Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Urko Berrade. Kern Pharmako txirrindularia

«Ederragoa da hau gaztetako lagunekin bizitzea»

Lehenengoz ari da Berrade hiru asteko itzuli batean lehiatzen. Espainiako Vueltan sufritzea ere tokatu zaion arren, «asko» ari da disfrutatzen. 2024ra arte berritu du kontratua Kern Pharma taldearekin.

LUIS ANGEL GOMEZ.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bigarren atseden eguna dute Espainiako Vueltan. Baina txirrindulariak ez daude geldirik. Goizean entrenatu da Urko Berrade (Iruñea, 1997) gaurko banakako erlojupekoa prestatzeko. Bazkalostean indarrak hartu ondoren kontatu ditu esperientzia berri honen xehetasunak.

Bai taldearentzat, baita zuretzat ere lehen aldia da itzuli handi batean. Nolakoa ari da izaten esperientzia?

Oraingoz, ondo doa dena. Gogorra izaten ari da, baina bagenekien zertara gentozen. Egun asko dira, eta denetarik izaten ari gara; egun onak, erdipurdikoak eta txarrak. Azken hauetan asko sufritzen da, badakigulako oraindik asko gelditzen dela. Baina hotelera iristean berehala pasatzen da, dutxarekin eta masajearekin [barrez]. Alde horretatik, gogorragoa izango zela uste nuen, baina egunak hegan doaz.

Nolakoa izan da prestakuntza? Oso desberdina izan al da?

Bai. Beste urte batzuetan baino lasaiago planteatu genuen prestakuntza, abuztura freskoago iristen saiatzeko. Egun asko dira, eta nekea erabakigarria izan daiteke. Lehenbizi, hiru asteko kontzentrazioa egin genuen Andorran, eta taldea egiteko aprobetxatu genuen. Gero, Donostiako Klasikoan eta Burgosko Itzulian aritu ginen, eta, Vueltara etorri aurretik, astebete eman genuen Navacerradan [Espainia].

Nola planteatu zenuten Vuelta? Hurrengo bi asteei begira, zerbait aldatu al da?

Etapa asko dira. Dena oso azkar aldatzen da, eta egokitu egin behar duzu. Hasieran, indartsu hastea eta egunero aurrean egotea zen asmoa; baita aukera edukiz gero ihesaldi batean maillot gorria hartzea ere. Rudy Molardek Bilbon egin zuen bezala. Ezin izan zen, et,a hortik aurrera, ihesaldi onak hartzen eta gozatzen saiatzea da asmoa.

Juanjo Orozek azpimarratu du Kern Pharmak Vuelta honetan «gozatu» egin behar duela. Gozatzeko denbora ematen dizue, ala sufrimendua nagusitzen da?

Hainbeste zartailu eta mendate artean, sufritzea tokatzen ari da [barrez]. Oso azkar goaz. Denek esaten dute, baina inork ez du hanka altxatzen! Hala ere, egia da etapa amaitzen denean mendatea bizikletan jaisten dugula, eta hor zaleez eta bistez gehiago goza dezakegula. Txorakeria bat izan daiteke, baina ur botila errepide bazterrean dagoen umeari ematen diogu, eta ia berak adina gozatzen dugu guk. Zaleek zentzu handiagoa ematen diote egiten dugunari, eta asko gozatzen ari naiz haiekin Vueltan.

Oraingoz, Pico Janon amaitu zen seigarren etapa izan da ezberdinena, euriagatik eta lanbroagatik. Nola ikusi zenuen zeure burua?

Etaparik arraroena izan da. Ihesaldia oso azkar sortu zen, baina meteorologia aldatu, eta kaosa izan zen. Erorikoak izan ziren jaitsieretan, eta dena hankaz gora jarri zuten hainbatek. Eguna salbatu eta arriskurik gabe helmugara joatea erabaki genuen. Helmugan karpa bat antolatu zuten, eta han egon ginen denok babesa bilatzen, gerran egongo bagina bezala [barrez].

Euskal Herrian jokatutako etapetan eskuratu dituzu emaitzarik onenak. Bereziki egon nahi zenuten aurrean egun horietan?

Niri ilusio berezia egiten zidan. Egia da laster iritsi zirela, eta sasoi onean geundela, baina taldeak eta nik dena eman genuen aurrean izateko. Azkenean, gaztetatik ezagutzen dituzu errepide horiek, eta sufrimendua desberdina da zaleen aurrean bada.

Bihar [gaur] banakako erlojupekoa jokatuko da. Zer itxura hartzen diozu? Zer helburu duzu?

Erlojupeko laua da, nahiz eta badituen malda batzuk. Diziplina horretan ondo moldatzen direnentzat oso aproposa da. Nik ez dut itxaropen handirik, eta hori aprobetxatuko dut indarrak berreskuratzeko, eta niretzat aproposagoak diren etapetan indar handiagoa izateko.

COVID-19an positibo emateagatik erretiratu egin behar izan dute zenbait txirrindularik. Nola daramazue hori taldean?

Zorionez, oraingoz, salbu gaude taldean. Atseden egunetan PCR proba bat egiten digute, eta pena litzateke horretan positibo ematea. Batzuei egokitu zaie, eta, pena bada ere, arau berberak dira guztientzat. Ez dakit nola eramango nukeen nire kasuan, baina egokitu beharra dago.

Taldean Vueltara joan zareten ia denak Lizarte taldetik atera zineten. Zer iritzi duzu horretaz?

Niretzat luxua da. Gaztetan, lagun talde bat ginen, eta horregatik ateratzen zitzaigun dena garai hartan. Gutxitan gertatuko zen egoera hori, eta politagoa iruditzen zait esperientzia hau haiekin bizitzea.

Lizartetik Muriasera joan zinen, baina urtebetera Kern Pharmara itzuli zinen. Orain, 2024ra arte berritu duzu.

Uste baino lehenago izan zen, baina Kern Pharmarena atera zen, eta ez nuen birritan pentsatu. Oso pozik eta eskertuta nago nigan izan duten konfiantza guztiagatik. Oraingoz, bi urterako sinatu dut. Ea zenbat etor daitezkeen ondoren.

Buruan duzu World Tourrera salto egitea?

Ez dut joateagatik joan nahi, ez World Tourrera, ez inora. Aurrera egiten jarraitu nahi dut, eta, une batean nire kirol mailak egutegi handiagoa eskatzen badit, taldea nire alde legoke, eta inolako trabarik gabe babestuko ninduke. Baina oraintxe bertan horrek ez nau kezkatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.