Jose Ramon Mendizabal. Donostiarrako entrenatzailea

«Donostiarra izan daiteke ezustea kanporaketan»

San Miguel ligara igotzeko kanporaketan izango da bere taldea, KAE 1 ligan bigarren izan eta gero. Inor gutxik espero zuena lortu du, liga hasi bezperan jarri zuelako entrenatzaile zuzendaritzak.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ematen zuen arraunaren mundua eta Jose Ramon Mendizabal entrenatzailea (Donostia, 1955) betirako urrundu zirela elkarrengandik 2012an. Orduan utzi zuen Donostiarra taldea, lau urtez bertan aritu eta gero. Baina joan zen ekainean zuzendaritzak deitu egin zion, trainerua ez zebilelako uste bezain ondo, eta baiezkoa eman zuen Mendizabalek, eta Xabi Zabala ordezkatu. Segituan hasi zen emaitza onak lortzen, eta Santurtziko bandera ere irabazi zuen uztailaren 3an. Garaipen horri beste hau gehitu dio: Donostiarra San Miguel ligara igotzeko kanporaketan ariko da iraileko hirugarren asteburuan, historian aurrenekoz.

Ezustea izan da Donostiarra San Miguel ligara igotzeko kanporaketan sartzea, azken bi estropadetan irauli duzuelako sailkapena. Zu ere harrituta?

Liga hasi eta gero, helburua zen lehen bietan sartzea, baina gorabeherekin ibili gara denboraldian. Azkenean, baina, helburua lortu dugu.

Lau puntu ateratzen zizkizuen Getariak bi estropada falta zirela, eta askorentzat erabakita zegoen kontua.

Castro Urdialesen [Espainia], azken-hirugarren estropada jokatu eta gero, lau puntu aurretik geneukan Getaria, eta oso zaila zegoen getariarrak harrapatu eta pasatzea. Zarauzko estropadan, azken-aurrekoan, arriskatzera atera ginen, gauza batzuk aldatu nituen, eta zorte ona alde izan genuen, haizea tarteko, talde asko sartu zirelako gu eta getariarren artean. Ia-ia bandera ere irabazi genuen Zarautzen, eta lortu bagenu, ia-ia erabakita utziko genukeen bigarren geratzea, azkeneko estropadaren zain egon gabe.

Bilbon jokatu behar izan zenuten dena, erlojuaren aurka, eta, era horretan, ordura arte jokatu zenituzten bi estropadetan Getariak aise irabazi zizueten.

Datu hori hor zegoen, baina beste hau ere bai: azkeneko sei estropadetan, lau aldiz izan ginen Getaria baino hobeak, baina haiek aurretik sartu izan ziren bietan kale hobea tokatu zitzaielako. Lasai joan ginen Bilbora, konfiantza handiz, eta aurretik sartu ginen.

Esan duzu helburua lehen bietan sartzea zenutela, baina liga hasi aurretik ontzia ez zebilen batere ondo. Pentsatu zenuen orduan helburua ezingo zenutela bete?

Hasieran, ohorezko txandan lehiatzea zen gure asmoa. Behin bakarrik uste dut ez garela atera azkeneko txandan. Hori lortu eta gero, hurrengo helburua izan da lehen bietan sailkatzea, San Miguel ligara igotzeko kanporaketa jokatzeko.

Liga hasi baino egun pare bat lehenago jarri zintuen zu entrenatzaile zuzendaritzak, Xabi Zabalaren ordez. Nola hartu izan zenuen egoera hori?

Taldea ez zebilen ondo, eta oso agerikoa zen ez zebilela ustez daukan mailaren neurrian. Ez nago zuzendaritzan, baina inguruan nabil. Mutrikuko prestakuntzako estropadaren ondoren, zuzendaritzak Zabalarekin hitz egin zuen, jakiteko zergatik ari zen taldea hain maila kaskarra ematen. Zabalak esan zien Lekeitioko estropadan ikusiko zela Donostiarra on bat, baina prestakuntzako estropada horretan ere gaizki ibili zen. Zuzendaritzak entrenatzailea aldatu zuen orduan, eta ni aukeratu ninduten. Garbi utzi nahi dut Zabalak ez zuela zorte onik izan, eta oso lan ona egin zuela taldearekin, eta geroko emaitza on hauek lan horregatik ere etorri dira; ezinezkoa da uda gainean dela entrenatzaile berria sartu, eta denborarik gabe sekulako aldaketa egitea. Balioa eman behar zaio Zabalaren lanari.

Zer eman diozu taldeari halako aldaketa izateko?

Traineru zaharra erabiltzea erabaki nuen lehendabizi. Gero, arraunkera aldatu nuen. Arraunak ere bai, eta arraunlariak lekuz ere aldatu nituen. Beste zerbait ere bada... Azken batean, dena aldatu nuen.

Orain, igotzeko kanporaketa duzue, baina aurretik Kontxa duzue zain. Lehen aldia izango da kanporaketan ariko den talde bat Kontxan lehiatuko dena. Ona izango da taldearentzat?

Asteburu honetan ez daukagu estropadarik, eta ondo etorriko zaigu atseden pixka bat hartzeko. Gero, Kontxako bi asteburuetan lehiatzea oso ona izango da guretzat, lehiatzen jarraitzeko aukera emango digulako. Kanporaketako beste taldeak ez badira Kontxarako sailkatzen, bi asteburu egongo dira lehiatu gabe, eta gehiegi da, nire ustez. Guri mesede egingo digu Kontxan lehiatzeak.

Oraindik ez dakizue kanporaketako hiru aurkari zein diren. Bakarrik Ondarroa eta zuek zaudete oraingoz. Hala ere, nolako itxura hartzen diozu kanporaketari?

Zaila izango da, urtero bezala. Kontua da igo nahi duenak ilusio handiagoa izaten duela jaisteko arriskuan denak baino. Jaisteko dagoenak normalean ez du denboraldi ona egiten, eta, askotan, kirolez kanpoko arazoak izaten dira talde horien barruan. Portugalete talde hobea da gu baino, baina egoera horiek berdindu egin dezakete lehia. Guk lan ona egingo dugu, seguru, eta baliteke gu izatea ezustea.

Lau urte zeneramatzan arraunetik kanpo, eta betiko utziko zenuela ematen zuenean, baiezkoa eman zenion Donostiarrari. Zer dela eta?

Donostiarra delako, hasteko. Aurreko aldian, dimititu egin nuen, eta ez nintzen gustura geratu, helburuak bete gabe. Oso nekatuta nengoen. Buruari buelta asko eman nizkion eskaintza jaso nuenean uda hasieran. Baiezkoa eman nion neure burua gai ikusten nuelako egoera hobetzeko, eta, gainera, klubeko denak niri begira zeuden, ni jartzeko entrenatzaile. Espero dut ahalik eta ondoen amaitzeaaldi hau, eta taldea San Miguel ligara igotzea.

Donostiarra igo edo ez, Mendizabalek utzi egingo du arrauna?

Ez daukat garbi. Zuzendaritzak galdetu dit zer egingo dudan datorren urtean, eta esan didate ni izango naizela entrenatzailea datorren urtean ere nik hala nahi badut. Ikusi egin beharko da nola amaitzen dudan denboraldi hau, eta horren eta beste kontu batzuen arabera hartuko dut erabakia. Bitartean, klubak beste entrenatzaile bat ekartzen badu, ni joan egingo naiz, batere arazo eta oztoporik jarri gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.