David Merino. Aspeko pilotaria

«Ea behingoagatik hogeita bira iristen naizen, premia dut eta»

Azken hamasei partidetatik bakarra irabazi du, eta azken zortziak galdu ditu jarraian, tartean txapelketako bostak. Eskuak apurka sendatzen ari zaizkio. Orain helburua ez da binakakoa, konfiantza hartzea baizik.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Bolada txarrean dabil. Masajistaren kontsulta bigarren etxea du, eta eskuko mina ezin kenduta ibili da David Merino (Villar de Torre, Espainia, 1990). Orain, baina, hobeto dago, umore ona berreskuratzen ari da, eta konfiantza hartzea du helburu, garbi duelako ia ezinezkoa dela binakakoaren finalerdietan sartzea.

Zer moduz zaude?

Tira, ondo... Ez da txapelketarik onena izaten ari. Eskuetatik hobeto nago, eta jokoa apurka itzultzea espero dut, baina konfiantza falta asko nabaritzen dut.

Askotan esaten duzue pilotariak prest egon behar duela bolada txarra etortzen denerako.

Egia handia da hori. Ondo zaudenean dena bere kasa doala dirudi. Aldiz, gaizki zaudenean izugarri kostatzen da berriz gora egitea. Dena falta zaizu, ñabardurarik txikienak ere eragiten dizula dirudi, eta asko kostatzen zaizu jokoa hartzea. Eskuak gaizki izan ditut, buruari bueltak ematen dizkiozu, hilabeteak izan dira... Orain, eskuak hobeto ditu,t eta ea hogeita bira iristen naizen, hori ere garrantzitsua delako.

Abuztuaren 10z geroztik partida bakarra irabazi duzu, eta hura 18 tantora izan zen.

Izan daiteke bai, asko ari zait kostatzen hogeita bira iristea. Abuztu bukaeran, eskuak mintzen hasi zitzaizkidan, Villar de Torren jokatu eta ukituta bukatu nuen, gero Miarritzen justu, Sanmateoetan partida bakarra... eta, harrezkero, ikusten nuen eskuak ez zeudela ondo. Pilotalekura irteten zara maila emateko asmoz, ea zorte pixka batekin... Baina ezin. Ondo ez zaudenean zaila da maila ematea, eta, hori gutxi ez, eta kosta egiten zait partiden bigarren zatietan lehiakor izatea.

Egia da hori, partidak amaitzea kostatzen ari zaizu.

Ondo hasten naiz, baina bederatzigarren tantotik aurrera... Txapelketa erritmoa da, iaz oso ondo nengoen, eta bukaerara osorik iristen nintzen. Orain, ordea, konfiantza falta nabaritu, eta mamuak agertzen dira: «Irabazi behar ez dudan beste partida bat», eta burua bueltaka hasten da. Ea behingoagatik hogeita bira iristen naizen, premia dut eta!

Datuak gogorrak dira: azken hamasei partidetatik bakarra irabazi duzu, eta azken zortziak galdu egin dituzu.

Nire bizitzako boladarik txarrena da hau, inoiz ez dut antzekorik izan. Zalantzarik gabe. Pilotalekuan ez dut gozatzen, berriz ere ez jokatzeko gogoa ematen dit.Baina, tira, geldirik egin ditudan azken aste hauek mesede handia egin didate, eskuak sendatzeko. Txapelketan oso zail dago finalerdietan sartzea; orain, helburua, konfiantza hartzea da.

Arlo pertsonalean eragiten al dizu bolada txarrak?

Bai. Bolada motza bada, ez, baina halakoekin... Bueltak ematen dizkiozu buruari, gauza ezberdinak probatzen dituzu... Hasieran ez diozu garrantzi berezirik ematen, baina hilabeteak pasatzen direnean eragiten dizu.

Zehazki, zein da arazoa? Eskuak? Edo zerbait gehiago?

Orain, jada ez. Arazoaren zati bat eskuak ziren, eta, horren eraginez, konfiantza. Pilota ziztu bizian dator, eskua sartu behar diozu, eta atzera egiten dizu. Jokatu beharrean, «ea eskua ez dudan erabat izorratzen» pentsatzen duzu, eta hala oso zaila da. Hainbeste denboran eskuarekin pilota nola jo pentsatzen egon ondoren kantxan nire tokia aurkitzea falta zait.

Lesio larria izan zitekeen beldur al zinen?

Duela urte eta erdi erresonantzia bat egin zidaten, eta fibrosi bat zela ikusi zen. Pilotari guztiok dugu fibrosia eskuetan, eta min ematen hasten denean... Baina tira, berez ez da larria. Hasieran eskuinean izan zen, gero ezkerrean, bietan...

Tunelaren amaiera ageri al da?

Espero ikustea, denak du amaiera bat... Okerragoetatik irten gara,eta hemendik ere irtengo gara. Garai onak itzultzen direnean are gehiago gozatuko ditut. Nola edo hala hiru partida irabaztea behar dut konfiantza hartzeko.

Zeinek jasaten ditu zure petralkeriak?

Hori lan gogorra da! [barrez] Betikoek, etxekoek, anaiak, herriko lagunek... eta entrenamenduetan Joaquin Plaza prestatzaileak asko zaintzen nau. Galdu ondoren haserre noanean, barre eragiten saiatzen da,eta une gozoak itzuliko direla sinesten laguntzen dit.

Zenbat aldiz joan zara Pedro Garcia masajistarengana?

Masajistarengana, Iruñera medikuarengana... Pedroren kontsultari Etxola deitzen diogu, egunero han sartuta. Deitu eta «tarterik ba al duzu?» galdetu, eta beti hartzen gaitu. Eskertzekoa da.

Aurreko txapelketetan beti arituzara lehian. Aurten, berriz, ia ez duzu aurrera egiteko aukerarik, Xalak bi partida jokatu ditu bakarrik... Oso ezberdina da?

Aurten dena okertu da. Joaquin Plazarekin hizketan, okerragorik ez dadila egon zioen. Nire mina, Xalari gertatu zaiona... Ahazteko moduko txapelketa da. Gelditzen diren partidak? Beti dut ilusioa; nire helburua ez dira finalerdiak, konfiantza hartzea baizik.

Ondoriorik atera al duzu bolada oso txar honetatik?

Oraindik ez da bukatu. Erabat osatzean esango dizut. Agian, bertan behera utzi beharreko partidaren bat jokatu dut, min puntua babestuz... Gero, ohartzen zara hobe zela ez jokatzea.

Zer moduz Errioxan? Titinen hutsunea nabaritu al da?

Adarragan bi partida antolatu dituzte, eta jendeak erantzun du. Titinek egindakoa handia da, ezinezkoa da hura berdintzea, baina guk maila ematen badugu, zalea joango da pilotalekura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.