Juanjo Oroz. Kern Pharmako zuzendaria

«Edozein oztopo gaindi dezakegu Itzuliak pizten digun ilusioarekin»

Kern Pharmak ezin izan zuen Volta bukatu, bi taldekidek COVID-19an positibo eman zutela eta. Halere, Itzulian «berme osoz» lehiatuko direla azaldu du Orozek. Lanik ez omen du izan txirrindulariak motibatzen.

KERN PHARMA.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Zuhurtzia eta anbizioa uztartzen saiatuko da Kern Pharma Itzulian. Hala dio Juanjo Orozek (Berriobeiti, Nafarroa, 1980), Nafarroako taldeko zuzendariak. «Oinak lurrean» izanik, aurrerapauso bat ematen saiatuko dira. «World Tourrari errespetu handia diogu, baina beldurrik batere ez». Erlojupekoan taldeak «maila txukuna» ematea gustatuko litzaioke, eta uste du Sestaoko eta Ondarroako etapan izan ditzaketela distira egiteko aukera gehien.

Etxerako bidea hartu behar izan zenuten Kataluniako Voltan, koronabirusean bi positibo atzeman ondoren. Nola zaudete?

Une gogorra izan zen, gure lehen lasterketa baitzen World Tourrean. Baina arduraz jokatu beharra zegoen, eta uste dut erabaki egokia hartu genuela. Harremanetan jarri ginen antolatzaileekin eta UCIrekin, eta, jarraitzeko baldintzak betetzen genituen arren, lasterketa uztea erabaki genuen, probarekiko, aurkariekiko eta ikusleekiko errespetuarengatik. Aurrera jarraitu behar dugu; ez dago besterik. Geroztik beste positibo bat izan dugu, baina berme osoa dugu lehiatzen jarraitzeko.

Taldeak eginiko antigeno testei esker atzeman zenituzten positiboak. Birusak segurtasun burbuila zulatu zuen, hortaz.

Bai, protokoloa bete arren, gaitzak zirrikituak aurkitzen ditu. Guk antigenoen testak eramaten ditugu lasterketetara, eta eskerrak horri. Taldekideetako batek gorputzaldi arraroa zuela esan zuen gau batean, eta positibo eman zuen. Orduan, denok egin genuen testa, eta biharamunean errepikatu. Orduan agertu zen beste positiboa. Gauden egoeran, erabaki ausartak hartu behar dira, denon hobe beharrez.

Egoera horrek asko baldintzatu dizue Itzuliaren prestakuntza?

Garbi dago ez dela prestakuntzarik onena izan, zenbait egunez geldi egon behar izan dugulako. Dena den, ez gara batere gaizki iritsiko. Txirrindulari batzuk altueran zeuden entrenatzen, eta, gainera, edozein oztopo gaindi dezakegu Itzuliak pizten digun ilusioarekin. Oso talde gaztea gara, eta gose handia dugu. Eta gaitasuna ere bai.

Baina Itzulian mailarik goreneko aurkariak izango dituzue. Zaila izango da distira egitea.

Konfiantza osoa dut talde honetan. Pausoak banaka baina etengabe ari gara ematen. World Tourrari errespetu handia diogu, baina beldurrik batere ez. Itzulian, egunero protagonista izan nahi dugu. Horretaz aparte, etorkizun handiko gazteak ditugu, luze gabe halako lasterketetan lehiatu ahalko direnak, eta batzuei ondo aritzeko eskatuko diegu. Adibidez, Roger Adria onenengandik gertu ikusi beharko genuke etaparen batean, alergiekin arazorik ez badu.

Zer esan nahi du zuenaren moduko talde hasiberri batentzat Itzulian aritzeak?

Sekulakoa da. Zergatik? Bada, halakoetan gogora datozkigulako, besteak beste, Tolosako, Ereñoko, Lizarrako eta Bidasoko lasterketak. Denetan izan gara Lizarterekin, eta errespetu handienaz lehiatu ditugu. Badakigu halakoetan eginiko lanari esker gaudela egun gauden tokian. Oso harro sentitzeko modukoa da errepide horietatik Itzulian eta Pro Team mailako talde gisa igarotzea.

Baduzue begiz jotako etaparik?

Erlojupekoak asko lantzen ditugu, eta ongi moldatu nahiko genuke. Halakoetan alde handia izaten da World Tourreko taldeekin, baina maila txukuna ematen saiatuko gara. Gero, uste dut zeresana eman dezakegula Sestaoko etapan. Asturiana mendate gogorra da, baina ez sailkapen nagusian erabakigarria izateko bezain gogorra. Onenekin buruz buru ezin gaitezke lehiatu, baina bestelako egoerak egon daitezke. Ondarroakoan ere bidea egin dezake ihesaldiak, eta bertan izaten ahaleginduko gara.

Lau Itzulitan hartu zenuen parte ziklista gisa, eta orain, zuzendari gisa ariko zara. Oso modu ezberdinean biziko duzu?

Pila bat gozatu nuen nire kirol ibilbidean; bada, zuzendaria naizenetik, halako bi ari naiz gozatzen ziklismoaz. Bizitasun askoz ere handiagoz bizi dut, eta ikaragarri pozten naiz taldearen arrakastez; ziklista gisa emaitza onak lortzen nituenean baino gehiago. Zirraraz biziko dut Itzulia, betiere oinak lurrean izanda. Errealistak izateko esan diet txirrindulariei. Badakigu zein den gure maila, eta zer eskaini dezakegun. Ibilbidea eta aurkariak ongi aztertu ditugu. Prest gaude alde horretatik. Ziklistak motibatzen, bestalde, ez dut lanik izan.

Zeintzuk dira zuretzat lasterketa irabazteko faboritoak?

Pogacar eta Roglic koska bat gorago daude. Eta nik Valverde ez nuke baztertuko. Oso sasoi onean iritsiko da. Azken etapak erabakiko du lehia; alde handiak egongo dira.

Iaz sortu zenuten taldea. Zer erronka duzue etorkizunean?

Talderik gazteena gara Pro Team mailan, eta guk dugu hazteko tarterik handiena. Gure helburua itzuli handi bateko podiumera iristea da. Badakigu oso zaila dela, baina abantaila bat da helburua oso garbi edukitzea. Espainiako Vueltan lortzen saiatuko gara, eta dagoeneko esku artean dugun txirrindulari batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.