Futbola, Xabier Azkargorta (Azpeitia, Gipuzkoa, 1953) eta Bolivia. Zenbat oroitzapen polit. Behin bakarrik aritu da Bolivia Munduko Kopan; 1994an izan zen, AEBetan, eta Azkargorta zen entrenatzaile. Heroi bilakatu zen herrialde hartan, eta heroiak beti itzultzen direnez, ekainetik da selekzioaren arduradun teknikoa. Gaur abiatuko da Euskal Herrirantz selekzioarekin, duela hemezortzi urte bezala. Gero lortu zuen sari handia, eta orain ere berriz lor dezake balentria, aukera baduelako. Bere selekzioarekin dator Euskal Herrira, eta telefonoz erantzun ditu galderak, Boliviatik.
Larunbatekoa berezia izango da zuretzat.
Bai. Berezia da, eta gainera, iraganeko gauza asko pizteko balioko du. Lehen ere izan ginen Anoetan, duela hemezortzi urte, eta hura dena gogoratzeko egokia izango da.
Nolako Bolivia azalduko da Anoetan?
Ia jokalari guztiekin goaz: Raldes eta Martins izan ezik, gainerako guztiak joango dira. Orain ari direnen %85 han izango dira. Lehiakorra izango da taldea. Euskal Selekzioa bezala, gogorra baita boliviarren selekzioa. Nahi dut lehiakorrak izatea. Azkeneko partida Costa Rican jokatu dugu, lagunartekoa izan da, eta bana berdindu genuen. Oso ondo jokatu genuen. Aurrekoa, lehiaketa ofizialekoa izan zen, 2016ko Munduko Kopara sailkatzeko fasekoa, Uruguairen aurkakoa, eta 4-1 irabazi genuen. Oso pozik da hemen jendea, eta horrela segitu nahi dugu.
Bolivian gogoan al dute 1993ko partida hura?
Bai, bai. Gainera, bada datu berezi bat: Sergio Galarza atezaina Anoetan izan zen orduan, eta aulkian egon zen. 17 urte zeuzkan, eta oraindik ere selekzioan jarraitzen du. Orain ere Donostian izango da, bigarren aldiz.
Partida guztiek izaten dute horrelako datu bereziren bat, ezta?
Bai, hala izaten da. Gainera, Galarza horrek badu beste bitxikeria bat. Bere aitaren kontra jokatu zuen Boliviako ligako partida batean. Biak atezainak. Marka izan zen. Aita Lucho zen.
Hemezortzi urteren bueltan itzuli zara Boliviara, eta ematen du nonbait idatzita zegoela itzuli egingo zinela. Hala pentsatzen duzu zuk ere?
Hala ematen du, eta jende askok esaten du hori. Orduan, joan nintzenean, askok ez zuten ulertu zergatik joan nintzen, eta esaten zuten itzuli egingo nintzela; halaxe gertatu da, azkenean.
Damutu al zaizu inoiz Boliviatik orduan alde egin izana, ikusirik zer esperientzia izan zenituen gero?
Ez, ez. Nire izena indar gehiegi hartzen ari zen orduan, eta ez nuen nahi hala izatea. Horregatik joan nintzen.
Boliviako selekzioaren ardura bigarrenez hartu aurretik, herrialdean zinen, baina beste lan batean. Azalduko zertan ari zinen?
Gazteen futbola indartzeko proiektu bat jarri zuen martxan hemengo gobernuak, eta hor lan egitera etorri nintzen urtarrilean. Evo Morales presidenteak eskatu zidan egitasmo batzuk prestatzeko, eta horretan ari nintzela etorri zen federazioaren proposamena; ezin nien ezetz esan. Ekaina pastuata egin zidaten proposamena.
Han zinen bitartean beste egitasmo horietan lanean, susmorik hartu al zenuen selekzioaren ardura eskainiko zizutela?
Jendeak beti esan izan du nahi zutela ni itzultzea, baina gauza bat da hitz egitea, eta beste bat proposamen serioa egitea. Oso pozik nago, baina ardura ere handia dut. Beti izaten dira alderaketak lehengo garaiarekin, baina bakoitzak bere bidea dauka.
Alderaketarena entzunda, presioaren sinonimo gisa ulertu da. Bolivian ere zaila al da entrenatzaile izatea, munduko beste bazter guztietan bezala?
Leku guztietan bezalakoa da: irabazten denean, ondo egoten da entrenatzailea, baina galtzen denean, kalera. Lege hori garbi dago mundu osoan, eta hemen ere bai.
Munduko Kopara sailkatzeko fasean, zurekin hiru partida jokatu ditu Boliviak. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?
Denetik izan dugu: bat galdu, bat irabazi eta beste bat berdindu. Aurrenekoan, galtzaile izan ginen, Ekuadorren. Penaltiz sartu ziguten gola, eta mundu guztiak esan zuen ez zela izan, baina... Gero, Peruren aurka bana berdindu genuen, eta Uruguairi 4-1 irabazi genion, lehen esanda bezala.
Lau puntura duzue saria, Munduko Kopan aritzeko aukera. Hor dela berriz ere Bolivia!
Bai, hor gaude, borrokan sartuta gaude, eta partidak jokatu egin behar dira. Puntuak eta aukerak dauden bitartean, hor ibiliko gara borrokan. Lehen lau taldeak zuzenean sartuko dira Munduko Kopan, eta bosgarrenak kanporaketa jokatu beharko du Ozeaniako talderen baten aurka. Laugarren eta bosgarren sailkatua dauzkagu lau puntura.
Lehiari berriz ekiten diozuenean, hasierako partida horietan emaitza onak lortzea funtsezkoa izango da, ezta?
Bai. Kolonbian jokatuko dugu lehendabizi, martxoan, eta gero Argentina dator hona. Gero eta puntu gutxiago geratuko direnez jokoan, saiatu behar dugu zerbait ateratzen partida horietan. Erabateko kontzentrazioa lortu behar dugu.
Beti esaten da kontu hau Boliviaren inguruan: altueran jokatzean aldea duzuela. Beti erantzun bera eman izan duzu.
Jakina. Altueraren eragina hain erabakigarria balitz, Bolivia Munduko Kopa guztietan aritzeko sailkatuko zen, eta nik dakidala, behin bakarrik sailkatu da. Bada beste datu bat ere kontu horren inguruan: Uruguairen aurka jokatu genuenean, gure hamaikakoan lau jokalari bakarrik zeuden altueran jokatzen dutenak sarri, eta beste zazpiak gainontzekoen neurri berean ari dira jokatzen.
Bolivian galtzen dutenen aitzakia al da altuerarena?
Izan daiteke. Ez dut ukatuko badituela bere gauzak altueran jokatzeak, baina 40 gradutan eta egundoko hezetasunarekin jokatzen denean edonon, inor ez da kexatzen. Bestalde, mediku gisa hitz eginda, esango dizut inor ez dela hil futbolean jokatzen altueran bihotzekoak jota; aldiz, bestelako egoeretan, asko hil dira.
Zu selekziora itzuli izanak handitu egin al du zaleengan Munduko Kopara sailkatzeko itxaropena?
Bai. Jendea itxaropentsu dago, eta ikusi dute aldaketa handia egon dela taldean, 20 urtez azpiko lau jokalarik egin dutelako debuta, oso ondo jokatuz, gainera. Piztu egin du itxaropena, eta hor ibiliko gara borrokan.
Lehen esan duzu zure izenak indar gehiegi hartu zuelako joan zinela Boliviatik aurreko aldian. Orain nolakoa da zure izenak duen indarra?
Harrituta nago, baina beharbada, aurreko aldian baino indar handiagoa daukala konturatu naiz.
Erraza al da eramaten hori?
Ez, baina ahalik eta lasaiena eramaten saiatzen naiz. Jendeak kalearen beste aldetik kasu egiten dit, afaltzera ezin dut joan zenbait lekutara, nire sinadura nahi izaten dute, eta horrelakoak, betiko gauzak. Lehen baino gehiagotan ari zaizkit gertatzen halakoak, eta uste dut orduan baino jende gehiagok ezagutzen nauela.
Bigoton deitzen jarraitzen al dizute oraindik?
Bai, oraindik ere bai. Izenez ere deitzen didate, eta abizenarekin ere bai.
Selekzioan, zure laguntzaile dira lehen zure jokalari izandako Marco Antonio Sandy, Mauricio Soria eta Marco Antonio Etcheverry. Zergatik aukeratu zenituen?
Etcheverry beste kontu batzuekin dabil AEBetan, baina harremanetan jarraitzen dugu. Lan horretan ari ziren, eta hirurak entrenatzaile onak direla badakit; gero, ezagutzen dute nola lan egiten dudan, eta horregatik ere aukeratu nituen.
Larunbatean aurkari izango duzun Mikel Etxarrik zera esan du zutaz: «Azkargortaren ezaugarri onenetako bat da berdin entrenatzen duela elitean eta Hirugarren Mailan ari zenean». Hala al da?
Bai, hala da. Beti esan izan dut entrenatzea gauza bera dela edozein mailatan. Entrenatzaileak entrenatu egin behar du, eta jokalariak, jokatu, eta gogoak bera izan behar du maila batean eta bestean; bizitasuna ezin da galdu. Hemen nabarmendu nahi dut Bolivian jokalariek ez dutela dena ematen entrenamenduetan eta partidetan. Beti esaten diet dena eman behar dutela, baina diren baino gutxiago direla uste dute.
Zergatik uste dute gutxiago direla?
Autoestimuaren arazoa izan daiteke, akaso.
1993an Boliviara joan zinenean ezaugarri jakin batzuk izango zituen hango futbolak. Orain ere bai, ala izan da aldaketarik?
Oso antzekoak dira ordukoa eta oraingoa. Oso zaila zen lan egitea, eta orain ere bai. Antolaketan dituzte arazoak.
Eta jokalarien moldea aldatu al da?
Teknikoki onak dira, baina taktikaren aldetik gutxi landuak.
Boliviako futbolean jokoa askotan geratzen dela diozu, jokalariek gehiegi botatzen dutela bere burua lurrera. Aldatu al daitezke horrelako ohiturak?
Ohituta daude ukitu orduko euren burua lurrera botatzen, eta epaileek asko geratzen dute jokoa. Epaileek protestak ere egiten dizkiete; Espainiako futbolean hala ibiltzen ziren duela hogei bat urte. Esaten diet futbolariei aldatu egin behar dituztela jarrera eta ohitura horiek.
Nolakoa da zure egun arrunt bat La Pazen?
Taldearekin ez banago, 06:30 edo 07:00 aldera jaikitzen naiz. Nire lanak prestatzen ditut, eta federaziora joaten naiz lanera, han daukadan bulegora. Eguerdian, etxera itzultzen naiz bazkaltzera, eta berriz joaten naiz bulegora, 20:00ak aldera arte. Beste egun askotan, gazteak ikustera joaten naiz, partidak antolatzera beste hirietan eta herrietan.
Noiz arteko kontratua duzu federazioarekin?
Neuk eskatu nien urtebeterako egiteko, berdin delako baterako egin edo lau urterako egin futbolean. Gustura egon edo ez, ikusiko dugu gero.
Xabier Azkargorta. Boliviako selekzioko hautatzailea
«Duela hemezortzi urteko gauza asko gogoratzeko egokia izango da aurtengoa»
Datorren larunbatean, 1993ra joango zaio burua Xabier Azkargortari. Orduan, 3-1 galdu zuen Boliviak Euskadiren aurka. Berriro hango selekzioaren ardura du, eta aurkari gisa itzuliko da etxera beste behin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu