Battitta Ducassouk zazpigarren txapela irabazi du asteburu honetan trinketeko buruz burukoan, Mathieu Ospital aurkari eta laguna 40-27 menderatu ostean. Hazparnen zazpigarren txapela irabazita, dagoeneko hobetu du Manu Martiarenaren eta Waltary Agustiren marka. Ikusmin handia eragin zuen partidak, Ducassouk zazpigarren txapela jantzi baitzezakeen. Baina Ospitalentzat ere berezia zen finala, lehen txapela lortzeko aukera baitzeukan. Gauzak horrela, goraino bete zen frontoia, baina txapelduna aise nagusitu zen.
Partidaren hasiera ikusita, inork gutxik imajinatuko zukeen amaierako emaitza. Ospital lotsarik gabe kantxaratu zen, eta oharkabean harrapatu zuen Ducassou; hotz, oraindik. Baina txapeldun handiak ez dira hasiera txar batekin kikiltzen, eta berehala berdindu zuen partida: 7-7. Une hartatik aurrera, gehiago izan zen Ducassou. Ziztu bizian amaitu zituen tantoak, bata bestearen atzetik, eta alde nabarmena ezarri zuen markagailuan: 27-10. Ospitalek gogor egin zuen lan partidan sartzeko, baina aldea murriztea besterik ez zuen lortu.
Txapela jantzi ostean, pozik agertu zen txapelduna kazetarien aurrean. «Eri izan naiz, eskuko mina izan dut, eta dena gaizki zihoan. Gaur, zailtasunetan ezarri nauen bere abiatzearekin, hastapenetik erreakzionatu behar izan dut, baina eskuan kolpe bat hartu duela uste dut. Horrek eragin handia izan du, eta fite hartu ahal izan dut hamabost punturen aldea», adierazi zion Mediabaski.
Zazpigarren txapela irabazteko parada izatea galanta zen Ducassourentzat, baina, era berean, presio puntu bat dakar horrek ordainetan; berak nahi ala ez. Txapelketan behetik gora egin behar izan du Itsasuko atzelariak. «Urduri hasi nintzen. Nekatuta nintzen urte hasieran, eta min pixka bat nuen eskuetan eta bizkarrean. Oso zaila izan zen lehen partida, Ipharren aurkakoa. Sufritu egin nuen irabazteko [40-30]. Baina, hortik aurrera, lasaiago aritu naiz: oso ondo jokatu nuen Bideondoren aurka, ondo sakatuz [40-12]; Peioren [Larralderen] aurkakoa, berriz, latza izan zen, baina oso ondo nengoen, sasoiz eta konfiantzaz [40-29]», adierazi zuen finala jokatu aurretik, BERRIAri emandako elkarrizketan.
Poza eta nahigabea
Waltaryk eta Martiarenak zeukaten errekor hori bereganatzeko aukera. Ez zen hori Itsasuko pilotariaren helburu nagusia, baina horretan ez pentsatzeak ez du esan nahi ilusiorik pizten ez zionik. «Nik ttipi-ttipitatik ukan ditut Manu eta Waltary izartzat, eta biziki ederra da haien pare egotea», aitortu zuen finalaren aurretik. Berdintzearekin nahikoa ez, eta azkenerako gainditu egin ditu betidanik miresten zituen pilotariak. Orain, aldea handitzeko parada izango du. Horixe izango du erronkatzat datozen urteetan.
Bitartean, Ospitalek txapelarekin amets egiten jarraituko du. Buruz buruko txapelketak maldizio kutsua du Urepeleko aurrelariarentzat. Bosgarren aldiz jokatu du Banakako Trinket Txapelketako finala, eta denak galdu ditu. Ducassou bera izan da haren aurkari ohikoena: 2017an, aurten bezalaxe, 40-27 galdu zuen; 2019an, 40-18; eta 2022an, 40-11. 2018an, berriz, 40-18 galdu zuen Peio Larralderen kontra.