Arrauna

Lan egiteko erak eta giroak erakarrita

Orion bi urte egin ostean, Donostiarraren eskifaian arituko da Uxue Urra datorren denboraldian. Urte zail baten ostean, arraunean gozatzeko gogoz dago.

Uxue Urra Nafarroako Arraun Elkartean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Uxue Urra, Nafarroako Arraun Elkartean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 8a
05:05
Entzun

Iruñetik Oriora joan-etorrian aritu da Uxue Urra (Iruñea, 2000) azken bi urteetan. Lehen urtean dena irabazi zuen mirotzekin, baina iazko sasoia uste baino gogorragoa izan zen haientzat. Aurrez Hibaikan ere aritu zen. Iruindarra izaki, handik hona joan-etorrian aritu behar izatea esfortzu handia da edozeinentzat, eta sufritu ere egiten da gauzak nahi bezala irteten ez direnean. Horregatik, esfortzu horrek merezi duela ikusteko asmoz, taldez aldatzea erabaki du Urrak. Orioren San Nikolas ontzia utzi, eta Donostiarraren Bantxa-n arituko da aurten.

Behetik gora dator Donostiarra. Rufo Ortizbereak zuzendutako eskifaia pixkanaka ari da aurrerapausoak ematen, eta iaz Arraun Lagunak-en eta Orioren aldamenean aritu zen uda osoan. Hori bakarrik ez, Euskadiko Txapelketa irabazi zuten etxeko zaleen aurrean, Kontxako badian. Lan ona egiten ari dira Kaiarriba klubean, eta ez da oharkabean pasatu. Beste eskaintza batzuk eduki zituen Urrak, eta zalantza izan zuen zer bide hartu. Baina donostiarren prestatzailearekin hitz egin ostean, beste eskaintzak alde batera utzi, eta hara joatea erabaki zuen. «Donostiarraren lan egiteko moduak eta nesken artean dagoen giroak erakarri naute», aitortu du. Lehen hilabeteak igarota, hautuarekin pozik dago: «Oso erraza izan da talde berrira egokitzea. Arraun mundua ez da oso handia, eta bizpahiru lagun eta ezagun ugari nituen taldean. Horrek dena erraztu du».

Dena den, gainerako taldekideekin alderatuta, desberdina da haien egunerokoa. Taldea Donostian entrenatzen da. Urra, ordea, Iruñean, Nafarroako Arraun Elkartean. Hori du lana eta arrauna uztartzeko modu bakarra: «Taldearekin batera aritzeko zaila izaten dut, neguan batez ere. Asteburuan soilik joaten naiz Donostiara. Denboraldian zehar uretara gehiago ateratzen garenean, joateko ahalegina egiten dut posible dudanean. Udan errazagoa da, eta bertan egoten naiz, taldearekin batera».

Aldatzeko beharra

Iazko denboraldia ahaztu, eta esperientzia berri baten bila abiatu da Donostiara. Izan ere, kostata aritu ziren iaz Orion. 2022ko denboraldia zoragarria izan zen, «ia idilikoa», Urraren hitzetan. «Hortik gentozen, eta iazkoa ez zen hain ona izan. Ez nuke esango arazo nabarmenik izan genuenik, baizik eta ligaren mailak gora egin zuela, eta arerioak hobeak izan zirela. Dena den, arazo batengatik galdetzen badidazu, esango nizuke arraunlari asko ginela taldean. Horrela kosta egiten da entrenamendu osoak egitea, edo arraunlariak ez ditu uretako entrenamendu guztiak egiten».

Taldeak urte txarra duenean zaila izaten da alor pertsonalean gozatzeko aukera izatea. Hori gertatu zitzaion iaz: «Nahiko urte gogorra izan zen. Gogo handiz hasi nintzen, baina, azkenerako, etsipen puntu batera ere heldu nintzen. Ni dena ematen ari nintzen, baita taldea ere. Baina ez zitzaizkigun gauzak ateratzen. Gauza asko pasatu zitzaizkidan burutik, baita arrauna uztea ere. Ni ilusio handiz iritsi nintzen Oriora, baina azken urte honetan ilusio hori galtzen ari nintzen. Eta disfrutatzeko egiten dudan zerbaitetan ilusioa galtzen badut, ez dauka zentzurik jarraitzeak».

«Azken urte honetan ilusioa galtzen ari nintzen. Eta disfrutatzeko egiten dudan zerbaitetan ilusioa galtzen badut, ez dauka zentzurik jarraitzeak».

UXUE URRA Donostiarra Arraun Taldeko arraunlaria

Bi urte eman ditu Orion, eta bietan antzeko protagonismoa izan zuen. Haren hitzetan, «estropaden erdietan-edo» hartu zuen parte. Baina hori ez da arazoa izan harentzat. Hala ere, badu arantza bat sartua. «Egunik garrantzitsuenetan oraindik ez zidaten konfiantza hori erakutsi, edo nik ez nuen oraindik konfiantza hori irabazi».

Dagoeneko hasia da arraun denboraldia, eta taldeak gogor ari dira entrenatzen, baita traineru jaitsieretan parte hartzen ere. Baina benetako lehia udan helduko da. Ordurako helburuak finkatuta edukiko dituzte denek, baina, oraingoz, Urrak argi dauka zer nahi duen denboraldi honetarako. «Taldekideekin batera arraunaz berriro gozatu, eta egindako esfortzuak merezi duela ikusi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.