Esteban Salinasek (Viña del Mar, Txile, 1992) bigarren aldia du Bidasoan. 2018-2019ko eta 2019-2020ko sasoietan jokatu zuen, baina, Julen Aginagalde itzuli zela-eta, tokirik gabe geratu zen. Granollersera joan zen, eta han hiru urtez aritu zen. Aginagalde erretiratu izanak bueltatzeko aukera eman zion, eta ez zuen bitan pentsatu. Zoriontsu da berriz Rodrigo anaiarekin bat egin duelako, eta are eta zoriontsuago taldea bikain ari delako. Eskaera bat egin du elkarrizketa egin aurretik: ez galdetzeko Jacobo Cuetararen eta klubaren artekoaz. Entrenatzaileak taldea utziko du denboraldi amaieran.
Bidasoak ligan inoiz egin duen lehen itzuli onena osatu ondoren ekingo diozue Espainiako Kopari: 30 puntuetatik 27 lortu dituzue. Badago lehiaketa bati aurre egiteko modu hoberik?
Oso zaila da hobeto egotea. Sekulako sasoia edukita ekingo diogu kopari. Oso lan ona egin dugu: Granollersen aurka etxean galdu genuen partidan ez beste, guztietan lortu dugu punturen bat. Are gehiago, hamahiru irabazi ditugu, eta bakarra berdindu, etxean, Bartzelonaren kontra. Horrek agerian uzten du zein lan ona egiten ari garen denboraldi honetan. Horrek gogo eta indar handia ematen digu asteburuari aurre egiteko.
Nahikoa pizgarri ez bazenuten, etxean jokatuko duzue.
Hala da, eta horrek ilusio handia pizten digu. Egundoko zaletasuna dago Irunen, eta ziur naiz festa izango dela. Mesedegarria ere bada: ez dugu bidaiatu behar, eta etxean hartzen dugu atseden.
Presioa eragiten dizue?
Ez. Aukera emanez gero, nik beti aukeratuko nuke etxean jokatzea, gure zaleen aurrean. Une zailetan animatzen gaituzte gehien. Artalekun aritzea abantaila da.
Ikusgarri ari zarete, eta etxean jokatuko duzue. Hori kontuan hartuta, uste duzue zerbait handia egin dezakezuela?
Zaleen artean badago uste hori: kalean esaten digute kopa bat nahi dutela. Ederra da zaleak amets egiten aritzea, baina guk lurrean ditugu oinak. Oso zaila da kopa irabaztea: ligako lau talderik onenak ariko gara, lehen itzuli onena egin dugunak: Bartzelona, Bidasoa, Granollers eta Logroño. Laurak gaude sasoi betean.
Jendeari amets egiteko arrazoiak eman dizkiozue. Nola azalduko zenuke lehen itzulian egin duzuena?
Historikoa izan da. Bartzelonak bakarrik lortu ditu guk baino puntu gehiago, eta hura gogotik estuarazi genuen Artalekun. Pena izan zen, irabaztea merezi izan baikenuen.
«Zaila izango da Logroñoren aurkako partida: oso bolada onean dago, jokalari onak ditu, eta gero eta hobeto ari dira»
Zein izan da gakoa horren lan ona egiteko?
Bat baino gehiago dago: taldeko kide guztien artean dugun giroa, asko eta ondo egin dugula lan, defentsan sendo aritu garela, eta erasoan eraginkor.
Espero zenuten horren ondo aritzea?
Bidasoari beti eskatu behar zaio gutxienez lehen lau sailkatuen artean egotea. Nik espero nuen kopa honetarako sailkatzea, baina ez nuen uste horrelako bolada ederra izango genuenik: Granollersen aurka besterik ez dugu galdu, etxean. Uste nuen egunen batean huts egingo genuela; normala da halakoak gertatzea. Baina oso adi aritu gara beti.
Bolada ederra harrapatu duzue. Baita Logroñok ere: azken zazpi partidak irabazi ditu. Haren aurka jokatuko duzue gaur finalerdia. Zer itxura hartzen diozu partidari?
Zaila eta gogorra izango da. Oso bolada onean dago. Jokalari onak ditu, eta, pixkanaka, gero eta hobeto ari dira elkarrekin moldatzen.
Zer nabarmenduko zenuke Logroñori buruz?
Oso joko taktikoa egiten dute, oso ondo antolatua; badakite zer egiten duten. Asko entrenatzen dira, eta mimo handiz lantzen dituzte xehetasun guztiak. Horrek kalte egin diezaguke. Defentsan, berriz, estu hartzen dute aurkaria, eta sendo aritzen dira. Pibote oso garaiak eta indartsuak ere badituzte, eta horrek min handia egiten du. Baliabide asko dituzte erasoan: urrutitik jaurti dezakete, baina baita barruraino sartu ere. Bete-beteko taldea da.
Hori kontuan hartuta, zein izango da gakoa?
Zalantzarik gabe, defentsa, eta gure atezainen lana. Funtsezkoa da hori. Horretan ondo arituz gero, erasoa bakarrik aterako da.
Zenbateko garrantzia izango dute zaleek?
Handia, baina ziur gaude horrek ez duela huts egingo. Sekulakoa da nola animatzen gaituzten. Une oro sentitzen ari gara haien babesa.
Itxaropentsu zaudete?
Bai. Finalerdietan gaude, eta bi partida besterik ez zaizkigu falta titulu bat altxatzeko. Gogoz gainezka gaude.
Kopa jokatu ondoren hartuko dituzue oporrak, eta otsailean ekingo diozue berriro ligari. Zein da helburua denboraldiaren bigarren erdirako?
Orain arte egindakoari eustea. Aurkari indartsuenei irabazi behar diegu etxean, eta, kanpoan, orain arte bezain sendo aritu. Egun, indartsuagoak gara etxetik kanpo etxean baino. Etxean, galdu egin genuen Granollersen aurka, eta berdindu Bartzelonaren kontra. Etxetik kanpo, ordea, partida denak irabazi ditugu.
Eta zurea?
Gutxienez, orain arte bezala segitzea. Oso gustura ari naiz, eta taldekideekin ederki moldatzen naiz. Hona itzuli ondorengo lehen egunetan sentitzen nuen ez nintzela inoiz joan. Taldean aldaketa asko egon dira: nire garaiko lau jokalari besterik ez daude taldean. Baina funtsa ez da aldatu. Oso jokalari onak daude orain ere, eta garrantzitsuena dena: oso giro ona dugu. Hau oso luzea da, ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta funtsezkoa da giro ona egotea.
Anaiarekin bat egin duzu berriro. Pozik?
Bai, noski. Hona itzultzeko arrazoietako bat izan zen hura hemen egotea. Bizitza osoa daramat harekin jokatzen selekzioan, baina oso bestelakoa da talde berean jokatzea. Pena dut harengatik: hilabete eta erdi darama min hartuta. Ea kopa joka dezakeen. Bestela, bigarren osoa ziur.
Kluba aldatu da?
Lehen egin ez zituen hainbat gauza egiten ditu orain: sustapenari, marketinari eta sare sozialei lotutako kontuak dira. Oso garrantzitsuak dira, eskubaloiak jende gehiago beregana dezan.
Eta zu, aldatu zara?
Bai, noski, pertsona eta jokalari gisa. Patxada handiagoz aritzen naiz orain garairik zailenetan: hobeto pentsatzen dut zer egin, gehiago hitz egiten dut lehen lerroko jokalariekin, eta lehen ikusten ez nituen jokaldiak ikusten ditut. Jokalari helduagoa naiz.