Binakako txapelketak emaniko mailarekin pozik dago; ez, ordea, emaitzekin. «Zorte pixka bat izan bagenu...», hor du arantza Aritz Beginok (Autza, Nafarroa, 1980). Lasai mintzo da, pozik, aurki aita izango baita, eta horrek eguneroko jarduna argitzen dio.
Matematiken arabera, oraindik baduzue aukerarik finalerdietan sartzeko.
Tira, guk ez diogu horri begiratzen. Inoiz baino gehiago partidaz partida joan behar dugu orain, eta gelditzen diren hirurak irabazten saiatu. Aukerarik bada, baina oso zail dago.
Hain egoera deserosoan egonda, motibazioa aldatzen al da?
Ez, lehen partidako bera dugu. Txapelketa oso estu dago, eta edozeinek irabaz diezaioke edozeini eta asmo horrekin irtengo gara.
Azken partidan disgustua eman zenioten Titin eta Merinori.
Ondo jokatu genuen. Eurek presioa sumatu zuten, eta guk, aldiz, lasai jokatu genuen. Defentsan ondo aritu ginen, nik ondo mugitu nuen pilota, eta Arretxek errematean asmatu zuen. Igandean bezala gehiagotan jokatu izan bagenu, ziur hiru puntu baino gehiago izango genituzkela orain.
Partidak gogortu beharrean, gehiago arriskatzea falta izan zaizue?
Agian bai. Arretxeri asko gustatzen zaio tantoa lantzea, bere defentsan konfiantza handia duelako. Segur asko, defentsa onena duen Lehen Mailako pilotaria da. Nik ondo agindu dut, eta agian gehiago komeni zitzaidan beste ezaugarri batzuek dituen aurrelari bat. Bikote gisa ondo hartu duteelkar, eta zortea falta izan zaigu.
Gehiagi gogortu dituzue behin baino gehiagotan.
Xala-Barriolaren aurkakoagatik diozu? Barriolak eskuan arazo txikia zuela iruditu zitzaidan, eta ez genuen baliatu. Asko gogortu zen partida hura, norbait lehertu arte, eta ni izan nintzen tamalez.
Zerk egin du kale?
Zorte pixka bat falta izan zaigu. 20-16 irabazten aritutako partidaren bat galdu dugu, Bengoetxea-Beroizen 22-21ekoa, Xala-Barriolaren aurka lanak bukatzen ez genuen asmatu... Bi partida horiek atera izan bagenitu, orain Titin-Merinorekin geundeke.
Zer-nolako zaporea gelditu zaizu?
Ona. Nik ondo jokatu dut, partida askotan agindu dut. Duela bi urteko Aritz Begino ikusi du jendeak, eta gustura gelditu naiz lanarekin. Emaitzek ez dute lagundu, baina, oro har, iaz baino maila askoz hobea eman dugu.
«Zorte pixka bat izan bagenu», «irabazi izan bagenu»... Baldintza aditzak. Arantza dagoenaren seinale.
Bai, bai, hor dago, ez dut ukatuko. Binakakoa urteko helburua da,eta, zorte pixka batekin, laugarren posturako lehian dauden bikoteekin egon gintezke.
Kritikak entzun dituzu: maila jaitsi duzula, Olaizola II.arekin beste maila bat eman zenuela duela bi urte...
Horietako kritika asko pilotari buruz ezer gutxi dakien jendeak egiten ditu. Onerako kritika bada,onartzen da, baina ni duela bi urte bezain ondo nago. 32 urte ditut, eta sasoiko nago. Soka luzea gelditzen zait goiko mailan jarraitzeko. Eta Olaizolarenari buruz, jende guztiak jokatzen du gehiago harekin. Hura eta Irujo beste maila batean daude, eta erosoago jokatzen da haiekin. Besteontzat pilota gogor lan egite kontua da.
Kritikak xurgatzen ere ikasten da?
Gaztea zarenean gehiago eragiten dute. Nik ez dut egunkaririk irakurtzen, eta kaleko pilotazaleak ere iruditzen zaiona esan diezazuke. Nik badakit hutsak egin ditudala, denok bezala, baina bizitzan ardura gehiegi ditugu kritikekin itsutzen hasteko.
Zein izango da finalerdietako laugarren bikotea?
Asegarceko bat izatea gustatuko litzaidake; poztuko nintzateke Berasaluze-Albisu balira. Eurak eta Titin-Merino dira niretzat hautagai nagusiak. Xala-Barriola, aldiz, pattalago ikusten ditut.
Buruz burukoa urrun al dago?
Bai, baina niri gustatzen zait jokatzea eta enpresak badaki.
Aritz Begino. Asegarceko pilotaria
«Duela bi urteko Begino ikusi du pilotazaleak»
Bigarren urtez jarraian Binakako Txapeletako emaitza ez da ona izan; Begino, baina, iaz baino lasaiago dago bere buruarekin, maila txukuna eman duelako: «32 urte ditut, eta soka luzea gelditzen zait oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu