Maite Mendiburu Barnetx. Bordeleko Girondinseko jokalaria

Edozein aukera harrapatzeko prest

Lekorneko 15 urteko atezainak hiru partida jokatu ditu Frantziako Lehen Mailan, Girondinsekin. «Esperientzia polita» izan dela dio, baina «gehiago» nahi du.

MAITE MENDIBURU.
Maite Mendiburu, baloia jotzear, Parisen aurkako partidan. CHARLES LEGER
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 5a
05:10
Entzun

Maite Mendiburu Barnetx (Lekorne, Lapurdi, 2007) abiada bizian ari da urratsak egiten futbolean. Zortzi urte besterik ez dira pasatu etxe ondoan Hazparneko (Lapurdi) taldean hasi zenetik. Ume bat zen: 7 urte baino ez zituen. 15 urteko nerabea da orain. Baina jada gorenean ari da, Frantziako Lehen Mailan, Bordeleko Girondinsen. Hirutan jarri da Okzitaniako taldearen atepean denboraldi honetan. Atezaina baita, oso ona. Etorkizun handia du.

Horregatik egin zuen jauzi iaz Hazparnetik Bordelera. Akitania Berriak eskualdeko jokalaririk onenen selekzio bat osatu zuten, eta hura aukeratu zuten. Han ere nabarmendu zen; horrenbeste, ezen sasoi honetarako tokia egin zioten Girondinsen lehen taldean. Patrice Lair entrenatzaileak argi utzi zion egitekoa: ahalik eta gehien saiatzea eta, haren beharra izanez gero, prest egotea.

Esan, eta egin. Justine Lerond lehen atezainak min hartu zuen azaro hasieran, eta entrenatzaileak Mendibururen alde egin zuen hura ordezkatzeko. Klubak Agam Haviv israeldarra fitxatu zuen Lerondekin lehiatzeko, baina lekondarrak aurrea hartu zion. Ez zuen espero. «Ezustea izan zen. Biziki arraroa da 15 urteko atezain batek jokatzea. Jokalari asko profesionalak dira; ni ez, ordea. Baina entrenatzaileak esan zidan konfiantza zuela nigan. Horrek biziki poztu ninduen, kontuan hartuta beste atezainak 18 urte dituela. Ez nintzen urduritu. Xantza bikaina zen neure burua ezagutarazteko eta Frantziako selekzioaren arreta bereganatzeko». Biziki pozik bera, eta biziki pozik haren gertukoak. «Ilusio handia egin zien».

Reimsen aurka, etxean; eta Fleury 91ren eta Parisen aurka, etxetik kanpo. Hiru partida horiek jokatu zituen. Lehen sei sailkatuen artean daude hirurak. Girondins, ordea, hamargarrena da, azken-bigarrena. Hirurak galdu zituen Mendibururen taldeak. Hala ere, «esperientzia polita» izan dela dio. «Aurrenekoan, euri anitz egin zuen, eta zelaia gaizki zegoen; lohi asko zegoen. Biziki zaila izan zen jokatzea. Hala ere, aski kontent bukatu nuen. Beste bi partidak, ordea, biziki ondo bizitu nituen: ongi aritu nintzen».

«Nire helburua da ahalik eta gehien hobetzea, eta, ahal badut, ahal bezain fite profesional bilakatzea»

Ongi aritu arren, aldaketa sumatu zuen. «Aurreko urtera arte, mutilekin jokatzen nuen Hazparnen. Hasieran, ez zegoen nesken talderik. Berantago sortu zuten, baina nik nahiago izan nuen mutilekin jokatzen segitu. Iaz hasi nintzen neskekin jokatzen, Bordelen. Aurten, ordea, profesionalekin ari naiz. Aldaketa handia da, eta sumatu egin nuen».

Biziki pozik dago

Osatu egin da Lerond, eta Mendiburu aulkira itzuli da, beste aukera baten zain. Merituak egin ditu beste bat izateko. Entrenatzaileak zoriondu egin zuen. «Esan zidan biziki uros zegoela, ongi aritu nintzelako. Nik erakutsi diot 15 urte izan arren, berriro halakoren bat gertatzen bada, nigan konfiantza izan dezakeela, eta lana ongi egin dezakedala. Nire helburua da ahalik eta gehien hobetzea, eta, ahal badut, ahal bezain fite profesionala bilakatzea». 

Badaki zertan moldatzen den ondoen eta zertan okerren: «Ona naiz zango jokoan. Aldiz, hobetu egin behar dut komunikazioa taldekideekin. Esperientziarekin ukanen dut. Oraindik gaztea naiz. Biziki fite doa dena, baina orain dut xantza, eta hartu egin behar dut. Agian, gero ez dut izango. Edozein xantza hartzeko prest nago».

Horregatik aldatu zuen iaz Lekorne txikia Bordele handiarengatik. «Aste barruan erresidentzia batean bizi naiz, eta, asteburuetan, klubak dauzkan etxebizitzetan». Lizeo batean ikasten du. Taldearen arabera, goizean edo arratsaldean entrenatzen da. «Profesionalekin aritzen banaiz, goizetan entrenatzen naiz; orduan, ez noa lizeora. Profesionalak ez direnekin aritzen naizenean, berriz, arratsaldetan entrenatzen naiz. Biziki gustura nabil».  

Gutxienez, beste bi urtez egongo da han, lizeoa amaitu arte. Eta gero, zer? «Kontratu bat proposatzen badidate, hartuko dut. Aldiz, ez badidate ezer proposatzen, agian, beste klub batek proposatuko dit. Bestela, plazerarendako segituko dut zango baloian».

Aukeran, Realean jokatu nahiko luke. «Nire bihotzeko kluba da Donostiako Reala; biziki maite dut. Duela bi urte proba bat egin nuen, eta Realaren hirugarren taldean jokatzea eskaini zidaten. Baina nahiago izan nuen Akitania Berriko selekzioan aritu. Biziki polita litzateke Realean jokatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.