Bartzelonaren aurka jokatu zuen lehenbizikoz Athleticekin, eta, egun hartan, Ernesto Valverdek esan zion hasieratik ariko zela. Orduan jantzitako elastikoa maiatzaren 30ean utziko du betiko, Espainiako Kopako finalean, berriz ere Bartzelonaren aurka, eta, berriz ere, Valverdek idatziko du Iraolaren izena aldagelako arbeltxoan. Zirkulu bat itxiko du Andoni Iraolak, hamabi denboraldi eta zuri-gorriz jantzitako 500dik gora partida geroago. Hori izango baitu azken laneguna Athleticekin, eta, hortik aurrera, eskuin hegaleko ausart eta dotore hura taldearen historiaren zati izango da.
2000. urtean iritsi zen Lezamara Iraola, Jose Mari Amorrorturen begi klinikoari esker. Mikel Arteta eta Xabi Alonso izar zituen Antiguoko hartako perla ezkutua zen. Baldar itxurako eskuin hegalekomehar eta luzea —1,82 metro neurtzen du—, baina zetazko eskuin hanka zuena. 18 urterekin iritsi zen gainera, ondo koxkortua ordurako. Patxi Illarramendik 25 urtean dabil Realeko begirale lanetan, Gipuzkoako futbola arakatzen, eta, 2012an BERRIAri adierazizionez, Iraolaren talentuari ez erreparatzea izan du bere ibilbide oparoko damurik handiena.
2003ko abuztuaren 30ean egin zuen debuta Athleticekin, arrats sargori batean. Egun hartaz geroztik, lurralde baten jabe egin zen Iraola: San Mameseko eskuin hegala. Izaera hotzekoa eta ez bereziki bizkorra izatearen ospea hartu zuen berehala, baina bere postuan inor gutxik adina kalitate zuen. Saiatua defentsa lanetan, ordenatua, eta oso ausarta erasoan. Iraola ez da izan erdiko marra gurutzatzean kalanbrea jasotzen duten hegaleko horietakoa. Athleticek azken hamar urtean izan duen erdiratzailerik trebeena izan da, eta aise zapaldu izan du aurkariaren area. 37 gol sartu ditu, ezohiko kopurua atzelari batentzat, eta asko ederrak. Esaterako, sasoi honetan Torinoren aurka eginiko artelana.
Iraolak 507 partida jokatu ditu Athleticekin, eta ligako azken lau partidak eta Kopako finala jokatzen baditu, 512 izango ditu. Athleticen partida gehien jokatu duten jokalarietan laugarrena da, eta aurreneko atzelaria. Kopuru deigarria da, berandu egin zuelako debuta, 21 urterekin, eta gazte utziko duelako Bilbo, 33 betetzear. Erritmo horri eusteko, baina, gorputza zukutu du —54 partida jarraian jokatzera iritsi zen—, eta horrek erraztu dio erabakia. «Urtero zailagoa da jendeak nigandik espero duena ematea. Athleticen elastikoa erantzukizun handia da». Kapitainak atzo eman zuen bere asmoen berri, taldekideen babesean. Taldeak segitzeko eskaintza egin dio, baina sasoi hasieratik garbi zeukan azken urtea zuela Athleticen.
Bartzelonan itxiko den zirkuluko egunik gozoenak 2012ko martxo erdialdekoak izan ziren, Europako Ligan Manchester United kanporatu zuenean. Garratzenak, aldiz, 2005-2006 eta 2006-2007ko sasoi amaieretakoak, taldeak Lehen Mailari eustekogorriak ikusi zituenean. Entrenatzaileei dagokienez, Valverde du kutun, nahiz eta harekin beste guztiekin baino gutxiago jokatu duen. Kutuna bai, baina ez azkena, Iraolak jokatzen segituko duelako, maila txikiagoko baina diruz ondo hornituriko ligaren batean, baina ez du erabaki non. «Astia dut erabakitzeko, baina badakit esperientzia erabat berria izango dela». Zurrumurruek AEBetako ligan kokatzen dute, heldu den sasoian Europako hainbat izar beterano erakarriko baititu.
Dotore eta ausart gogoratuko dute
Andoni Iraolak Athletic utziko du denboraldi bukaeran. 32 urterekin, taldeak kontratua berritzeko eskaintza egin dio, baina ez du onartu. Argitu ez duen arren, oso litekeena da jokatzen segitzea, baina maila txikiagoko ligaren batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu