ESKUBALOIA. Helvetia Anaitasunak topatu dio ordezkoa Iñaki Anizi. Quique Dominguez entrenatzaile galiziarrak zuzenduko du Iruñeko taldea datorren denboraldian. Klubak eta Dominguezek aspaldi lortu zuten akordioa. Izan ere, entrenatzaileak martxoan jakinarazi zuen ez zuela Atletico Novas Espainiako Ohorezko B Mailako taldean jarraituko, beste eskaintza bat onartu zuelako. Anaitasunarena zen eskaintza hori.
Dominguezek eskarmentu handia du, jokalari eta entrenatzaile moduan. Etxean egin du ia kirol ibilbide osoa: 11 urtez jokatu zuen Teucron, eta lau urtez Academia Octavion, besteak beste; gero, sei urtez zuzendu zuen Academia Octavio, bi urtez Galiziako selekzioa, eta urtebetez Acanor Atletico Novas. «Gogotsu» dago Dominguez. «Indar eta energia handia daukat proiektu berri honi heltzeko. Ziur naiz gozatu egingo dugula».
Bestalde, Bera Berak Laura Hernandez fitxatu du Elxetik. 23 urte ditu, eta alboko zein hegaleko moduan joka dezake.
Dominguezek entrenatuko du Anaitasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu