Donostiarra Kaiarriba Arraun Elkarteko arraunlari Iker Imazen auziaren harira, TKE Traineru Kluben Elkarteko Lehiaketako epaileak ezetsi egin ditu bost kluben helegiteak; hain zuzen, Donostiarrak Imaz arraunlaria Eusko Label ligako lehen bi jardunaldietan harrobiko gisa aurkeztean izandako fede txarra salatu zuten talde horiek. TKEko Lehiaketako epailearen arabera, Donostiarra «ez zen aritu fede txarrez», eta ez zen «saiatu» TKE «engainatzen», ezta «gainerako klubak ere».
Hori dela eta, klubari ez dio zigorri ezarriko, eta epaia artxibatzea erabaki du. Gisa horretara, Igor Makazagaren taldeak ez ditu galduko lehen bi estropadetan lortutako 23 puntuak; Bilbon bigarren egin zuen, eta Donostian lehen postuan. Salatu duten bost klubek —Hondarribiak, Urdaibaik, Isuntzak, Zierbenak eta Santurtzik— bost eguneko epea izango dute helegiteak aurkezteko.
Ebazpen horretan, epaileak hau adierazten du: «Egindako frogatik ondorioztatzen da Donostiako klubak ez zuela fede txarrez jokatu edo, behintzat, ez zuela fede txarrez jardun». Zehaztu duenez, Kaiarribak «ez zuen zehaztu aurreko denboraldietan agertzen zenaz bestelako baldintzarik, eta arraunlariak berak ere ez du ezer berezirik adierazi»; beraz, argi utzi du «Donostiako Kluba ez dela saiatu TKEri engainatzen, ezta nahasten ere. Ez du jarduerarik egin arraunlaria harrobiko gisa izena emateko».
Beraz, TKEko Lehiaketako epailearen iritziz, «kasuaren aurrekariak kontuan hartuta, bidezkoa da prozedura zigorrik gabe amaitzea, hau da, hasitako espedientea artxibatzea».