TXIRRINDULARITZA

Dunbar, momenturik egokienean

Irlandarrak oportunismoz irabazi du Vueltako 11. etapa. Berradek eta Ion Izagirrek ere izan dute ihesean irabazteko aukera, baina zorte apur bat falta izan zaie. O’Connorrek sufritu egin du, eta 37 segundo kendu dizkiote Roglicek, Masek eta Landak.

Eddy Dunbar garaipena ospatzen, Padronen. JAVIER LIZON / EFE
Eddy Dunbar garaipena ospatzen, Padronen. JAVIER LIZON / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko abuztuaren 28a
18:52
Entzun

Ekuazio konplexuak izaten dira itzuli handietako ihesaldiak, batik bat oso jendetsuak direnean. Alferrik izaten da formula buruz jakitea. Izan ere, ahalmenaz harago dauden aldagai ugari hartu behar dira kontuan. Funtsezkoa da momentu aproposa hautatzea eta zortea alde edukitzea. Bada, bi premisa horiek bete ditu Eddie Dunbarrek (Jayco) Vueltako 11. etapan. Eguneko ihesaldi jendetsuan sartu da, eta iheskide askorekin batera iritsi da azken kilometrora. Airean zegoen txanpona, eta irlandarrak ezustean harrapatu ditu aurkariak. Tartean ziren Urko Berrade (Kern Pharma) eta Ion Izagirre (Cofidis): bosgarren eta zazpigarren amaitu dute, hurrenez hurren. Dunbarrekin batera, Quinten Hermansek (Alpecin) eta Max Poolek (DSM) osatu dute etapako podiuma.

Iheslariek ez ezik, sailkapen nagusikoek ere eman dute zeresana. Espero bezala, erasoa jo du Primoz Roglicek (Bora) Cruxeiras mendateko aldapa pikoetan. Helmugatik zortzi kilometrora zegoen gaina, eta esloveniarrak Enric Mas (Movistar) eta Mikel Landa (Soudal) eraman ditu berekin. Ben O’Connorrek (Decathlon) ezin izan die jarraitu, eta 37 segundo galdu ditu helmugan. Halere, lidergoan sendo da oraindik: 3.16ra du Roglic, eta 3.58ra Mas. Landak bosgarren jarraitzen du, 4.40ra. 30 segundo eskasera du Richard Carapazen (Education First) laugarren postua.

Gorriz biribildutako etapa zen txirrindulari askorentzat, eta, horregatik, zalaparta handia izan da eguneko ihesaldia osatzeko. San Xusto mendateak ez du balio izan iragazki gisa; ordea, ia 40 txirrindulari aurreratu dira lehen igoeraren ondotik. Tartean ziren Dunbar, Izagirre, Brandon McNulty (UAE), Daniel Felipe Martinez (Red Bull), Jhonatan Narvaez (Ineos) eta George Bennett (Israel), besteak beste. Ormaiztegiarraz gain, Berrade eta Ibon Ruiz (Kern Pharma), eta Xabier Isasa (Euskaltel) izan dira ihes egindako beste euskal herritarrak.

Tropelak askatasuna eman die aurrekoei, eta azkar igo da aldea, sei minutuko langa gainditzeraino. Aguasantas birritan igo dute, eta Xandro Meurise (Alpecin) luzaroan ibili da ihes eginda. Geroago, saialdi laburra egin du Isasak. Eta behin azken igoerara iritsita, garaipenaren bila atera da Berrade. Poole eta Carlos Veronarekin (Lidl) batera igaro du tontorra, eta azken kilometroaren atarian harrapatu dituzte. Izagirre itxita gelditu da suziria piztear zela, eta jarraian etorri da Dunbarren errematea. Elkarri begira gelditu dira gainontzeko iheslariak. Behar zen momentuan agertu da irlandarra. Hiru minutu eta erdi geroago helmugaratu da Roglic, Mas eta Landaren multzoa.

Helmuga mendate batean izango dute bihar: Manzaneda mendi estazioan, hain zuzen –15 kilometro eta %4,7ko pendiza–. Eguneko igoera puntuagarri bakarra izango da, baina nahikoa aldapa igoko dute hara bidean. 137 kilometro egingo dituzte guztira.

SAILKAPENAK

11. Etapa

1. Eddie Dunbar (Jayco) 3.44.52

2. Quinten Hermans (Alpecin) 2ra

3. Max Poole (DSM) d.b.

4. Jhonatan Narvaez (Ineos) 4ra

5. Urko Berrade (Kern Pharma) d.b.

Nagusia

1. Ben O’Connor (Decathlon) 43.54.54

2. Primoz Roglic (Bora) 3.16ra

3. Enric Mas (Movistar) 3.58ra

4. Richard Carapaz (Education First) 4.10era

5. MikelLanda (Soudal) 4.40ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.