Donostiako Klasikoa abuztuaren 14an jokatuko da 2012an

Ohi bezala, Tour Down Under probarekin hasiko da 2012ko sasoia, eta ekainaren 30ean abiatuko da Tourra

unai zubeldia
Donostia
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 17an hasiko da 2012ko txirrindularitza denboraldia, ohi bezala, Tour Down Under lasterketarekin. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) atzo jakinarazi zuen datorren denboraldiko egutegia, eta UCI World Tourrean jarraituko dute Euskal Herriko Itzuliak eta Donostiako Klasikoak. Aurten, apirilaren 4tik 9ra jokatu da Euskal Herriko Itzulia, eta datorren denboraldian apirilaren 2tik 7ra jokatuko da. Donostiako Klasikoa, berriz, uztailaren 30ean jokatu da aurten, eta bi astez atzeratuko dute 2012an, abuztuaren 14an jokatuko baita. Londresko Olinpiar Jokoak daude aldaketa horren atzean. Hortik lau egunera hasiko da Espainiako Vuelta.

Ez dago aldaketa handi-handirik UCI World Tourreko egutegian. 28 lasterketa izango dira maila gorenean, eta bakarra da berria: E3 Prijs Vlaanderen-Harelbeke klasikoa, martxoaren 23an jokatuko dena. Belgikako klasikoen egutegiaren hasiera izango da lasterketa hori. Hiru asteko hiru proba nagusiei dagokienez, maiatzaren 5etik 27ra bitartean jokatuko da Italiako Giroa; ekainaren 30etik uztailaren 22ra Frantziako Tourra; eta abuztuaren 18tik irailaren 9ra Vuelta.

Euskal egutegiari dagokionez, martxoaren 31n jokatuko da Miguel Indurain Saria; apirilaren 8an Udaberriko Klasikoa; apirilaren 21ean Laudioko Sari Nagusia; uztailaren 25ean Ordiziako Klasikoa; eta uztailaren 31n Ricardo Otxoaren oroimenezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.