Dominen arrastoan

Jonathan Castroviejo podiumera igotzen saiatuko da gaur Innsbrucken, Munduko Txapelketako erlojupekoan.

Dominen arrastoan.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Lider orok taldean nahi lukeen bizkartzaina da Jonathan Castroviejo (Getxo, Bizkaia, 1987). Beti aritzen da txukun taldeburuen interesak defendatzeko lan egin behar denean. Urrutira joan gabe, zeregin hori ezin hobeki bete zuen aurtengo Frantziako Tourrean, Geraint Thomas eta Chris Froomeren Skyn. Edonola ere, bakarka ere badaki distira egiten, erlojuaren kontrako espezialista handia baita. Bederatzi garaipen lortu ditu profesionaletan, erlojupekoetan denak. Gainera, brontzea kolkoratu zuen 2016ko Dohako Munduko Txapelketan. Bada, iaz kale egin ostean, gaur espezialista onenekin parez pare lehiatu, eta podiumera itzultzen saiatuko da. 15:37ean abiatuko da. Rohan Dennis eta Tom Dumloulin faboritoak soilik faltako dira irteteko.

Iazko probak ibilbide gorabeheratsua eta amaiera bortitza izan zituen. Horrek azaltzen du, neurri handi batean, zergatik izan zen getxoztarra hamalaugarren. Aurtengo erlojupekoa ere gogorra da, baina ez Bergengoa (Norvegia) bezainbeste. 52,5 kilometro ditu, eta lehen erdia nahiko eramangarria da, hainbat aldapa motz egon arren. Aitzitik, 30. kilometroan bost kilometro eta %7ko batez besteko pendiza duen Gnadenwaldeko igoerarekin egingo dute topo. Hura gainditu ostean, helmugatik 6,6 kilometrora 800 metro eta %4ko pendizeko koska bat igo beharko dute. Amaieratik gertu egonik, min egin diezaioke indarrak gaizki neurtu dituenari.

Ez du ematen Castroviejok arazo hori izango duenik, kudeatzaile ona baita. Oso estetiko eta aerodinamikoa ere bada, etzan-etzan eginda joaten baita. Hasieratik erakutsi zuen abilezia berezia erlojupekoetan, Orbean eta Euskaltel-Euskadin; hala, 2011n Erromandiako Tourreko eta Madrilgo Itzuliko aitzin-etapak irabazi zituen, Movistarrera joan aurretik. Han bost urtez aritu zen, eta iazko abuztuan hiru urterako fitxatu zuen Skyk. Orain arte, lau aldiz izan da Espainiako txapeldun, behin Europakoa, eta behin Munduko Txapelketan. Urte berean, lau segundo eskasengatik gelditu zen dominarik gabe Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan.

2016an bertan, kubitua eta orno bat apurtu zituten Algarveko Itzulian, autobusera zihoala ikusle batekin tupust eginda. Dena den, berandu gabe itzuli zen bide onera. Orain, sasoiko iritsiko da Innsbruckeko (Austria) Munduko Txapelketara, Espainiako Txapelketako erlojupekoa irabazi eta Europakoan bigarren izan ostean. Horrez gain, hirugarren izan zen Espainiako Vueltako erlojupeko luzean (32 kilometro), eta laugarren iragan igandean jokatu zen Munduko Txapelketako taldekako erlojupekoan.

Dumoulin eta Dennis

Dominen lehian izaten saiatuko da gaur Castroviejo. Urrearekin egiten du amets, baina, horretarako, bi hautagai nagusiak menperatu beharko lituzke: Dumoulin eta Dennis. Egungo txapelduna da herbeheretarra, eta fresko iritsiko da, egutegi oso lasaia izan baitu Tourrean lehiatu ondotik. Senpere eta Ezpeleta arteko (Lapurdi) erlojupekoa irabazi zuen, eta, aurretik, nagusi izan zen Giroko saio laburrean. Australiarrak emaitza hobeak lortu ditu aurten erlojuaren aurka, guztira sei proba irabazi baititu, horietako bi Espainiako Vueltan, eta bat Giroan. Sekula ez da podiumera igo Munduko Txapelketan, eta aurten aukera paregabea dauka.

Haiek baino koska bat beherago daude Castroviejo bera, Victor Campenaerts, Tony Martin, Michal Kwiatkowski, Vasil Kirienka eta Stefan Kueng. Hutsune garrantzitsuak izango dira: Primoz Roglicek errepidekoan jarri du arreta osoa, eta Froomek eta Thomasek uko egin diote txapelketari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.