Garaipenen marka historikoak itxaron egin beharko du. Aurtengo denboraldian hamabi garaipen lortuak ditu Urdaibaik, eta TKE ligako garaipenen markatik bakarrera dago. Atzo lortu zuten hamabigarrena, eta gaur Zarauzko Ikurrina astinduta hautsi nahi zituzten erregistroak. Donostiarra sartu da, ordea, tartean. Torrekua II-ak estropada gogoangarria egin du, eta, atzo galdutako denbora berreskuratuta, bi jardunaldietako denborarik onena lortu du. Eurentzat izan da, beraz, ikurrina.
Ez da edozein ikurrin, Eusko Label Ligako preziatuena baita Zarauzkoa. Asteburuan gertatutakoak, gainera, agerian utzi du Kontxako Banderan ere edozer gerta daitekeela.
Atzokoaren moduan, gaurko estropada ere ikusgarria izan da. Itsasoa lasaiago egon da bigarren jardunaldian. Helmugarako 400 metro falta zirela, Bou Bizkaia bi segundo eskasera gerturatu zaio Donostiarrari, baina, azken txanpan sekulako lana eginda, zazpi segundora zabaldu du tartea irabazleak.
Atzetik, Hondarribia izan da hirugarren, atzo baino hobeto aritu den Orio laugarren, eta Lekittarra bosgarren. Ligako bigarren sailkatua, Zierbena, zazpigarren izan da gaur. Datorren larunbatean Ondarroan (Bizkaia) izango dira traineruak.