Urdaibairen maila onak itzal egin die Eusko Label ligako gainontzeko traineruei, baina Hondarribiak ez du itzalean jarraitu nahi. Ama Guadalupekoa-k aukera paregabea du gaurko estropada irabazteko; izan ere, azken hiru urteetan, bi aldiz irabazi du Bilboko erlojupekoan (17:20, ETB1). Beñat Egiazu arraunlariak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) badaki ez daudela boladarik onenean, baina uste du badituztela gailentzeko aukerak.
Zer aldartetan iritsi zarete Eusko Label ligako hirugarren asteburura?
Ekain gorabeheratsua izan dugu. Ondo hasi ginen, Gipuzkoako Txapelketan bandera irabazita, eta ondo nabari genuen geure burua, baina, horren ondoren, bi kolpe handi hartu genituen, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan. Liga hasi den honetan, ari gara pixkanaka sasoiko jartzen, baina Donostiako estropadan ez ginen batere gustura geratu. Txapelketetako eremu berean eta antzeko baldintzetan izan zen, eta, oraingoz, ez dugu asmatu egoera horretan ondo moldatzen. Gero eta hobeto gabiltza entrenamendu eta estropadetan, eta Zierbenakoa izan da orain arte egin dugun estropadarik onena. Beldurrak uxatzen eta konfiantza hartzen ari gara, eta borroka horretan sartuta gaude.
Gaizki hasi izanak eragina izan du ligako lehen lau estropadetan?
Agian. Denok konturatzen ginen Urdaibairen aurka zerbait lortzeko gure onena eman behar genuela nahitaez, eta bagenekien posible zela besteok baino koska bat gorago egotea. Baina, guretzat, gogorrena izan zen ikustea ezin genuela gure onena eman. Zure esku dagoen guztia egiten baduzu, eta hala ere irabazi egiten badizute, analisi egokia egin, eta ez dago beste erremediorik aurrera egitea baino. Gure bidea berreskuratu, eta onena ateratzeko asmoa dugu datozen estropadetan. Asteburu honetako bi estropadak ongi datozkigu. Azken urteetan ondo moldatu gara ibaiko estropadetan, eta horrek adorea ematen digu irabaz dezakegula sinesteko.
Sinetsi daiteke halakorik, Urdaibairen maila ikusita?
Badago esaten duenik Urdaibaik aurtengo estropada guztiak irabaziko dituela. Gogoan dut 2015ean sekulako taldea genuela, eta, hala ere, hemeretzi estropadetatik hamahiru irabazi genituen. Urdaibaik oso maila ona erakutsi du orain arte, baina arraunean ez da askorik behar beste batek aurrea hartzeko. Kontrolatzen ez ditugun faktore asko daude: kaleak, txanda batetik besterako aldaketak, eguraldia... Estropada guztietan hogei segundoren aldea aterako baliote bigarrenari... Baina, Galizian, Zierbena hurbildu egin zen, eta aurreko igandean, berriz, gu.
«Erakutsi nahi dugu gai garela onenen pare aritzeko, eta, alde horretatik, motibatuta gaude Bilboko estropadarako»
Hala ere, puntu aldea handituz doaz asteburutik asteburura. Hori kontuan hartuta, norabidea aldatu duzue?
Liga hasieran genuen diskurtso bera dugu orain. Hasiera-hasieratik, ohorezko txandan finkatu nahi genuen, eta, liga irabaztea oso zail dagoen arren, guretzat ez da gauza bera hirugarren edo bigarren geratzea. Zierbenarekin puntu bakarraren aldea dugu, eta Orio ere gertu dago. Ahal bada, bigarren postuari heldu nahi diogu: balioa ematen diogu postu horretan geratzeari.
Ohituta zaudete banderak irabaztera. Zer moduz daramazue orain hain garaipen gutxi lortzea?
Urte hasieran entrenatzen hasten garenean, irabaztean baino ez dugu pentsatzen, baina ohartzen gara aldaketa txikiak izan ditugula azken urteetan taldean. Hainbestetan irabazi genuen urte horietan, oso talde indartsua genuen; aurten ere talde indartsua dugu, dudarik gabe, baina badakigu Urdaibaik eta Zierbenak ere zer talde daukaten. Izorratzen gaitu, noski, gure helburua beti irabaztea baita, batez ere garaipenaren zaporea dastatu duzunean.
Aurreko urteko ligan bitan irabazi zenuten. Baliteke gutxiago irabaztea aurten?
Gutxiago badira, agian garaipenik gabe geratuko gara, eta esango nuke azkenengo hamahiru edo hamalau urteetan ez dela gertatu Hondarribiak behin ere ez irabaztea. Gure onena ematen badugu, edozein asteburutan irabaz dezakegu: horretan sinesten dugu.
Zierbenak zuen aurretik amaitzea lortu zuen iaz ligan. Haiek ere zailtzen dute irabazteko bidea?
Lehia zabaldu egin da azken urteetan. Oriok 2019an liga irabazi zuen, Donostiarra duela bi urte oso gertu izan genuen, Zierbena iaz gure aurretik geratu zen... Zierbenakoek hobera egin dute azken bi urteetan, eta dena orekatu egin da goiko taldeen lehian.
«Asteburu honetan, gure helburua ez da izango Zierbenaren aurretik geratzea edo bigarren egitea, irabazten saiatzea baizik, beti bezala»
Beraz, helburua bigarren geratzea izan daiteke, Zierbenaren aurretik?
Denboraldian sartuta zaudenean, ez duzu pentsatzen denboraldi amaierako emaitzetan. Asteburuan ahalik eta hoberen aritzeko zer egin, horixe bakarrik pentsatzen dugu, eta irabazteko lehian aritzea da gakoa asteburuero. Estropadetan lortutako emaitzek jartzen zaituzte zure tokian, baina liga amaieran ikusiko da zer tokitan amaitzen dugun. Asteburu honetan, helburua ez da izango Zierbenaren aurretik geratzea edo bigarren egitea, baizik irabazten saiatzea, beti bezala.
Iaz zuek nagusitu zineten Bilbon, baita duela hiru urte ere.
Eremu ona da guretzat, eta estropada ona da talde bakoitzaren benetako maila ikusteko. Baldintzak asko berdintzen dira: denak kale beretik goaz; baliteke txanda batetik bestera korronte aldaketak egotea, baina zure txandakoekin zuzeneko neurketa bat egiteko aukera ona da. Erakutsi nahi dugu gai garela onenen pare aritzeko, eta, alde horretatik, motibatuta gaude Bilboko estropadarako. Iaz irabazi genuen, eta horrek konfiantza ematen digu berriro borrokan aritzeko.
Zuen arraunketa estilorako aproposa da Bilboko erlojupekoa?
Guk luzeago egiten dugu arraunean, baina badugu motorra ere. Ibaian asko eskertzen da arintasuna, eta gure ezaugarrietako bat izan da azken urteetan.