mikel reina

Ebaluazioak

2024ko urtarrilaren 9a
05:05
Entzun

Gabonekin batera kirol askotako ligek lehen itzulia amaitzen dute. Hau da, lehendabiziko ebaluazio bat egiteko garaia iristen da. Ez dira behin betiko notak, baina bai, behintzat, behin-behinekoak. Askotan, gainera, joerak zehazten dituzte. Zaila izaten da onerako edo txarrerako gorabehera handiak izatea hurrengo hilabeteetan.

Baldintzatuta

Bilbo Basketek ezin hobeto hasi zuen denboraldia, eta baten bat Espainiako Kopara begira ere jarri zen. Baina bizkaitarren egungo errealitatea oso bestelakoa da. Lehen lau partidak irabazi eta gero, hurrengo seiak galdu zituzten. Orain, berriz, gorabeheratsu ari dira. Egutegiak asko baldintzatu du bilbotarren jarduna. Batez ere, FIBA Eurokopako asteetan ez dute irabazi ACB ligan aste barruan. Bestetik, Europa kopan oraindik ez dute partidarik galdu. Palentzia, Joventut edo Teneriferen aurkako porrotak mingarriak izan dira, emaitzagatik baino gehiago, galtzeko moduagatik. Jaitsiera postuetatik aldentzeko aukera gehienak, guztiak ez esatearren, Miribillatik igarotzen dira. Manresaren aurkako bezalako garaipenek urrea balio dute. Egun, alde bera dute bilbotarrek kanporaketa eta jaitsiera postuekin: bi garaipenekoa.

Ikatza

Baskoniak metamorfosia bizi izan du Dusko Ivanovicek Joan Peñarroyaren tokia hartu zuenetik. Ukaezina da taldeak bestelako irudi bat eskaintzen duela. Oraindik gorabehera asko ditu partida berean, baina, behintzat, jarrera eta izaera ziurtatuta daude Montenegroko entrenatzailearekin. Emaitzak, momentuz, bestelakoak dira. Arabarrek eskura izan dute azken jardunaldian Koparako sailkatzea, baina Buesa Arenan Real Madrilen aurka galdu ostean ezinezkoa izan da. Hirugarren aldiz azken bost urteetan Kopatik kanpo geratu dira. Aurretik, 29 urteetan bakarrik hiru aldiz huts egin dute. Baskonia Koparik gabe ulergaitza da, kopa Baskonia gabe ulergaitza den bezala.

Porrota da klubarentzat Kopan ez aritzea; ez dago aitzakiarik. Batez ere, azken urteetako joerak egoera larritzen du. Euroligan, adibidez, orain ere zortzi talde onenetatik kanpo dago Baskonia, baita final-laurdenetarako sailkatzeko kanporaketa jokatuko duten taldeetatik kanpo ere. Hala ere, inoizko itzuli onenetan hirugarrena egin du Euroligan: hamar partida irabazi ditu, eta bederatzi galdu. Horrek agerian uzten du txapelketaren berdintasuna eta gogortasuna. Gainera, Gabonetan inor ez da Buesa Arenatik pasatu fitxaketaren bat uzteko. Orain arte ikatza bakarrik jaso du Arabako taldeak. Gaur jokatuko du berriro Euroligan, Monakon (19:00).

Zortzi

Espainiako Ohorezko Mailan, azkenean, bi euskal talde ariko dira Kopan, Huelvan (Espainia): Lointek Gernika eta IDK Euskotren. Denboraldiko lehen zatiko helburu nagusia bete dute: lehen hamabost jardunaldiak jokatuta, zortzi talde onenen artean sartzea, hain zuzen ere. Gorabeherak izan dituzte biek ala biek euren jardunean, baina gutxienekoa lortu dute. Bizkaitarrek, gainera, dagoeneko bigarren helburu garrantzitsu bat ere gainditu dute: Eurokopako ligaxkan aurrera egitea. Lehen kanporaketa ere gainditu zuten, eta bihar final-laurdenetan sartzeko joaneko kanporaketa jokatuko dute London Lionsen aurka, Malosten. Aurrera egitea handia litzateke: lehen aldiz Eurokopako zortzi talde onenen artean egotea.

Gipuzkoarrei, berriz, on egin die Europan ez aritzeak. Estreinako sasoiak beti dira zailak. Orain, berriz, sendotasuna berreskuratu dute, eta merezimendu osoz jokatuko dute Kopa. Dulcy Fankam heldu zenetik, taldeak goranzko bidea bakarrik hartu du. Jori Davis egokitu ez zenez, Kanaria Handitik etorritako Iris Mbulitok egokitzapen epeak laburtuko ditu. 

Kutxabank Araski izan da Kopatik kanpo geratu den euskal talde bakarra. Beraz, beste aldi batera itxaron beharko dugu Euskal Herriko hiru taldeak Kopan ikusteko. Gasteiztarrek garesti ordaindu dute egin zuten denboraldi hasiera kaskarra, eta argi eta garbi hobera egin duten arren, berdintasuna hain handia da, ezen edozein akats zigortzen baitute taldeek. Gernika, IDk eta Araski saiatuko dira bigarren itzuliko helburura iristen, hau da, kanporaketak jokatzeko sailkatzea. Araskik balentria egin zuen igandean, Mendizorrotzan Girona indartsuari irabazita. Garaipen hori mugarri izatea nahi dute arabarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.