Oriok ez du nahi bezain ondo hasi Euskotren liga. Denboraldira ahalik eta indartsuen iristeko, gogotik lan egin dute neguan, baina ez dituzte emaitza onenak lortu. Gipuzkoako Txapelketan, Donostiarrak hartu zien aurre, eta berdin gertatu zitzaien Euskadiko Txapelketan. Aurreko asteburuan jokatu zen Coruñako banderan ere ez ziren fin aritu. Laugarren postuan amaitu zuten estropada, nahiz eta baldintza klimatologikoak izan ziren emaitza hori lortzearen arrazoi nagusia.
Hasiera petral horrek ez dio beldurrik ematen Itsaso Azkonobietari (Orio, Gipuzkoa, 1997). Eskarmentu handiko arraunlaria da Azkonobieta; bederatzigarren denboraldia egingo du Euskotren ligan. Badaki ez daudela garairik onenean, baina «seguru» dago hoberantz egingo dutela.
Martxan jartzea kostatzen ari zaizue?
Gu martxan jarri gara, baina badakigu aurten emakumeen arraunak salto garrantzitsu bat eman duela. Aurkariak oso presente daude, eta, gu martxan jarri garen moduan, besteak ere prest daude. Horrela ikusi da azken hilabetean. Emaitzak hobetzen saiatuko gara, eta lanean jarraituko dugu: ez dago besterik.
Zer falta zaio taldeari emaitzak lortzeko?
Estropada bat irabaztea ez da bakarrik taldearen kontua. Badakigu gauzak hobetzeko dauzkagula, eta horretan gaude egunero. Baina, beste alde batetik, zorte kontua dago. Ingurune natural batean arraun egiteak hori dakar, eta ez dago gure esku.
Espero zenuten egoera hau denboraldi hasieran?
Egia esan, ez dut larritasunik nabaritzen taldean. Coruñan laugarren gelditu ginen, nahiz eta diferentziak txikiak izan ziren lehenengo lau traineruen artean. Horrek lasaitu egin gintuen. Pena izan zen gorago ez egotea, baina gu estropadaz estropada joango gara. Asteburu honetakoak ahalik eta ondoena prestatuko ditugu, eta emaitza onena lortzen saiatuko gara hasieratik.
Prest ikusten duzu taldea egoerari buelta emateko?
Taldea indartsu ikusten dut, zalantzarik gabe. Gainera, horrelako egoeretatik ondo ateratzen dakiten arraunlariak gara. Esperientzia handiko jendea dago taldean, eta ez dut nabari egoerari buelta emateko estutasun puntu hori.
Asteburu hau izan daiteke aldaketa hori lortzeko unea?
Asteburu bakoitza ahalik eta ondoena prestatzen saiatuko gara, eta laugarren postu hori gainditzera joango gara. Asteburu honetan badakigu aurkariak gertu izango ditugula borrokan, baina ez diegu ezer oparituko. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Bi txanda egoteak aldaketa asko ekarriko ditu, ezta?
Halaxe da. Dantza izango da goiko postuetan, zalantzarik gabe. Ez dut uste lau postu finkatuko direnik, taldeak ez baitaude berdin asteburuero. Gainera, leku bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Bi txandek aldaketak sortuko dituzte postuetan, eta lehia egongo da goiko eta beheko tokietan aurretik aipatutako faktoreengatik.
Denboraldi hasieratik ikusi da puntuak garesti daudela. Lehen jaitsieretan, postu oso desberdinak lortu genituen, eta denboraldiko lehen banderetan baieztatu da. Lehia bizia izango da, eta punta-puntako arrauna ikusiko dugula pentsatzen dut.
Arrauna. Itsaso Azkonobieta. Orioko arraunlaria
«Egia esan, ez dut larritasunik nabaritzen talde barruan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu