Eskiatzailea

Peio Añarbe: «Domina bat irabaztea izango da 2026ko Olinpiar Jokoetako helburua»

Askoren ustez, Peio Añarbe aurki izango da Euskal Herriko iraupen eskiatzailerik onena. 18 urte egin berri ditu, eta ibilbide paregabea darama. Aurtengo emaitza onek hauspotuta, 2026ko Neguko Olinpiar Jokoetara begira dago.

Peio Añarbe. BERRIA
Peio Añarbe. BERRIA
Unai Ugartemendia.
2024ko apirilaren 10a
05:15
Entzun

Denboraldia amaitu du Peio Añarbek (Gasteiz, 2006). Pozik dago, helburu gehienak bete baititu, eta jauzia egin baitu. Halere, ez du bere horretan gelditu nahi. Amesten jarraitu nahi du.

Definitu zaitez. Nolako pertsona eta kirolaria zara?

Oso mutil alaia eta pozik bizi dena! Bestalde, kirolari oso lehiakorra, eta kirolaren inguruko ideiak oso argi dituen pertsona gisa definituko nintzateke.

Azken urteetan zure kirola iraupen eskia izan da, baina aurretik zertan ibili zara?

Iraupen eskia familiatik datorkidan kirol bat da. Aita [Pedro Añarbe] urte askoan lehiatu zen, eta haren eskutik hasi nintzen eskiatzen. Urtebete nuenean jarri ninduten jada eskien gainean, baina 4 urte nituenean sartu ninduten lehenbizikoz talde batean. Horrez gain, kirol gimnastikan eta piraguismoan ibili nintzen urte askoan, baita lehiatzen ere.

Noiz arte aritu zinen lehiatzen bi kirol horietan?

Espainiako txapeldun izan nintzen piraguismoan, K2 mailan. Kirol gimnastikan ere lehiatu nintzen Espainiako hainbat txapelketatan, baina ez nintzen batere ona. Gustatzen zitzaidalako egiten nuen. Gimnastika lesionatzeko nuen beldurragatik utzi nuen; piraguismoa, berriz, iraupen eskiarekin hartuta neukan konpromisoagatik.

Piraguismoan Espainiako txapeldun izan ondoren, zergatik utzi zenuen?

2019an Espainiako txapeldun izan nintzen arren, nik jada oso emaitza onak lortzen nituen iraupen eskian. Lasterketa garrantzitsu batzuk irabazita neuzkan. Egia da piraguismoan udan bakarrik ibiltzen nintzela, Gasteizen bizi nintzen bitartean. Gerora, Villanuara [Espainia] joan nintzen bizitzera. Gaur egun, han bizi naiz.

Nork esan zizun lehenbizikoz iraupen eskian zeresana eman zenezakeela?

Aitak. Piraguismoan Espainiako txapeldun izan ondoren, Sevillara [Espainia] eta beste hainbat lekutara joateko aukera eskaini zidaten, baina Olinpiar Joko batzuetara joatea eta domina bat irabaztea izan da nire betiko ametsa. Baina ez piraguismoan. Betidanik izan ditut ideiak oso argi, eta helburu hori jada oso txikitatik izan dut neure buruan.

Noiz erabaki zenuen iraupen eskiaren aldeko apustua egitea eta Villanuara bizitzera joatea?

Pandemia igaro eta gutxira erabaki nuen. Niretzat inflexio puntu bat izan zen garai hura. Orduan erabaki behar izan genuen kirol honetan serio saiatzea eta aurrera joatea, edo denbora-pasarako kirola izatea. Nik argi neukan aurrera jarraitu nahi nuela, eta kirol honetan profesionala izan nahi nuela. Aitak orduan hartu zuen erretiroa, eta aitarekin etorri nintzen Villanuara bizitzera. Asteburuetan joaten gara ama ikustera, edo bestela bera etortzen da guregana. Horrela antolatu behar izan genuen. Oso gazte hartu nuen erabakia iraupen eskiaren alde.

«Nire erreferenterik handiena aita izan da beti. Beste batzuek nigan sinistu ez zutenean, aitak sinistu zuen»

Gogoan daukazu lehiatu zenuen lehen lasterketa?

Sei urterekin jokatu nuen nire lehen lasterketa, eta geroztik horretan ari naiz. Gazteen mailako bi munduko txapelketa ere irabazi nituen bere garaian, 2018an eta 2020an, eta txapeldunorde ere izan nintzen 2016an. Txapelketa horiek guztiak Italian jokatu nituen, Vall di Fiemen [Dolomitetan].

Nola gogoratzen dituzu txapelketa haiek?

Oso urduri egon izan naiz txapelketa guztietan. 2016ko lehenengo hartan, ez nion batere garrantzirik eman bigarren postuan amaitzeari, uste bainuen ez nuela inongo aukerarik izango ezer lortzeko. Hamar urte besterik ez nituen orduan. Orduan oraindik ere ez nuen imajinatzen ondorengo urteetan izango nuen bilakaera. Pentsa, oraindik ere kirol gimnastikan eta piraguismoan aritzen nintzen! 2018an, berriz, beste pentsamendu batekin joan nintzen txapelketa horretara. Banekien irabaz nezakeela, eta irabazi egin nuen. Orduan hasi nintzen iraupen eskiari garrantzi handiagoa ematen. 2020koa irabaztea oso garrantzitsua izan zen nire kirol ibilbiderako. Hura irabazi ondoren hasi nintzen Espainiako selekzioarekin lehiatzen nazioarteko lasterketaren batean. Hura izan zen mugarria.

Ordurako jada babesleen babesa bazenuen?

Orduan markek zerbait laguntzen zidaten materialarekin, eta, esaterako, gaur egun nire eskien marka den Ski Trabek, taldeei egiten zien eskaintza egiten zidan niri ere. Munduko txapelketa haiek irabazi eta gero, nire lehen kontratua sinatu nuen haiekin. Gurasoek sinatu behar izan zuten kontratu hura, ni adingabea nintzen eta.

Iraupen eskian erreferenterik izan bada azken urteetan gazteentzat, Imanol Rojo izan da. Zeurea ere bera izan da?

Ez, nirea ez. Nire erreferenterik handiena aita izan da beti. Jende askok aipatu izan dit Rojoren izena, eta harekin harremana izan nuen bere garaian, baina gaur egun ez daukat.

Zuretzat zer izan da aita?

Nire entrenatzailea izan da beti, nahiz eta garai batean Joseba Rojok, Imanolen anaiak, aldi berean entrenatu ninduen. Aita beti izan dut ondoan, eta bera izan da gehien motibatu izan nauena eta nigan gehien sinistu izan duena. Gauzak ondo eginez gero emaitzak lor daitezkeela sinetsarazi izan dit beti. Beste batzuek nigan sinistu ez zutenean, aitak sinistu egin zuen. Zoritxarrez, ez nuen bera lehiatzen ikusteko aukerarik izan. Ez dizkit bere garaiko gauzak kontatzen. Galdezka ibili behar izaten dut zerbait konta diezadan.

Nolakoa izan da zure bizitza Villanuan?

Hona bizitzera etortzea erabaki nuenean, iraupen eskirako biziko nintzela erabaki nuen. Hasieran oso gogorra egin zitzaidan. Aitona-amonak ez nituen ikusten, ama ere ez nuen egunero ikusteko aukera, baina zorte handia izan nuen. Ni baino lehenago, beste lagun bat etorri zen bertara bizitzera, eta berak beste lagun batzuekin harremanetan jarri ninduen. Hemen, ia egunero eskiatzeko aukera daukat, nahiz eta aurten ez dugun zorte hori izan. Urte askoan ikasi eta eskiatu besterik ez dut egin. Gaur egun, oso lagun onak ditut bertan, eta bikain egokitu naiz bertako bizitzara hainbeste urteren ondoren.

«Villanuara bizitzera etortzea erabaki nuenean, iraupen eskirako biziko nintzela erabaki nuen»

Nola joan da denboraldia?

Ondo. Oso pozik nago. Denboraldi hasieran, Italiara, Suitzara eta Frantziara joan nintzen bi hilabetez. Han, lasterketa batzuk jokatzeko aukera izan nuen, eta zortez nahiko ondo atera ziren. Ondoren, gazteen Gangwoneko (Hego Korea) Olinpiar Jokoetarako sailkatu nintzen. Bertan parte hartzeko aukera izan nuen urtarrilean.

Nolako esperientzia izan zen?

Emaitzekin ez nintzen oso gustura gelditu, gehienbat oso zorte txarra izan nuelako. Beste lehiakide batekin arazo bat izan nuen. Beste emaitza batzuk lortu nahi genituen, baina emaitza onak izan ziren oro har.

Orain arte egindako ibilbidea espero zenuena izaten ari da?

Egia da lasterketa asko hobeto bukatzea espero nuela, baina oraindik ere hobetzeko tarte handia dudala iruditzen zait. Iazko denboraldia ez nuen nik espero bezain ondo amaitu, baina aurtengoan emaitza onak lortu ditut, eta esperotako garapena izan dut. Oso pozik nago.

Zer helburu zenituen ?

Gazteen Olinpiar Jokoetan aritzea. Aspalditik nekizkien datak, eta horretarako jarri nintzen lanean buru-belarri. Iaz, Turkian jokatu behar zen Eskolarteko Munduko Txapelketarako prestatu nintzen, baina bertan behera gelditu ziren, han izan zuten lurrikararengatik. Aurtengo helburuak bide bakarra zuen: Olinpiar Jokoak.

Zer-nolako balantzea egin duzu?

Denboraldi oso ona egin dudala iruditzen zait. Oso ondo hasi nuen denboraldia, eta Europako Kopako proba batzuetan lehen 30en artean sailkatzea lortu nuen, FIS lasterketa batzuk ere irabazi nituen nazioartean, Beret Marxa (Aran Bailara, Katalunia) ere irabazi nuen, eta, amaitzeko, Olinpiar Jokoetan egotea lortu nuen. Ezin dut gehiago eskatu.

Espainiako selekzioarekin ari zara lehiatzen azken urteetan. Zer eskatzen dizute?

Nik uste dut oso pozik daudela nire emaitzekin eta egin dudan urtearekin. Europako Kopara ere eraman ninduten Italiara, eta emaitza onak lortu nituen. Olinpiar Jokoetan lortutako emaitzekin ez nintzen gustura gelditu, baina haiek oso pozik zeuden. Hamalaugarren postua lortu nuen esprintean, eta 7,5 kilometrokoan 23. postuan sailkatu nintzen. Inork inoiz lortutako postuak dira, ez Gazteen Olinpiar Joko batzuetan, ezta Olinpiar Jokoetan ere.

Zugan esperantza handia dute Espainiako selekzioko hautatzaileek. Etorkizuneko iraupen eskiatzailea izatea espero dute?

Dena ondo badoa, datorren denboraldian jada taldearen barruan egon beharko nuke onenekin lehiatzen. Halere, oraindik ez dakit ezer ziur. Datorren urtean ikusiko dugu.

«Denboraldi honetan emaitza onak lortu ditut, eta esperotako garapena izan dut. Oso pozik nago»

Bizi daiteke kirol honetatik?

Bai. Egia da oso ona izan behar duzula, eta gauzak serio hartu behar dituzula, baina nik uste dut bizi daitekeela. Gaur egun, Rojo bera kirol honetatik bizi da, eta Espainiatik kanpo jende asko bizi da. Espainian, onena izateaz gain, zalantzarik gabe, babesleen laguntza behar duzu nahi eta nahi ez. Kanpoan errazagoa da kirol honetatik bizitzea.

Non ikusten duzu zeure burua: 2026ko Milan-Cortina d'Ampezzoko Olinpiar Jokoetan ala 2030ekoetan?

2026koetan! Datorren urtean espero dut aurten egin dudana baino jauzi handiagoa egitea. 20 urte bakarrik izango ditudan arren, Olinpiar Jokoetan ikusten dut neure burua. Esaterako, Jaume Pueyo selekziokidea 20 urterekin izan zen aurreko Olinpiar Jokoetan, eta munduko onenak ere urte horiekin joaten dira jada. Gazteen munduko txapelketak irabazi nituen pista berdinean jokatuko dira, gainera. Bertan jokatuko zirela jakinarazi zutenean, unean bertan pentsatu nuen: hantxe egon nahi dut! Azkenean ez balitz beteko, 2030ekoen zain geldituko nintzateke. 2026an jada domina bat irabazi nahi dut. Hori da helburua. Kirolari batek beti izan behar ditu ametsak eta helburuak.

MOTZEAN

Iraupen eskian egin duzun lagunik onenaRodrigo Azabal eta Xavi Ruberte. 

Lasterketa batOlinpiar Jokoetako sailkatze proba.

Eskiatzeko pista bat? Vall di Fiemme (Italia). 

Iraupen eskiatzaile bat? Petter Northug norvegiarra.

Kirolari bat? Northug. 

Sareetan gehien jarraitzen duzun kirolariaMathieu van der Poel. 

Beste kirol bat? Kirol gimnastika. 

Jateko? Pasta. 

Edateko? Ura. 

Musika talde bat? Technoa orokorrean. 
Oporretarako leku bat? Milan (Italia).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.