Beldurraren beldurrez, teklarik errazena sakatu dute Alaveseko agintariek: entrenatzailez aldatzea. Luis Garcia Plazak atzo esan zuen agur, malko artean, astelehenean kargugabetua izan eta gero. Eta gaur, haren ordezkoari, Eduardo Coudeti egokitu zaio mikrofonoen aurrean hitz egitea. Erritmo frenetikoan egin ditu azken egunak: astelehenean Buenos Airestik atera zen, eta atzo, Gasteizera iritsi berritan, lehen lan saioa egin zuen jokalariekin. Kazetarien aurrean agertu da gaur, eta azaldu du «oso pozik» dagoela Alavesek eskainitako aukerarekin. «Erronka» hitza erabili du berak. Denboraldi bakarrerako sinatu du, eta beste sasoi baterako luza lezake, ezarritako xedeak betetzen baditu. «Lehen helburua, noski, mailari eustea da; eta ahal dela, sufritu gabe».
Alfonso Fernandez de Troconiz presidentea izan da mintzatzen lehena. Ongietorria egin dio Coudeti, eta kazetariei zehaztu die Chacho ezizenez deitzea eskatu duela teknikari berriak. Jarraian, esker ona adierazi dio Sergio Fernandez kirol zuzendariak, «proiektuan ipinitako konfiantzagatik». Proiektuaren gidaria Garcia Plaza izan da orain arte, eta aurreko teknikaria oso presente izan du Coudetek. Hizketan hasi orduko bota dio lehen lorea: «Teknikari handi bat ordeztera nator. Jendeak estimu handia zion, oso pertsona garrantzitsua izan baita hemen». Zaleengan harridura eta haserrea eragin du Garcia Plazaren kaleratzeak, eta argentinarrak sentikortasunez jokatu du. «Ez dago beharrik gauzak errotik aldatzeko. Izan ere, aurrez ondo zuzendua izan den talde batera iritsi naiz».
«Futbolean halako aldaketak gertatzen dira; sufritu egin ditut batzuetan, eta oraingoan, lan eskaintza bat ekarri didate» EDUARDO COUDETAlaveseko entrenatzailea
Garcia Plaza ez da gai izan taldearen gainbehera eteteko. Alaves amildu egin da seigarren jardunaldiaz geroztik, eta, taldearen gabeziez galdetu diotenean, baloia aldendu egin du Coudetek. «Errespetu falta litzateke horretaz hitz egitea. Hutsetik hasiko naiz». Informazio asko gorde du beretzat, azken egunotan «buru-belarri» aritu baita «xehetasun guztiak» aztertzen. Hori bai, lehendik ere ezagutzen zuen Alaves, aurkari izan baitzuen Celtan ibili zenean, eta Espainiako Ligako «talde guztiak» jarraitzen baititu. «Oso jokalari onak izango ditut nire esanetara. Uste dut bateragarriak direla haien ezaugarriak eta nire jokamoldea».
Haren eskuliburuan sakonduz, nabarmendu du taldea «partiden jabe» izaten saiatuko dela. «Baloia ondo erabiltzea nahi dut, eta jabetzaren, presioaren eta bizitasunaren bidez nagusitzea». Taldearen borrokak zaleak kutsatzea gustatuko litzaioke. «Baloi guztiak lehiatzea funtsezkoa da. Bertute hori jada badauka taldeak, eta eutsi egin behar diogu». Sistemari dagokionez, esan du ez dela «erabakigarria». Jokalarien ezaugarrietan jartzen du arreta. «Baloiarekin kalitatea duten jokalariak gustatzen zaizkit, baina haiek distira egin ahal izateko, talde fisikoa sortu behar duzu. Lasai nago, talde honek oso datu fisiko onak baititu. Esan bezala, aurreko entrenatzaileak oso lan ona egin du».
Jokalarien aldarteari dagokionez, ulerkor agertu da Coudet. Badaki teknikari aldaketak mingarriak izaten direla hasieran. «Zaila da, batez ere entrenatzaile horrekin bizikidetza luzea izan baduzu». Halaber, beste aldi batzuetan txanponaren beste aldean egon dela gogoratu du argentinarrak. «Teknikari bat kargutik kentzeak ez du esan nahi dena gaizki egin duenik. Futbolean halako aldaketak gertatzen dira; sufritu egin ditut batzuetan, eta, oraingoan, lan eskaintza bat ekarri didate». Garcia Plazaren antzeko egoeran atera omen zen bera Celtatik. «Hamabi partidaren ondoren izan zen, taldea berritu eta gero, jaisteko postuetan egon gabe eta jendearen estimua izanik».
«Alde batetik, emozioak daude, eta bestetik, datu objektiboak. Eta datuek entrenatzailez aldatzera bultzatu gaituzte»
ALFONSO FERNANDEZ DE TRONCONIZAlaveseko presidentea
Fernandezek, berriz, adierazi du «klubaren interesak sentimenduen gainetik» jarri dituztela. «Alde batetik, emozioak daude, eta, beste alde batetik, datu objektiboak. Eta datuek entrenatzailez aldatzera bultzatu gaituzte. Erabakia beharrezkoa zen klubaren proiektua arriskuan ez jartzeko». Datu horiez galdetuta, zorrotz erantzun du. «Jokoan izan diren azken 27 puntuetatik lau lortu ditugu. Datu hori aski da aldaketa baten beharra zegoela ikusteko».
Iritsi orduko, Kopa
Coudetek bihar zuzenduko du lehen partida Alavesekin: Espainiako Kopan izango da, Mineraren zelaian (21:00, Movistar). Lehen probak egiteko aukera izango du arabarren teknikari berriak. «Berdin dio nork jokatzen duen. Postua oraindik ez du inork irabazi, ezta galdu ere. Kontua da jokalariek apurka nire pentsamoldea barneratzea». Bihar jokatuko dute Kopako bigarren kanporaketan dauden beste euskal taldeek ere: Osasunak Ceutari egingo dio bisita (19:00, Movistar), Barakaldok Racing Ferrol hartuko du (20:00), eta Reala Conquenseren zelaian ariko da (21:00, Movistar).