Donostiako Udalak aurreproiektu bat aurkeztu du Illunben 15.000 lagunentzako erabilera anitzeko pabiloi bat eraikitzeko

Alboan beste txikiago bat eraikitzeko asmoa dute, 3.000 lagunentzat. Proiektuak 70 milioi euroko aurrekontua du, eta inguruaren eraldaketa ekarriko du. 2030. urterako amaituta egotea nahiko lukete.

Donostiako erabilera anitzeko pabiloiaren proiektuaren irudia.
Donostiako erabilera anitzeko pabiloiaren proiektuaren irudia. DONOSTIAKO UDALA
ainara arratibel gascon
2025eko otsailaren 4a
14:24
Entzun

Donostiako Udalak Illunbeko zezen plaza erabilera anitzeko pabiloi bilakatzeko aurreproiektua aurkeztu du. Pabiloiak bi gune izango ditu. Batetik, kirol eta kultur ekitaldi handiak egiteko pabiloi bat eraikiko dute, 15.000 lagunentzako tokia izango duena. Bestetik, alboan, txikiago bat egingo dute: 2.500-3000 lagunentzat. Gaska kiroldegiaren ordezkoa izango da hori. Bertan jokatzen dituzte etxeko partidak IDK Euskotrenek eta Super Amara Bera Berak, eta eraitsi egingo dute.

Proiektua 2030erako amaituta egotea nahiko luke udalak. Urte horretan, Anoeta Futboleko Munduko Kopako egoitzetako bat izango da. Lanek 70 milioi euroko aurrekontua dute, eta finantzaketarako akordioa egin behar dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. «Proiektu anbiziotsua da. Zaharkituak geratu diren azpiegituretan aldaketa bat egiteaz gain, kirol, kultur eta gizarte talde eta eragileek dituzten beharrei erantzun nahi die. Hiriko kultur eta kirol jardueraren erdigune izatea nahi dugu», adierazi du Donostiako alkate Eneko Goiak. Eta etorkizunari begira jarri da. «Aurreproiektua eskuetan dugula, unea da hiru erakundeek elkarlanean aritzeko behin betiko proiektua gauzatu eta garatu ahal izateko finantzaketa adosteko».

Azpiegitura berriak egungo zezen plaza dagoen lurzorua eta ondoan aparkaleku gisa erabiltzen den asfaltatu gabeko ingurua hartuko ditu. Gaur egungo egitura izango du oinarri, beraz. Pistari eta harmailako lehen eraztunari eutsi egingo diote, eta hortik gora eraberrituko dute. Hala, harmaila oktogonal berri bat eraikiko dute. Bi pabiloiak eraikin beraren barruan integratuta egongo dira, eta sarrera ere bera izango dute. Bestalde, gaur egun aire zabaleko aparkalekua dagoen tokian plaza bat egingo dute, aurrentzako parke batekin, eta azpian, 1.000 ibilgailurentzako aparkaleku bat.

Proiektuak Illunbeko inguruaren eraldaketa ere ekarriko du. Hala, autoak bertara iristeko, lotura bat egin nahi dute gaur egun Anoeta inguruko saihesbidea eta Donostiako ospitaleen ingurua lotzen dituen bidearekin. Oinezkoen kasuan, orain bezala, Anoetako kirolgunetik egingo dute. Baina Anoetako estadio txikiaren ingurua eta Illunbe lotzen dituen pasabidearen ordez, errepide gainetik beste pasabide bat eraikiko dute.

Garai batean zinemak eta merkataritza gunea kokatuta zeuden tokiari ere beste erabilera bat emango diote. Miramongo parke teknologikoa hortik handituko dute. Alboan eraiki gabe dagoen lurzoru bat ere baliatuko dute. 10.000 metro koadro inguru izango dira, eta Parkeak berak kudeatuko ditu, Goiak azaldu duenez.

Irunek ere azaldu zuen halako azpiegitura bat egiteko asmoa, eta, horren inguruan galdetuta, Ane Oiarbide Ekonomia zinegotziak esan du «bateragarriak» direla.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.