Luis Mari Lasurtegiren (Pasai Donibane, 1956) ibilbidea errepasatzea, arrakastaz beteriko txapelketak eta garaipenak gogoratzea da. Lasurtegi bere herrian bertan hasi zen arraunean, eta argi dauka bere sustraiak Pasai Donibanen dituela.
Noiz eta nolatan hasi zinen arraunean?
Klubean, Koxtapen, hasi nintzen, lemazain, eta eskubaloian ere aritu nintzen. Pasai Donibanen egiten nuen dena. Arrauna aukeratu nuen, azkenean. 10-11 urterekin hasi nintzen haurren mailan, eta ondoren igaro nituen gazte maila, senior maila… Lemazain hasi nintzenean, 10 urte besterik ez nuen. 12 urterekin jokatu nuen lehenengo estropada.
Nolakoak izan ziren zure lehenengo egun haiek?
Oso politak izan ziren. Txapelketetara leku askotara joaten ginen. Hasieran, lemazain joaten nintzen, zortzikoan. Gogoan dut, gainera, haurren mailako arraunlarientzat egonaldi bat egin zutela Vigon [Galizia], eta bertan izan nintzen. Txapelketei dagokienez, berriz, gogoan dut Sevillara [Espainia] ere joan nintzela.
Arraunlaria izatea ez da lanik samurrena. Nolakoak izaten ziren zuen entrenamenduak?
Herrian aritu nintzenean, ez ziren oso gogorrak izan. Normalak izan ziren entrenamendu haiek. Soldaduskara joan nintzenean aldatu ziren gauzak, handik bueltan [Espainiako] selekzioan sartu nintzelako. Hortik aurrera, entrenamenduak oso gogorrak izaten hasi ziren: arrauna, korrika, pisuak… Bizpahiru aldiz egiten genuen dena. Oso-oso gogorra zen; 4-6 orduko entrenamenduak izaten ziren batzuetan.
Denbora luzez entrenatzen aritu eta gero, Olinpiar Jokoak iritsi zitzaizkizun. Moskukoak izan ziren lehenengoak, 1980an.
Bai, baina Munduko Txapelketa izan genuen lehenago, 1979an. Esan daiteke hori izan zela eliteko kirolean nire hasiera. Laukoan, bosgarren gelditu ginen finalean. Kontuan hartu behar da sei ontzi soilik sartzen direla finalean. Finalerdia ere oso zaila izaten da. Oso Munduko Txapelketa polita izan zen. Handik Mediterraneoko Jokoetara joan ginen, 1979an bertan, eta urrezko domina eskuratu genuen zortzikoan. Hori dena amaitu ostean hasi ginen Moskukoa prestatzen.
Noiz erabaki zuten zuk Olinpiar Jokoetara joan behar zenuela?
Soldaduskatik bueltatu ondoren, Pedro Abreuk deitu ninduen, Espainiako selekziotik. Lanean hasi ginen, Abreuk ekarritako oso entrenatzaile on batekin. Orduan hartu genuen benetako martxa; nazioarteko estropadak egiten hasi ginen, bata bestearen atzetik: Munich 1981, Luzerna 1982, Duisburg 1983 [Alemanian denak]… Lau urtean behin egiten dira Jokoak, baina urtero izaten dira Munduko Txapelketak.
Jokoetan Moskukoa izan zen zure lehenengo esperientzia. Lau urte geroago, berriz, zilarrezko domina kolkoratu zenuen Los Angelesen, AEBetan.
Esperientzia zoragarria izan zen. Hemendik abiatu ginenean, bagenekien irabazteko aukera geneukala, entrenamenduetan oso denbora onak egiten ari ginelako. Los Angelesen ere oso marka onak egin genituen. Aurrena, kanporaketan; gero, bigarren aukeran; eta, azkenik, finalerdietan. Norvegiak, Errumaniak eta Alemania Federalak lehiatu zuten gurekin; bigarren postua eskuratu genuen azkenean, Errumaniaren atzetik. Gu ados gelditu ginen bigarren postuarekin; oso estropada polita izan zen.
Zer sentitu zenuen zilarrezko domina zurekin Pasai Donibanera bueltatuko zela jakin zenuenean?
Izugarrizko poza sentitu genuen. Gainera, protokoloak hala zehaztuta, estropada amaitu ostean beste itzuli bat eman behar izaten da, atzetik beste estropada bat izaten delako. Ondoren joan ginen domina jasotzera. Oso zoriontsu atera ginen handik. Orduan, oso anekdota polita gertatu zitzaigun: domina jasotzean, protokolo guztia gelditu egin zuten. Domina olinpikoa kendu behar zigutela ere pentsatu genuen une batez. Garai hartan, Jose Antonio Samaranch zen Nazioarteko Olinpiar Batzordeko burua. Konturatu zenean guk saria lortu genuela, helikopteroan etorri nahi izan zuen guri domina ematera. Zain egon ginen, eta berak jarri zizkigun dominak. Horregatik atzeratu zen dominak jasotzeko protokolo guztia.
Los Angelesen ez zinen bakarrik egon; Fernando Climent espainiarrarekin batera lortu zenuen domina. Oraindik ere mantentzen al duzue harremana?
Bai, noski. Fernando nire laguna da. Gerora, Espainiako Arraun Federazioko presidentea izan zen, eta presidenteorde karguan aritu nintzen ni. Pentsa, 24 urtez aritu gara elkarrekin lanean. Orain dela oso gutxi utzi genituen gure karguak. Gainera, Los Angelesen ondoren, 1985ean, Munduko Txapelketa izan zen, eta hirugarren amaitu genuen, Errusia eta Ingalaterraren atzetik. Hurrengo hiru urteetan ere elkarrekin joan ginen Munduko Txapelketara: 1986an, Kopenhagera; 1987an, Nottinghamera [Erresuma Batua]; eta 1988an, Seulera.
Arraunean, Jokoetan, zuena da Espainiako selekzioaren domina bakarra. Arraunerako dagoen afizioa kontuan hartuta, nolatan gertatu da hori?
Gauza asko daude tartean. Hemen, Kantauri aldean, jende asko aritzen da traineruetan, baina aulki mugikorrean ari direnak oso gutxi dira. Gaur egun entrenatzen ari den ontzia seigarren, zazpigarren sailkatzen da txapelketetan. Hala ere, nik askotan aipatzen dut: finalean sartu ahal izateko, oso zaila da gutxienez seigarren postua eskuratzea. Hori zaila bada, zailagoa da laugarren postura gerturatzea. Eta laugarrenetik gora egitea, zer esanik ez!
Aulki mugikorrean, Jokoetan, zilarra lortutakoa zara, baina tosta finkoan ere Kontxako Bandera irabazitakoa zara. Zuretzat zer garrantzi izan zuen garaipen horrek?
1986an irabazi genuen Kontxako Bandera, eta oso polita izan zen. Nire aitak bi aldiz irabazi zuen estropada hori: bat, Donostiako traineruarekin, eta bestea, San Juanekin. Poz handia sentitu genuen. Klubarentzako ere gertaera pozgarria izan zen, aurreko garaipena ia 25 urte lehenagokoa zelako. Zoragarriak izan ziren zaleen animoak eta garaipenaren ondorengo herriko kalejira.
Garaiak aldatu egin dira, eta, horrekin, ohiturak ere bai. Zure ustez, azken urteotan zer aldatu da arraunaren munduan?
Aipatu beharreko kontu bat da dirua sartu dela, ETBri esker, nahiz eta babesleen aldetik diru gehiago egon izan den. Horrek zer esan nahi du? Dirua egon denean, jendea sartu dela klubetan. Oso entrenamendu onak egiten hasi dira, mediku eta entrenatzaile oso onekin. Nire ustez, entrenatzaileei esker igo da maila hainbeste. Gainera, gaur egun oso ondo antolatuta daude traineruen ligak.
Arraunaren alde apustu egiten denean, beraz, emaitzak iritsi egiten dira?
Noski, argi dago hori. Hala ere, denak ez daude ados horrekin, bere alde txarrak ere badituelako. Orain, dirua duten klubek funtzionatzen dute, batez ere. Esaterako, iaz Santurtzik irabazi zuen Kontxako Bandera. Bertan zegoen entrenatzailea Bermeora joan da [Iker Zabala], eta lauzpabost arraunlari eraman ditu berekin. Zergatik? Bermeok Santurtzik baino diru gehiago duelako. Diruaren kontuarekin, mugimenduak izaten dira traineruetan. Lehen ez zen hala gertatzen. Adibidez, San Juan Koxtape klub txikian, herriko arraunlariekin osatzen da, batik bat, taldea. Orain fitxaketak egiten dituzte, ordea. Donostiarrak ere hori egin du: San Juanetik batzuk hartu, Hondarribiatik beste batzuk… Hondarribia, adibidez, oso ondo ari da azken urteotan; aitortu behar da udalak babes eta laguntza handia eman diola arraun elkarteari, eta hori da Hondarribia arraun elkarteak ondo funtzionatzearen arrazoietako bat.
Atzera egiteko aukera izango bazenu, beste kirol edo modalitateren bat probatuko al zenuke gaur egun?
Bai, dudarik gabe: atletismoa. Korrika oso ondo ibiltzen nintzen. 1979an nire aurreneko maratoia egin nuen Donostian. 400 metrokoa edo 800 metrokoa izan zitekeen niretzat probarik onena, pistan. 1.500 metrokoan aritzeko zailtasunak izango nituzkeela uste dut. Badaukat beste anekdota bat gai horrekin lotuta: Moskuko Olinpiar Jokoetara joan ginenean, entrenamendu bat amaitu ostean aspertuta geunden Jose Luis Korta, Joxerra Oiarzabal eta hirurok. Pike moduko bat sortu zen hiruron artean, eta atletismo pistari [400 metro] buelta bat ematea erabaki genuen. Ramon Cid entrenatzaileak denborak hartu zizkigun. Lehenbizikoan, nik irabazi nuen lasterketa inprobisatua. Beste bat egitea erabaki genuen, eta bigarrena ere nik irabazi nuen. Horregatik diot pena eman zidala horretan gehiago ez aritzeak, nahiko ondo moldatzen nintzelako korrika.
Zer esango zenioke hasi berria den edo hasteko asmoa duen arraunlari bati?
Nire esperientzia zein izan den kontatuko nioke. Uste dut betirako izaten direla arraun munduan egiten dituzun lagunak. Arrauna oso zaila da teknika aldetik, baina oso kirol polita da. Hala ere, arraunean ondo aritzen baldin bazara, zoragarri disfrutatzen duzu, sekulakoa da esperientzia hori. San Juan arraun elkartean bertan ikusten da mutil koskorretan hasten direla arraunean, eta betirako lagunak egiten dituztela. Arrauna oso kirol garbia eta osasuntsua dela uste dut. Arraunarekin bat egitera animatuko nuke jendea.