Aurreko denboraldiko helburu berbera izango du Miguel Etxeberriak zuzentzen duen Replasa Beti Onak taldeak: mailari eustea. Paula Garcia jokalariak (Muskiz, Bizkaia, 1996) nabarmendu dutaldeari «baliagarria» izango zaiola aurreko sasoian Ohorezko Mailan ikasitako guztia.
Denboraldiaurrea amaituta, nola ikusten duzu taldea gaur hasiko den ligari begira?
Taldeak oso prestaketa fase ona egin duela uste dut. Exijentzia handiko partidak jokatu ditugu, eta fisikoki ondo ailegatzen gara denboraldi hasierara. Nire iritziz, iazkoa baino prestaketa hobea izan da.
Igo ostean, goi mailan egiten den bigarren denboraldia lehendabizikoa baino zailagoa izaten dela esan ohi da. Zer iritzi duzu zuk?
Baietz uste dut. Halere, aurkariek hobeto ezagutzen bagaituzte ere, guk ere elkar hobeto ezagutzen dugu, eta esperientzia handiagoa daukagu. Dugun taldean eta egiten dugun jokoan gehiago sinesten dugu orain. Erronka zaila da, baina, aldi berean, oso polita.
Oso ondo hasi bazineten ere, espero baino gehiago sufritu zenuten mailari eusteko. Zergatik?
Bai, denboraldia oso luzea egin zitzaigun. Hobetzeko daukagun gauzetako bat jokoaren erregulartasun hori da.
Zazpi jokalari fitxatu dituzue, eta Lyndie Tchapcheten gisako jokalari garrantzitsu batek taldea utzi du, besteak beste. Nolako taldea osatu duzue?
Talde oso lehiakorra eta osoa izango garela uste dut, postu ezberdinetan jokatu dezaketen jokalari asko ditugulako. Fitxaketa onak egin ditugu.
Ligako formatu aldaketaren ostean, talde bakarra jaitsiko da. Horrek helburua errazten du, ezta?
Bai, begi bistakoa da. Aurreko denboraldian ikusi zen bezala, jaitsierako faserako lanak aurreratuak izateak lasaitasuna ematen dizula ere kontuan hartu behar dugu.
Zein izango dira zuen aurkari zuzenak?
Oraindik ezin da zehazki jakin, baina, hasieran, Oviedo eta Elda izan daitezke. Oso liga lehiatua espero dut.
Aurreko denboraldian lortutako esperientzia guztia oso garrantzitsua izango da hastear den denboraldi honetarako?
Bai, baliagarria zango da. Aurreko denboraldian, taldeak nabaritu zuen esperientzia horren falta, eta hainbat huts egin genituen arrazoi horrengatik. Aurten, gure alde erabili behar dugu aurreko denboraldian ikasitako guztia.
Guardesen aurka hasiko duzue denboraldia. Lehen partida zaila egokitu zaizue.
Bai. Aldaketa asko izan dituen taldea izan da, baina denboraldiaurrean Cristina Cabeza entrenatzaile berriaren jokora azkar egokitu direla erakutsi dute. Talde oso azkarra eta moldakorra da. Horrenbestez, partida zaila izango da.
Paula Garcia. Beti Onak-eko jokalaria
«Dugun taldean eta egiten dugun jokoan gehiago sinesten dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu