Zuria eta urdina dira Zaragozako koloreak, baita Romaredako harmailetako eserlekuenak ere. Gaur, bai hiria bai harmailak are txuri-urdinago bihurtu dituzte Realaren zaleek. Giro bikainean gozatu dute finalaren egunaz han bildutako 5.000tik gora zale txuri-urdinek. Granadara (Espainia) 1.500 inguru joan ziren. Tanta zen hura olatu bihurtu da bost urteren buruan. Epaileak txistua jo arte lehia alde batera utzita, gehienak bat etorri dira: «Giroa aparta da. Ederra da emakumeen futbolak mugitzen duena». Izan ere, horixe ere bada gaurko eguna: emakumezkoen futbolaren eta hark bultzatzen dituen balioen erakusleiho eder bat.
Bidaia erosoa izanda, eguerdia gerturatu ahala hasi dira agertzen elastiko eta bufanda txuri-urdinak. Baina goizetik ere ikusi dira batzuk, Espainiako plazatik gertu zeuden terrazetan gosari legea egiten ari ziren zaleenak: lasai zeuden, egun handia bizitzeko irrikaz. Bazkaldu aurretik, askok hirian osteratxoa egiteko baliatu dute, eta, eguraldi ona aprobetxatuz, Pilarreko plaza eta basilika bisitatu dituzte gehienek.
Asteburuero egon ohi den merkatuari eta turisten joan-etorriari Realaren zaleen animazioa gehitu zaie. Elkar ikustean animo keinuak egiten zituzten, konplize. Ume batzuek danborra prest zuten Natalia Arroyoren taldea animatzeko. Familia asko, eta umeak, Realaren elastikoarekin. Askok, atzean Mikel Oiartzabalen edo Take Kuboren izena eraman beharrean, Amaiur Sarriegiren eta Nerea Eizagirreren izena zeramaten. «Niretzat garrantzitsua da seme-alabek emakumezko futbolari erreferenteak izatea», nabarmendu du Irungo Xabier Tejeriak. Semeak, hain zuzen ere, Eizagirreren elastikoa zuen jantzita.
«Niretzat garrantzitsua da seme-alabek emakumezko futbolari erreferenteak izatea».
XABIER TEJERIA Realaren zalea
Donostiatik iritsi berria zen Mirian Miner. «Gauzak hotelean utzi, eta zaleekin batuko gara. Helburua egun polit bat pasatzea da, eta asko animatzea. Neskek merezi dute. Emakumezkoen kirola babestu behar da, berdintasunaren bidean. Urratsak egiten ari dira, eta bidean jarraitu behar da. Begira nolako emaitzak lortzen dituzten askoz baliabide gutxiagorekin. Meritu ikaragarria dute». Finala zail ikusten du. «Baina bihotzak esaten dit Realak 2-1 irabaziko duela. Ez dago ezer ezinezkoa denik. Iriste hutsak meritu handia du». Granadako finala etorri zaio burura berehala. «Etxean ikusi genuen, lagun batzuekin. Izugarria izan zen. Oso gogoan ditut ospakizunak, batez ere herriz herri egin zituzten bisitak. Oso gertukoak izan ziren jokalari guztiak: ez dezatela hori galdu. Horrek egiten du berezi emakumeen futbola».
Gertu zen Eneritz Arretxe. Granadako finalean ere egon zen: «Ederra izan zen. Orduan ere inork ez zuen espero irabaztea. Zale gehiago ikusten da hemen. Egia da bidaia erosoagoa dela, baina, aldi berean, azken urteetan emakumeen futbolak ikusgaitasun handiagoa lortu du, eta horren isla ere bada gaurko eguna. Realak emakumeen futbola indartzen jarraitu behar du».
Egun berezia
Z7 taldeko kideentzat, Realaren emakumezkoen taldeko zale talde bakarrarentzat, egun berezia izan da gaurkoa. Estreinakoz autobusa antolatu dute taldearen partida bat ikustera joateko. Bazkalorduan iritsi dira Zaragozara, eta elkarrekin bazkaldu dute. Pankarta eta mosaikoa ekarri dituzte, «Ilusioa piztu eta poz handia ematen du hainbeste zale ikusteak emakumezkoen taldea animatzen. Lehen aldia da zale talde moduan halako final batera etortzeko aukera duguna, eta oso berezia da alde horretatik. Zale berriak ere batu zaizkigu, eta hori ere garrantzitsua da. Zaleak emakumezkoen futbolera batzeko balio behar dute halako egunek: kateatu egiten du», adierazi du Maiana Belaunzaran taldeko kideak.
Asteburu-pasa iritsi dira Maitane Aierbe eta Ainhoa Iraola, Villabonatik, bata Bartzelonaren elastikoarekin, eta bestea Realarenarekin. «Nabarmentzekoa da bi taldeetako zaleen artean dagoen giro sano eta ona. Lagunartean igarotzen ari gara eguna, ika-mikarik gabe. Galdu edo irabazi, hori da inportanteena».
«Nabarmentzekoa da bi taldeetako zaleen artean dagoen giro sano eta ona. Galdu edo irabazi, hori da inportanteena».
AINHOA IRAOLA Zalea
Goizean ere izan da Romareda inguruan Espainiako Futbol Federazioak antolatu duen gunea bisitatu duenik. Batez ere familiak izan dira, umeentzako jarduerak baitzeuden han. Alde zaharrean ere ibili dira zale batzuk, poteoa egiten. Denak 19:00ak noiz iritsiko zain zeuden, baina artean gozatzen.