara Diez. Saskibaloi jokalari ohia
«Egindako bideari ematen diot balioa»
Kirolariak iritsi, ibili eta joan egiten dira. Batzuek, etorri, ikusi eta irabazi egiten dute. Naiara Diezek hamasei urte egin ditu maila gorenean, eta ez du ahaztuko ibilbidean bizi izandako guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu