Eibar errugbi taldeko entrenatzailea

Cristina Guntin: «Edozein talde menderatzeko gai gara, baina geure buruarengan fede handiagoa izatea falta zaigu»

Pozuelo taldeari puntu baten aldea atera beharko dio Eibarrek azken jardunaldian, maila zuzenean galdu nahi ez badu. Cristina Guntinen taldeak bihar jokatuko du (11:00), Cocodrilas Sevillaren zelaian.

(ID_13703344) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-03-14, Eibar. Cristina Guntin Eibarreko entrenatzailea
RAUL BOGAJO / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko martxoaren 16a
05:10
Entzun
 

Pozuelok gaur Bartzelonari ez irabaztea (16:30) eta Eibarrek bihar Cocodrilas Sevilla menderatzea behar du Cristina Guntinen taldeak (Vigo, Galizia, 1979) Ohorezko Mailatik zuzenean ez jaisteko. Hori lortuko balu, Gipuzkoako taldeak mailaz ez jaisteko kanporaketa jokatu beharko luke Ohorezko B Mailako talde baten aurka. «Ez da erraza izango, baina egin daiteke». Lehen itzulian, 22 eta 37 galdu zuten Unben Sevillaren aurka.

Kale edo bale egiteko neurketa daukazue bihar. Nola dago taldea?

Taldea gogotsu dago, baina baita urduri ere. Denboraldian zehar joko zelaian egin behar genuen lana ez egiteagatik gaude gauden tokian. Denboraldia aurrera joan ahala, geroz eta zailagoa jarri zaigu mailari eustea. Hamar neurketako denboraldia da, eta esango nuke zortzigarren jardunalditik aurrera hasi ginela gure jokoa erakusten. Pozueloren aurka etxean lortutako puntuak eman zigun aukera Bartzelonaren aurkako neurketara bizirik ailegatzeko, eta hura bai, irabazi genuen. Neke psikologiko handia nabari dugu, baina uste dut taldea ondo kudeatzen ari dela hori.

Aurreko sasoian ere ez zenuten hasiera erraza izan, baina bigarren itzulian egoera irauli zenuten.

Taldeak behar zuen aldaketa egin genuen sasoi honi begira, eta etxeko jokalarien aldeko apustu handia egitea erabaki genuen. Egia esan, uste dut ligako formatuak jokalari hauei ez diela mesederik egin, baina aspaldi erabakia genuen taldean aldaketa hori egitea. Erabakiaz erabat konbentzituta gaude, eta uste dugu emakumezkoen euskal errugbiaren etorkizuna talde eta klub hau direla. Arazoa izan da lehenago eman behar genuela gure mailarik onena, askoz ere egoera errazagoan egongo ginateke-eta orain. 

Zergatik diozu ligako formatuak ez diela mesederik egin zure jokalariei?

Askoz ere partida gutxiago jokatu ditugulako sasoi honetan. Hori dela eta, hasieratik jokalariek presio handia izan dute emaitzak lortzeko. Presio horrek taldearen gaztetasunaren aurka egin du nabarmen. Nik pentsatzen dut oso talde ona dela, eta nahikoa kalitate baduela ligako goiko postuetan egoteko. Alabaina, jokoan dugun heldutasun faltagatik, ez dugu modurik izan irabazi behar genituen neurketak irabazteko.

Pentsatzen zenuen egoera honetan egongo zinetela ligaren amaieran?

Ez nuen uste, ez. Jokalari oso onek egin dute jauzi taldera sasoi honetan; gurekin denbora asko daramate lanean, baina presio horrek gaina hartu die orain arte. Orain hasi dira sinisten neurketak irabazteko aukera dutela. Arazoa ez da izan jokalarien maila edo kalitatea, aipatutakoa baizik. Ezin izan dugu egoera hori irauli orain dela gutxi arte. 

Pozuelo aurkari zuzenaren kontra etxean ez irabaztea izan da hain egoera zailean egoteko arrazoietako bat, ezta?

Bai. Nire ustez, neurketa hartan erakutsi genuen sasoi honetan lehen aldiz astean zehar egiten ari garen lana eta errugbia. Halere, nahiz eta partida osoan oso nagusi izan ginen, ez genuen lortu entsegurik egitea. Jokaldia amaitzeko erabakitasun hori falta izan zitzaigun. Horrekin batera, aurkariak entsegu bat egin zuen, jokaldia ondo ez ulertzeagatik. Jokaldien eta momentuen kudeaketa oso garrantzitsua da Ohorezko Mailaren pareko liga batean.

Pozuelok gaur Bartzelona hartuko du, eta zuek bihar Sevillaren zelaian jokatuko duzue. Zuen partida jokatzerako jakingo duzue matematikoki aukerarik duzuen edo ez.

Bai, eta uste dut guretzat mesedegarria izango dela partida modu batera edo beste batera planteatzeko. Larunbata ez da erraza izango, baina aukerarik badugu, taldeak ezinezkoa dirudiena egin beharko du; Sevillari irabaztea. Bartzelonari irabazteak ere ia ezinezkoa zirudien, eta lortu genuen. Sevilla da neurketa irabazteko hautagai nagusia, baina ea berriz ere magia egin dezakegun.

«Taldeak behar zuen aldaketa egin genuen sasoi honi begira, eta etxekoen aldeko apustu handia egitea erabaki genuen. Egia esan, uste dut formatu honek ez diela mesederik egin jokalari hauei»

Sevillaren aurka, 22-37 galdu zenuten lehen jardunaldian Unben. Irabaztea posible da?

Liga hasi aurretik ere uste nuen talde honek gaia badaukala Sevilla bezalako talde bati irabazteko, eta orain ere iritzi berekoa naiz. Edozein talde menderatzeko gai gara, baina jokalari bakoitzak bere buruarengan eta taldearengan fede handiagoa izatea falta zaigu, eta talde teknikoan eta egiten dugun errugbian gehiago sinistea. Bartzelonaren aurka hori dena erakutsi genuen. Ez da erraza izango, baina posible da, bai.

Edonola ere, Pozuelok Bartzelonari ez irabaztea behar duzue lehendabizi. Nola ikusten duzu partida hori?

Zaila ikusten dut. Egia da Bartzelonak asko daukala jokoan, ligako lehen kanporaketa etxean jokatzea lor dezakeelako, baina Pozuelok jaitsiera dauka jokoan, eta irabazte hutsarekin mailari eutsiko liokete. Ez badugu mailari eustea lortzen, gure lanarekin harro egon behar dugu, eta argi daukat ahalik eta lasterren bueltatzeko lan egingo dugula.

Azken jardunaldi honetan zuzenean ez jaistea lortuko bazenute, oraindik ere Bigarren Mailako talde baten aurkako kanporaketa jokatu beharko zenukete datorren denboraldian Ohorezko Mailan segitzeko. Horri ere begiratu diozue jada?

Dena daukagu begiratuta, bai. Badakigu noiz eta noren kontra jokatuko genukeen, baina egunez egun joan behar dugu. Ezin gara orain horretan pentsatzen jarri.

Mailaz jaisteak nola eragingo lioke egitasmoari?

Pozueloaren aurkakoa galdu genuenean, gure babesle nagusiekin eta Eibarko Udalarekin hitz egin genuen. Egoera zein zen azaldu nahi genien, eta jaitsiko bagina zenbaterainoko babesa jaso ahalko genukeen jakin. Guztien babesa erabatekoa izan zen, eta, alde horretatik, talde teknikoko kideak eta jokalariak askoz ere lasaiago geratu ginen. Bermatu digute laguntza erabatekoa izango dela edozer gertatuta ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.