Edonon jarri, eta beti giltzarri

Osasunak beharra non, han ageri da Jon Moncayola. Aise moldatzen da kokapen askotan. Defentsako eskuin alboan ari da jokatzen, eta gaur ere bertan aritu liteke, Mestallan (21:00, Dazn).

Jon Moncayola, baloiari eskuin boleaz emateko prest, Sadarren, Real Madrilen aurka jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Entrenatzaileentzat bereziki estimatuak dira jokalari moldakorrak. Berdin dio zer postu edo toki; egin beharrekoak beti egiten dituzte egoki. Osasunan, Oier Sanjurjo izan da urte luzez taldearen labana suitzarra. Aurrelari eta atezain izatea falta izan zaio bakarrik. Bada, kapitainaren lekua, denetariko zereginetara egokitzeko gaitasunari dagokionez, Jon Moncayola (Garinoain, Nafarroa, 1998) ari da betetzen. Erdilaria da izatez, baina defentsako eskuin alboan ari da azkenaldian, Nacho Vidalen eta Ruben Peñaren lesioak tarteko. Ez da adabaki hutsa izaten ari: baloia ateratzen eta jokoari sakontasuna ematen laguntzen du eskuinetik, eta defentsan ondo moldatzen da.

Oso jokalari fisikoa da, eta sasoi betean egon behar du bere onena emateko. Aurreko denboraldian ez zen sasoi betean egon, baina honetan indar erakustaldiak ari da egiten berriro. Funtsezkoa da Jagoba Arrasaterentzat, eta zeregin asko eman dizkio orain arte: atzeko eskuin alboko eta erdilari bezala ez ezik, erdiko atzelari eta zelai erdiko eskuin hegaleko bezala ere ipini du. Hain zuzen ere, «jokalari sailkaezina» dela nabarmendu du Jose Manuel Mateok (Iruñea, 1975). Osasunako jokalari eta teknikari ohia ez dago harrituta Moncayolaren jardunarekin. «Denbora zeraman ate joka, aurreneko urteko agerraldi ikusgarriaren ostean. Haziz eta ikasiz joan da, eta, egia esan, beti iruditu zait oso jokalari osoa».

Arrasate sormena ari da hobesten zelai erdian, eta bertan tokirik gabe gelditu da Moncayola. Haatik, teknikariak ez du albora utzi, eta eskuin alboan aurkitu dio tokia. Postu aldaketarekin «konforme» dela uste du Mateok. «Nire ustez, bere kokapen naturala euskarria da; hor sentitzen da erosoen. Dena den, badakit nolakoa den Jon, eta ziur nago ez duela aurpegi txarrik jarriko hegalean jokatzeagatik».

Atzetik aurrera egiteko duen gaitasuna goratu du. «Oso urrats luzez egiten du korrika, eta ondo gidatzen du baloia. Hondoko marrara iritsi eta erdiraketa onak egiteko gai da, eta, hori gutxi balitz bezala, arean ere agertzen da batzuetan». Halaber, defentsan «lehiak irabazten» ari dela azpimarratu du.

Taldea uzteko arriskua

Nortasun aldetik, Mateorentzat deigarria da «beti» erakutsi izan duen «ausardia» eta «erraztasuna». Gainera, «zentzuduna» iruditzen zaio. «Ondo daki une bakoitzean taldeak zer behar duen;jokoa azkartzea edo mantsotzea komeni zaion». Oierren antzekoa al da? «Beste ezaugarri batzuekin, baina bai. Halako jokalariek irtenbide asko ematen dizkizute; adibidez, sistema aldaketa egin nahi duzunean». Eta zer gertatuko da Vidal eta Peña osatzen direnean? «Ez dakit, baina egiten ari den lanarekin, tokia izan behar du hamaikakoan, ezinbestean. Buruari eragin beharko dio Jagobak».

Moncayola Osasunaren gazte mailako taldean zebilen Mateo bigarren taldeko entrenatzaile zenean. «Gutxi jokatzen zuen, eta harrigarria egiten zitzaidan, nik hasieratik ikusi bainion gaia. Gurekin entrenatzera ekarri nuen aldiren batean, baina denbora gutxi jokatzen ari zen, eta ulertu nuen bigarren taldera igotzeak kalte egin ahal ziola, mesede bainoago». «Beti erabaki onak» hartzen zituelako eman zion atentzioa. «Teknikoki oso ondo egiten zituen gauzak, eta lehen pasea beti zuen ona, egoerarik zailenetan ere bai».

2019an iritsi zen lehen taldera, eta berehala egin zuen tokia. Klubak 2031ra arte luzatu zion kontratua; ikusteko dago, ostera, osorik beteko duen. «Egiten ari den lana eta duen etete klausula [20 milioi eurokoa] aintzat harturik, ez ninduke harrituko talde ahaltsuago batek fitxatuko balu. Zaleok tristatu egiten gara, baina prozesu naturala da batzuetan. Politena etxeko jokalariek Oier edo Puñalen gisako ibilbideak osatzea da, baina ez da beti posible».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.