DOLCE VITA. Oroitzapen tristeak

Patxi Vila.
2007ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Beno, gureak egin du! Akabo Giroa. Normalean, poza hartzen da, hiru astean neke handia pilatzen delako, eta hilabete inguru daramagulako dagoeneko etxetik urrun. Zer esango dizuet, ba? Giroa ez da alai-alaia gurean. Cunego podiumetik at geratu da, Bruseghin lagunak ere zorte txar-txarra eduki du, oinetakoa eta heldulekua hautsi zaizkiolako... balantzea ez da guk espero bezain ona izan, eta normala da pozik ez egotea. Sailkapenei erreparatzen ari naiz masajea ematen didaten bitartean, eta irabazitako dirua zenbatzen ari naiz. zortzi bat mila euro jasoko dugu txirrindulari bakoitzak, laguntzaileei %20 eman ondoren. Poltsikoarekin pozen bat hartuko dugu, behintzat.

Gustura egin dut erlojupekoa. Lasai samar abiatu naiz, baina gero abiadura sentsazio onarekin. Savoldelli ni baino hiru minutu geroago abiatu da, eta aurrea hartu didanean aho bete hortz geratu naiz. 54 kilometro orduko abiadura neraman, eta Savoldelliren gurpila hartzeko imintziorik ere ez dut egin. 70 kilometro ordura zihoan! 140 txirrindulari abiatu, eta ni aurreratu nauena etapa garailea izatea... zorte txar handia izan behar da gero!

Atzera begiratzen jarri naiz, eta korritu ditudan Giroetan errazena aurtengoa dela esango nuke. Ez dut neke fisiko handirik sentitzen. Badaukat arantza mingarri bat, halere. Tre Cime di Lavaredoko eguna. Lehen bi asteetan hain txukun ibili ondoren, hamar onenen artean ikusten nuen neure burua. Multzo horretatik ez nindutela botako ziur nengoen, baina Lavaredon bukatu zen etapan sekulako kolpea hartu nuen. Elkar zitezkeen egoera txar guztiak elkartu ziren, eta akabo. Erorketa bezperan, eguraldi txarra, nik neuk ere egun on-ona ez...

Lehen bi asteetan ibili nintzen bezala ibilita, kolpe handia hartu nuen, batez ere buruz eta. Bidegabekeria handi samarra izan dela pentsatzen dut. Hainbeste hilabeteko lan nekeza, eta egun bakarrean dena pikutara... Ez dago bueltarik, ordea. Gorputza zigortzen jarraitu beste erremediorik ez dugu. Gaur Milango etapa, bihar kriterium bat. Asteartean etxera, eta ostiraletik igandera Euskal Bizikleta. Laster batean 2008ko Giroa. Ordu arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.