Tokio 2020

«EDERRA IZAN DA»

Elena Loyok gustura amaitu du Olinpiar Jokoetako maratoia, Sapporon. Peres Jepchirchirrek irabazi du lasterketa.

Elena Loyo eta Marta Galimany korrikalariak, atzo, Sapporon. RFEA.
jakes goikoetxea
<i>Tokio</i>
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Besoak goian eta irribarre zabala ahoan iritsi zen Elena Loyo Sapporoko (Japonia) helmugara, eta irribarre zabalarekin jarraitzen zuen lasterketa bukatu eta ordu batzuetara. Ametsa bete zuen atzo: Olinpiar Jokoetako maratoian parte hartzea.

Ez ziren baldintza egokienak maratoiaren berezko gogortasunari aurre egiteko: 30 gradu inguruko tenperatura eta %80ko hezetasuna. Berez 07:00etan abiatzekoa zen maratoia (Japoniako ordua), baina bezperan, gauean, korrikalariei jakinarazi zieten irteera 06:00etara aurreratuko zutela, beroa pixka bat saihesteko. Oheratzear zela harrapatu zuen erabakiak Loyo, eta planak aldatu behar izan zituen azken orduan. Hala ere, Ametzaga Zuiako (Araba) korrikalariak uste du erabakiarekin asmatu zutela, «bestela agian arrastaka iritsiko baikinen», esan zion Basque Teami.

Pentsatu bezala egin zuen lasterketa: aurrena erritmo egoki bat topatu, 30. kilometrora arte osorik iristeko moduan, eta hortik aurrera, indarra edukiz gero, pixkana-pixkana erritmoa bizkortzea, bukaeran geratzen zitzaizkion indarrak xahutzeko.

Marka ez zen garrantzitsuena atzo, indarrak ondo neurtzea baizik. Loyo 45.a zen 15. kilometroan, 47.a maratoi erdian,35.a zenbaki bereko kilometroan, eta 29. helmugaratu zen. Haren marka: 2.34.38, batez beste 3.40 minutu kilometro bakoitza egiteko.

«Esperientzia ederra izan da», azaldu zuen helmugan. «Sinestezina dirudi, baina egia da. Amets olinpikoa bete dugu». Une batzuk oso gogorrak izan zirela onartu zuen, eguzkiak bete-betean jotzen zuenean batez ere: «Gorputzak gelditzeko eskatzen zuen». 30. kilometrotik aurrera, lasaiago, korrikalariak aurreratu zituen. «Une berezi bat bizitzen ari nintzela jakiteak aurrera egitera bultzatu nau».

Peres Jepchirchir kenyarrak irabazi zuen lasterketa. Denbora: 2.27.20, Olinpiar Jokoen historiako mantsoenetakoa da, Sapporoko eguraldiaren eraginez. Batez beste 3.30 minutu kilometro bakoitzeko. Brigit Kosgei kenyarra izan zen bigarren, hemeretzi segundora, eta Molly Seidel estatubatuarra hirugarren, 26ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.