Festen azken egunean, egitarautik at zegoen gertakari batek piztu zuen festarako grina Errenterian (Gipuzkoa). Emakume arraunlari talde batek eta bandera batek: Hibaikak, eta irabazi berri zuen Euskadiko txapelketak. Herenegun arratsaldea berezia izan zen herrian, eta arraunlariak aurreneko aldiz igo ziren garaipen hori ospatzera udaletxera. Balkoian, protagonistak, eta, behean, herritarrak. «Eliri tokatu zitzaion hitz egitea», gogoratu dio Leire Alcalak (Errenteria, 1990) Eli Pescador taldekideari (Errenteria, 1982). Hark balkoian esandako hitzak esan ditu berriz: «Herritarrei esan nien sari handiena ez dela bandera, baizik eta beraiek gure zain egotea eta Hibaikaren alde horrela egitea».
Berriz elkartu dira bi arraunlariak garaipenetik 24 ordura. Erreferentzia dira taldean, hasieratik daudelako: «2012an atera ginen aurreneko aldiz, eta gaur arte». Bidean, Gipuzkoako Liga irabazi dute, hainbat estropada ere bai, eta Kontxako Bandera lortzear ere izanak dira. Biek onartu dute herenegungoa ez dela izan garaipenik handiena: «Hibaikak irabazi zuen lehen bandera oso berezia izan zen, Gipuzkoako Ligan, Hondarribian. Urteetako lanaren fruitua azaltzen hasi zen, eta aurrenekoa izateak aparteko balioa ematen dio», kontatu du Pescadorrek. Alcalak gehitu dio berea: «2013an, lehen aldiz Euskotren ligan sartzea handia izan zen, eta baita Kontxarako aurreneko aldiz sailkatzea ere. Hala ere, irabazi ez ditugun estropadekin oroitzen naiz gehiago, oso lehiatuak izan zirelako. Irabazi gabe ere bizi daitezke une onak».
Seigarren urtea du Hibaikako traineruak lehian, eta denetarik bizi eta sufritu izan dute bi arraunlariek ibilbide horretan. Atzera begira jarri dira, eta biei joan zaie burua hasierara: «Berri-berriak ginen, eta puntan zebiltzan beste batzuk. Orain, gu gaude goian, eta orduan pentsatu ere ez genuen egiten hala izango zenik. Niretzat, sekulako balioa dauka ikustea hasierako egitasmo hartan jarraitzen dugula», azaldu du Alcalak. Hasierako komeriekin oroitu da Pescador: «Gizonezkoen taldea eta gurea zeudenez, entrenatzaileen ontzi motordun bakarra partekatu egin behar izaten genuen. Trainerua eramateko karroa ere bakarra genuen, eta trainerua ere bai. Beste talde batzuei eskatuta egin genuen aurrera».
Baldintza horietan hasitako bideak beste itxura bat dauka orain, Alcalak azaldu duenez: «Orain, kluba hazi egin da baliabideetan, eta eskura dauzkagu lehen ez genituen gauzak». Pescadorrek ildo beretik jo du: «Hasierako eta geroko urte haietan egindako lanari esker, kluba hazi egin da alor askotan, eta konturatzen ari naiz aro hau gure bizitzako une garrantzitsuetako bat dela dagoeneko». Biek bat egin dute baieztapen honetan: «Ezer ez zegoen tokitik sortu dugu Hibaika trainerua, eta hori da handiena. Harrobia ere handia dugu orain emakumezkoetan. Hori ikustea sekulakoa da».
«Konfiantza emango digu»
Euskadiko txapelketa irabazi izana une horien barruan egongo da, eta, orain, gehiago nahi dute Hibaikakoek. Izan daiteke zerbaiten hasiera Lekeitioko garaipena: «Balio izan digu ikusteko gu ere gai garela itsaso txarrarekin irabazteko. Konfiantza emango digu», esan du Alcalak. «Emaitza onak izaten dute bultzada, eta, ez badiogu ere inori ezer erakutsi behar, taldearentzat oso baliagarria izango da txapelketa irabaztea», gehitu du Pescadorrek.
Gustatuko litzaieke gehiagotan igotzea udaletxera banderekin. Udaren joanak esango du aukera hori duten edo ez. Bitartean, festetan segitzen du Hibaikak, Errenteriako festak bukatu badira ere. Hori bai, Alcalak eta Pescadorrek azaldu duten bezala, emaitzez harago begiratuz, banderarik gabe ere garaipen handi askoak badaude.
Egindako bideari bandera
Leire Alcala eta Eli Pescador Hibaikan ari dira 2012tik, trainerua uretan denetik. Euskadiko txapelketa lehen aldiz irabazita, urteotako lanari eman diote balioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu