Gaizka Toquerok 2 zenbakia duen elastikoa darama soinean. Ezohikoa da erasoko jokalari batek horren zenbaki txikia eramatea bizkarrean. Erasoko jokalari batena baino gehiago, atzelari baten dortsala da, tradizioz, eskuin hegaleko atzelariarena. Toquero, baina, ez da atzelaria, aurrelaria baizik. Erasoan aritu da 2009ko urtarrilaren 4an Athleticekin debuta egin zuenetik. Aurkariaren atea begi artean zuela jokatu ditu 165 partida, eta 24 gol sartu.
Baina aurki baliteke Toquerok aurkariaren ateaz baino gehiago bereaz arduratu behar izatea. Hori ondorioztatu daiteke, behintzat, azken astean Lezaman ikusitakoa kontuan hartuz gero. Marcelo Bielsak behin baino gehiagotan jarri du jokalari gasteiztarra defentsako eskuin hegalean. Are gehiago, entrenatzaileak eta Toquerok elkarrekin hitz egiten dute aukera horretaz, eta jokalaria prest azaldu da postu horretan aritzeko behar den lana egiteko. Ez litzateke ere izango gasteiztarrak postu horretan jokatuko lukeen lehen aldia. Alaveseko beheko mailetan hor jokatu zuen, eta Sestaon ere noiz edo noiz aritu zen defentsa lanetan, eskuinetik.
Hiru arrazoi daude aldaketarako. Lehena, Andoni Iraolak ez duela ordezkorik postu horretan. Usurbilgo jokalaria nekaezina da, eta ohituta dago denboraldiko ia partida guztiak jokatzera. Hala ere, mesede egingo lioke noiz edo noiz atseden hartzea. Toquerok emango lioke atseden hori. Markel Etxeberria gaztea ere hor dago. Gaia badu Erandiokoak (Bizkaia), eta etorkizun bikaina — «jokalari puska da», esan zuen Iraolak Markel Etxeberriaz sasoiaren hasieran—, baina 17 urte besterik ez du, eta eskarmentu gutxi maila nagusian aritzeko, non eta defentsan, munduko jokalari onenetako askoren aurrean.
Postua aldatzeko bigarren arrazoiak, berriz, Bielsak erasoko jokoaz duen pentsaerarekin du zerikusia. Argentinarrak ez du ikusten Toquero aurrelari peto-peto moduan. Aritz Aduriz eta Fernando Llorente dira profil hori betetzen dutenak. Bata edo bestea egon ohi da zelaian. Athletic galtzen ari denean soilik aritu ohi dira biak elkarrekin. Eta aurrelari petorik gabe jokatuz gero? Ez litzateke asko aldatuko Toqueroren egoera. Markel Susaeta, Iker Muniain, Isma Lopez, Ibai Gomez... jokalari asko daude hor joka dezaketenak, eta sasoi honetan, behintzat, Toquero ez dago lehen postuetan zerrenda horretan. Estatistikak argigarriak dira: 51 minutuz besterik ez du jokatu Espainiako Ligan —hiru partidatan hartu du parte—. Europako Ligan, berriz, hiru partida jokatu ditu, Slavenen aurkako biak eta Helsinkiren aurkako itzulikoa. Ligaxkan, ordea, ez du minutu bakar bat ere jokatu.
Azkenik, Toqueroren postu aldaketarako hirugarren arrazoiak jokalariaren dohainekin du lotura. Bielsaren ustez, Toquerok dohain onak ditu defentsako eskuin hegalean aritzeko: azkarra da, ondo erdiratzen du eta lanerako gogo handia dauka. Entrenatzaileak estimu handia dio, entrenatzen eta jokatzen barruan duen guztia ematen duten horietakoa baita.
Bielsak ez ezik, taldekideek ere uste dute Toquero ondo molda daitekeela defentsako eskuin hegalean. «Nekaezina da, nortasun handia dauka, eta asko transmititzen du. Erdiratzen ere trebea da. Ondo molda daiteke postu horretara. Entrenatzaileak harekin probak egin baditu, aukera bat delako egin ditu. Jokatzen badu, ziur lan ona egingo duela», esan zuen atzo Ander Iturraspek.
Javi Gonzalez, azken kasua
Athleticen aurretik izan da halakorik: aurrean hasi eta atzean jokatzen bukatu duten jokalariak. Javi Gonzalez da bat. Gurutzetakoa (Bizkaia) punta-erdi edo aurrelari postuetan jokatzen zuen, baina 2001ean, Jupp Heynckesek Athletic zuzendu zuen bigarren aldian, aurretik atzera egin zuen, defentsako eskuin hegalera, entrenatzaile alemaniarrak hala erabakita. 27 urte zituen Javi Gonzalezek, Toquerok orain baino bat gutxiago. Beraz, gasteiztarra garaiz dago beste postu batera egokitzeko. Aurki ikusiko da apustua den, edo salbuespeneko aukera.
Dortsala aspaldi zuen hartua
Gaizka Toquero defentsako eskuin hegalera atzeratzea aztertzen ari da Marcelo Bielsa, Iraolak atseden hartzeko aukera izan dezanGasteiztarraren abiadura eta erdiratzeko gaitasuna baliatu nahi ditu entrenatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu