Valentino Rossi motoziklismoan izandako gidaririk ezagunena da, garai eta zentzu guztietan. Bere ibilbide osoan oso karismatikoa eta gertukoa izan da, eta mundu guztiari gustatu zaion pilotua izan da». Hitz horiekin deskribatu du Herri Torrontegi pilotu ohiak (Gorliz, Bizkaia, 1967) hain maitatua duen pilotua. Jakina da igande honetan Urbinokoak (Italia) amaitutzat emango duela bere ibilbide profesionala. Erretiroa hartuko du. Valentziako Sari Nagusia bere azken lasterketa profesionala izango da MotoGP mailan.
Doktorearen garaipen zerrenda oso luzea da. Sei urte eta hiru munduko txapelketa eta gero, MotoGP mailara heldu zen, 23 urterekin. Ordutik, hemeretzi urte igaro dira. Tartean, hamaika piloturekin lehiatu da. «Beti bere onena eman duelako izan da onena. Talentu ikaragarria izan du, eta dauka. Niretzat, dena bikain egin du», aitortu du Torrontegik.
Urte gutxiz egin zuen topo italiarrarekin. 125 zilindrokoan izan zen: «Nire azken lehiaketa urteak haren lehenengoak izan ziren, eta ordutik etengabe lehiatu da. Rossirekin maiteminduta nago. Haren hasiera ikusi nuen, eta orain baita haren amaiera ere». Hiru belaunaldi desberdinetako pilotuekin lehiatu da italiarra, eta Torrontegirentzat balio izugarria du horrek: «Edozein egoeratara egokitzen jakin du, hiru belaunaldi ezberdinen aurka lehiatu baita. Pilotu bakoitzaren lehiatzeko moduak ondo aztertu izan ditu. Hori izan da harengandik gehien gustatu zaidana».
Gertuko pertsona
Garai hartan ongi ezagutzen zuen Rossi. Bizkaitarra haren mekanikarien laguna zen, eta hala hasi zen bien arteko harremana. «Gaur egun, nire semearekin lasterketetara joaten naizenean, Rossi agurtzera hurbiltzen zaigu, eta ingurukoak harrituta geratzen dira», dio. Azkenekoz, duela lau urte ikusi zuten elkar, Aragoiko (Espainia) Sari Nagusian: «Bertako jatetxe oso tipiko batera joatea gustatzen zaigu, eta, bion lagun bati esker, bertan afaldu genuen gau hartan. Rossi ere han zegoen. Harekin hizketan aritu ginen, eta nire semearekin argazkia atera zuen».
Erretiroa hartu eta urte batzuk geroago, Torrontegi Efren Vazquezen (Barakaldo, Bizkaia, 1986) managerra izan zen lau urtez: 2007tik 2011ra. Garai hartan 125 zilindrokoan lehiatzen zen. Vazquezek bat egin du Torrontegirekin Rossiren figura deskribatzean, baina emaitzetatik haratago begiratu du: «Motoziklismoaren inguruko marketina inork ez bezala ulertzen jakin izan du, azken urteetako produkturik onenetariko bat izan baita. Eta uste dut motoziklismoak hari zor diola izaten ari den jarraitzaile kopurua». Adibidez, prentsa aretoak lepo egoten ziren Rossik hitz egiten zuen bakoitzean.
Haren ospakizunek ere zeresan handia eman dute. Besteak beste, motorrean panpina puzgarri batekin ibili zen, eta podiumera oilasko baten txapelarekin eta Robin Hooden mozorro batekin ere igo zen. Baina deigarriena bere zazpigarren Munduko Txapelketa ospatzeko egin zuena izan zen: lagunak Edurne zuriz eta zazpi ipotxez mozorrotu ziren. Batzuek irakurketa bikoitza egin zuten ospakizun hartaz. Izan ere, aipatu zen zazpiarekin garai hartako haren arerio nagusi Sete Gibernauri erreferentzia egiten ziola. Zenbakiez hitz egiten bada, Rossiren 46 zenbakia MotoGPren historiaren parte izango da.
Torrontegik eta Vazquezek egoki ikusten dute italiarraren garaipenak ospatzeko modua: «Irabazi eta zure aurkariak zer sentitzen duen pentsatzen egon behar baduzu, gaizki zabiltza. Irabazleak nola ospatu erabakitzeko askatasuna izan behar du, betiere aurkariarekiko errespetua galdu barik», diote.
Vazquezek ere Rossi gertutik ezagutzeko aukera izan du, hain zuzen Torrontegiren bitartez. Bost urtez paddock-ean elkar ikusten zuten, eta gonbidapen berezia jaso zuen Barakaldoko pilotuak: «2012an, Pablo Nietoren bitartez, Rossik Italian duenmoto-kros zirkuitura joateko aukera eman zigun, eta oso esperientzia ona izan zen. Izugarri disfrutatu nuen, nahiz eta kontu handiz ibili nintzen, ondorengo egunetan lasterketa bainuen. Barbakoa bat egin genuen. Oso ondo prestatuta dauka. Oso gertukoa eta adeitsua izan da beti nirekin. Eta gero ere izan dut tratua».
Alaba bat izango duela iragarri zuen abuztuan. Onena opa diote Vazquezek eta Torrentegik: «Pilotu bezain aita ona izango da, ziur».
Motoziklismoa
Doktorearen azken burrunbak
26 urteren ondoren, Valentino Rossik igandean hartuko du erretiroa, Valentziako Sari Nagusian. Gertutasuna eta lehiakortasuna izan dira haren ezaugarri nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu