Karmele Gisasola Zelai III.a-k (Mallabia, Bizkaia, 1994) sekulako astindua eman zion gorputzari joan den larunbatean, banakako pentatloiaren finalean. Halere, ia ez du atseden hartu. Txapela jantzi eta ordu gutxira erakustaldia eman zuen, eta astelehen goizean lanean ari zen. Baina zoriontasunak gain hartzen dio nekeari.
Bi egun eskas pasatu dira pentatloian aritu zinenetik. Nola duzu gorputza?
Ondo nago. Igande eguerdian erakustaldia izan genuen Luciak [Orbe] eta biok Gordexolan [Bizkaia], eta gustura aritu ginen.
Beraz, ia ez duzu atseden hartu. Lo, behintzat, egin duzu?
Larunbat gauean gutxi egin nuen lo, baina normala da. Halako lanak egin ondoren, kosta egiten da.
Ospatu, behintzat, egingo zenuen, ezta?
Bai, hori bai. Lagunak etorri ziren finala ikustera, eta lanak amaitutakoan haiekin egon nintzen.
Pozak gain hartzen dio nekeari?
Bai. Egia esan, oso harrituta nago ikusita zenbat zorion mezu jaso ditudan. Oso pozik nago.
Historia egin duzu. Emakumezkoen lehen banakako pentatloia irabazi duzu.
Bai, eta horrek oso zoriontsu egiten nau. 1980ko hamarkadan jokatu zen lehen aldiz pentatloia, eta XXI. mendera arte ez dira aritu emakumezkoak. Argi dut: sekula plazaratzeko aukera izan ez zuten emakume horiena ere bada txapel hau; adibidez, nire amonarena. Ea hau mugarria den emakumezko gehiago animatzeko.
Finala ikusi duzu telebistaz?
Noski. Igande goizean bertan ikusi nuen. Banuen gogoa, gauzak oso ezberdin ikusten baitira barrutik eta kanpotik. Sentipenak ere oso bestelakoak izan ohi dira.
Eta nola ikusi duzu zeure burua?
Aizkoran nahiko trabatuta ikusi dut neure burua; plazan ez nuen hori sentitu. Korrika ere desastre ikusi dut. Azkeneko hiru itzulietan erritmo biziagoa egiteko asmoa nuen, baina ezin izan nuen, eta azken itzulian bakarrik egin nuen bizi-bizi korrika.
Nerbioei ez eusteak kezkatzen zintuen gehien. Lortu zenuen urduritasunari eustea?
Egun osoan oso urduri egon nintzen, baina, plazara iritsi eta bolarekin probatu nuenean, sentipen ona izan nuen: «Ondo zaude, Karmele, prest. Kito. Hauxe da», esan nion neure buruari. Ni ondo nengoen, baina ez nekien Lucia eta Garazi [Arruti] nola zeuden, eta zer lan egin zezaketen.
Hemezortzi minutu eta 57 segundoko marka egin zenuen.
Ez nuen espero halako marka ona egitea. Etxean egindako entrenamenduetan, 26 minutu inguruan egin nituen antzeko lanak. Baina oso ezberdina da etxean edo plazan jardutea. Plazara iritsi bezain laster, txipa aldatzen duzu. Gorputzak ere sumatu egiten du, eta ez dakizu onerako edo txarrerako izango den. Zorionez, oraingoan, onerako izan zen. Gainera, eskertu egin genuen ateri izatea. Iritsi ginenean gogotik ari zen euria, eta kezkatu egin nintzen. Beldurra nuen harria eta txingak bustiko zituen eta euriak aizkorako lana zailduko zuen. Zorionez, ateri egin zuen.
Ikuskizun polita eman zenuten. Ados zaude?
Bai. Luciak eta Garazik sekulako meritua dute, batez ere Luciak, otsailera arte ez baitzekien zer ziren herri kirolak. Eta oso lan ona egin zuen. Baita Garazik ere. 50 kilo bakarrik pisatzen du. Ez dakit beste inor ausartuko litzatekeen pisu horrekin.
Gustatzen zaizue pentatloia?
Bai. Ni gustura aritzen naiz lehian, baina telebistaz ere gustura ikusten dut. Ikusleentzat proba polita da, erakargarria.
Binakako pentatloian aritua zinen. Oso ezberdina da banaka aritzea?
Sekulako aldea dago. Ez du zerikusirik. Binaka, zuk egun txarra baldin baduzu, bikotekideak lagun diezazuke; edo alderantziz. Baina banakakoan zu ari zara bakarrik, zu zeure buruaren aurka. Egun ona edo txarra izan, aurrera egin behar duzu.
Gozatu daiteke halako proba batean, ala dena da sufrimendua?
Nik gozatu egin nuen harria jasotzen. Aspaldiko partez, disfrutatu egin nuen. Aldiz, izugarri sufritu nuen korrika. Baina, orokorrean, gustura aritu nintzen.
Eta orain, zer? Atseden hartuko duzu?
Oraindik txapelketa dezente ditugu: aizkoran, Maila Nagusiko Txapelketa eta Urrezko Kopa; ingude altxatzean, Maila Nagusiko Txapelketa eta Bizkaiko Torneoa; eta trontzan, Bizkaiko Txapelketa. Oraindik asko falta da urtea bukatzeko.
Uda ere betea izan duzue.
Bai, txapelketa eta erakustaldi dezente izan ditugu. Entrenatzeko eta sasoiari eusteko balio izan dit.
Seinale ona da egutegia betea izatea, ezta? Aldea dago duela urtebeteko egoerarekin konparatuta.
Sentipena da aurrera egiten ari garela, eta niretzat garrantzitsuena da lehiakide berriak ari direla animatzen, eta maila polita ematen ari direla.
Hiru emakume aritu zarete banakako pentatloian; binakakoan, berriz, bi bikote aritu zineten. Gustura hartuko zenukete lehiakide berriren bat?
Bai, noski, baina banakako pentatloiak urtebeteko prestaketa eskatzen du. Gu iaz hasi ginen aizkoran, eta, gero, giza proban. Nire ustez, aurtengoa erakusleihoa izan da emakume gehiago anima daitezen. Jada etorri zaizkigu batzuk galdezka. Badut itxaropena datorren urtean binakakoan beste lehiakide batzuk ariko direla.
Pixkanaka bada ere, emakumeak ari zarete plaza hartzen?
Bai, plaza dezente egiten ari gara, baita txapelketa asko jokatzen ere. Gero eta aukera gehiago dugu lehiatzeko. Apurka-apurka, baina ari gara aurrera egiten.
Gizonezkoak nagusi dira oraindik herri kirolen inguruan. Zer moduz moldatzen zarete haiekin?
Oso ondo; beti daude laguntzeko prest. Askok guk baino gehiago dakite, eta eskertzen dugu haien laguntza.
Gutxi izateak kirol guztietan aritzera behartzen zaituzte. Nahiago zenukete batean espezializatu?
Nik nahiago dut guztietan pixka bat ibili batean osorik zentratu baino. Gustura nabil denetan.