Arrauna. Eusko Label Liga

Donostiarrak denboraldiko bigarren garaipena lortu du Getarian

Azken metroetan olatuak baliatuta, zortzi ehunen atera dizkio Urdaibairi. Matematikoki, bermeotarrek liga irabazia dute jada.

Urdaibai eta Donostiarra lanak amaitzen, pare-parean, gaur, Getarian. JON URBE / FOKU
Urdaibai eta Donostiarra lanak amaitzen, pare-parean, gaur, Getarian. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko abuztuaren 25a
16:30
Entzun

Helmugako argazkiak argitu behar izan ditu zalantzak: Donostiarra gailendu da Eusko Label Ligako hemezortzigarren jardunaldian, Getarian (Gipuzkoa) jokatu den estropadan. Pare-parean helmugaratu dira Urdaibai eta biak, eta, azkenean, epaileek donostiarrei eman diete garaipena, zortzi ehunenengatik. 

Halere, bi taldeek izan dute zer ospatu. Bandera Donostiarrak astindu du, bai, baina bermeotarrek gaur ziurtatu dute, matematikoki, ligako txapeldunak direla. Horretarako nahikoa zuten Zierbenaren aurretik amaitzea. Denboraldi osoan ez du aurkaririk izan Urdaibaik; hamabi bandera lortu ditu, eta bi jardunaldi falta direla ziurtatu du titulua eskuratzea. Azken estropadak, gainera, probak egiteko baliatzen ari da Iker Zabala prestatzailea, Kontxako Banderara begira.

Azken jardunaldietan, ordea, Donostiarrak erakutsi du indartsu dagoela. Igor Makazagaren mutilak sasoi betean heldu dira denboraldi amaierara. Haiek irabazi zuten Zarauzko Bandera preziatua ere, gaurko estropada eremutik gertu. Ez da ahaztu behar Zierbena ere, ligako bigarren postuan sendo dago eta. Urdaibaik izerdia bota beharko du Donostian ere arraunak altxatu nahi baditu.

Donostiarraren trainerua ikurrinarekin, gaur, Getarian. JON URBE / FOKU
Donostiarraren trainerua ikurrinarekin, gaur, Getarian. JON URBE / FOKU

Getarian, Zierbena izan da lehen ziabogara heltzen azkarrena. Urdaibaik eta Donostiarrak aurrea hartu diote bigarren luzean, eta, azkenean, horiek jardun dira bandera irabazteko lehian. Hirugarren ziabogan, segundo baten aldea zuen Bou Bizkaia-k, horri eustea lortu du azken luze ia osoan, baina, azken metroetan, olatuak baliatuta, Torrekua II-k aurrea hartu du.

Zierbena izan da hirugarren, eta bigarren txandako garailea, hau da, Orio laugarren. Horiek Hondarribiari aurrea hartu diote sailkapen nagusian, eta laugarren dira orain, bi punturen aldearekin. Getariak loria dastatu zuen atzo, eta gaur, etxean, zortzigarren amaitu du.

Denboraldiko estropadarik garrantzitsuenaren txanda izango da orain: datozen bi asteetan Donostiako badiara begira izango dira arraunzaleak. Ligako azken bi jardunaldiak irailaren 14an eta 15ean jokatuko dituzte, lehena Bermeon eta bigarrena Portugaleten (Bizkaia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.