Iraia Iparragirre. Realeko jokalaria

«Diziplina, lana eta hobetzeko gogoa izan dira nire kirol ibilbideko zutarriak»

Ez da ohikoa futbolari batek 27 urterekin erretiroa hartzea. Hala egin du Iparragirrek. «Nire gorputzari eta buruari entzun, eta atzetik datozenei lekua egiteko garaia dela sentitu dut», dio.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
ainara arratibel gascon
Zubieta
2023ko ekainaren 1a
00:00
Entzun

Denboraldiko azken-aurreko entrenamendua amaitu berri du Iraia Iparragirrek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1995). Sasoikoa ez ezik, bere kirol ibilbidekoa ere bai. «Badakit pena izango dudala, baina lasai, harro eta asebeteta noa».

Real Madrilen aurka jokatu zenuen zure ibilbideko azken partida. Zer sentitu zenuen azken aldiz Z7ra sartu zinenean?

Partida berandu zen, eta eguna normaltasunez eramaten saiatu nintzen, bizitzen ari nintzena gozatzen eta sentitzen. Aldagelara sartzean ere antzera egin nuen, banekielako zerbait berezia eta polita gertatuko zela.

Partida aurretik egin izan duzun oihu hori barruragotik atera zitzaizun?

Bai. Agurtzeko prentsaurrekoan egin nuenean ere barru-barrutik atera zitzaidan. Eztarria ere urratu nuen, eta kezka izan nuen, astebururako ondo egongo ote nintzen, azken oihu hori polita eta berezia izatea nahi nuelako. Azkenean bi egin nituen: bat partida aurretik, aldagelan, eta bestea zelaian, omenaldia amaituta.

Neurketa ostean omenaldi oso berezia egin zizuten: taldekideek aurreskua dantzatu zizuten, kuadrillakoek hitz batzuk esan zizkizuten, aitak txapela jarri zizun... Zein momentu edo irudirekin geratzen zara?

Sentitu nituen gauzekin geratzen naiz. Banekien jendeak asko maite ninduela, baina hainbestekoa izan zen... Oso zoriontsu sentitu nintzen, laino batean bezala, eta, esan nuen moduan, oso harro dudan inguruaz.

Nola izan zen armairua husteko momentua?

Egia da denboraldi amaiera guztietan husten dugula armairua. Baina, kasu honetan, botak gordetzen ari nintzela, neure buruari zera galdetu nion: «Eta, orain, zer egin behar dut bota hauekin? Izan ere, ez dut futbolean jarraituko».

Oraindik ez zara kontziente hartutako erabakiaz?

Oso argi dut zer erabaki hartu dudan, baina oraindik ez dut barneratu. Ez naiz guztiz kontziente bukatu denaz. Bitxikeria moduan, azken entrenamendu bezperan prestatzaile fisikoak oporretarako plangintza eman zien taldekideei. Niri ematen ez zidala ikusita, eskatu egin nion. Nork daki, agian egingo dut. Egunez egun joatea gustatzen zait, eta etorriko denean ez pentsatzea. Baina badakit denboraldiaurreko garaia iristen denean neure buruari galdetuko diodala: «Eta ni?». Zorionez, kanpoan harrapatuko nau. Bestela, gogorragoa egingo zitzaidan.

Zein da baloi batekin duzun lehen oroitzapena?

Auzoko plazan, Zabaletan, jokatzen nuenekoa. Ikastolatik bueltan orduak ematen genituen bertan jokatzen. Edozein lekutara nindoala, baloia eramaten nuen. Jostailuzko aulkitxoan, panpina baino gehiago, baloia eramaten nuen.

Pilotan ere aritu zinen. Zergatik aukeratu zenuen azkenerako futbola?

Pilota asko gustatzen zitzaidan. Baina Lasarten emakume bakarra nintzen, eta lehiatzeko ere aukera oso gutxi zegoen. Futbolean askoz aukera gehiago ikusten nituen, eta Realera iristea zen nire ametsa. Zubieta ondoan ikasten nuen, Landaberrin, eta jolas garaian, jokalariak ikusten nituenean, beti esaten nuen: «Nik hor bukatu nahi dut». Egun, pilotan gauzak asko aldatu dira, eta ziurrenik gehiago kostatuko litzaidake erabakia hartzea. Beti geratuko zait arantza hori. Pilotari lotutako modalitate guztiak asko gustatzen zaizkit. Pentsa, hemendik gutxira auzoko festak izango dira, eta dagoeneko izena eman dut pilota txapelketan.

Hiru klubetan aritu zara : Ostadarren, Añorgan eta Realean. Zer eman dizu bakoitzak?

Hirurei esker izan naiz futbolari. Ostadarrek nuen ametsagatik borrokan hasteko aukera eta ilusioa eman zizkidan. Eskola kirola amaitu, eta denek nahi genuen Ostadarrek fitxatzea. Adina ez eduki arren, haiekin entrenatzeko deitu ninduten, eta niretzat izugarria izan zen. Añorgak pertsona eta kirolari moduan hazten lagundu zidan. Eta Reala, esan bezala, amets bat betetzea izan da, eta profesionala izateko aukera eman dit.

Ikusi gehiago:Analisia. Maider Galardi F.: Bide urratzaile

Dena den, Añorgan zinenean, futbola uztear egon zinen.

Hala da. Erabakiak hartzen hasi behar nuen. Niri asko gustatzen zait neure buruarekin hitz egitea eta zer nahi dudan hausnartzea. Garai hartan arrazoi gehiagorengatik egin behar nuen. Argi nuen ezinezkoa zela futboletik bizitzea. Mendia ere asko gustatzen zaidanez, eskaladako monitore izateko ikastaro bat egitea erabaki nuen. Durangon zen. Beraz, futbola utzi behar nuen. Erabaki zaila izan zen, baina hartu nuen.

Baina orduan iritsi zen Garbiñe Etxeberria Realeko egungo kirol zuzendariaren deia. Zer izango zen zure bizitza deitu izan ez balizu?

Auskalo. Beharbada, Pirinioetan edo mendia dagoen beste lekuren batean arituko nintzen lanean.

Nola gogoratzen duzu dei hura?

Oso bitxia izan zen. Gogoan dut lagunekin nengoela, zerbait hartzen. Bat-batean, ezagutzen ez nuen zenbaki batek deitu zidan sakelakora. Hartu egin nuen. Garbiñe zela esan zidan, eta Realera joan nendin nahi zutela. Ezin nuen sinetsi. Eskuak izerditan hasi zitzaizkidan, eta esan nion eskertzen niola, eta emateko egun batzuk. Izan ere, nik jada erabakia nuen eskaladako monitore titulua ateratzea. Lagunei kontatu nien, eta gero gurasoei. Argi esan nien. «Nik hau probatu nahi dut». Ezin nuen trena pasatzen utzi.

Realak orain arte lortu dituen bi lorpen handienetakoren parte izan zara. Zer oroitzapen dituzu Kopako garaipenaz eta aurretik eta ondoren bizitakoaz?

Asko. Oso zaila zen, baina itxaropena genuen. Posible zela sinesten genuen. Aurretik egindako talde dinamiketan zerbait berezia ikusten zen, energia edo bibrazio berezi bat. Eta azkenerako lortu genuen. Izugarria izan zen.

Eta hantxe zeuden kuadrillakoak eta etxekoak. Nekez izango zuen beste jokalariren batek zuk harmailetan zenuen tamainako argazkirik.

Ikus nuenean, ezin nuen sinetsi. Argazkiak, gainera, esanahi handia zuen. Realarekin sartu nuen lehen goletako bat zen. Lagun izugarriak ditut, eta bide hau ezingo nuke egin haiek eta etxekoak gabe. Nire funtsezko helduleku eta zutarri izan dira. Momentu zail asko bizi izan ditut, eta sekulako babesa eta energia eman didate.

Garaikur horretaz gain, taldekideek kapitainetako bat izendatzea izan da zure kirol ibilbideko beste momentu berezia?

Bereziena ez nuke esango, baina bai esanahi handikoa. Zugan sinesten dutela esan nahi du.

Maiz hartu duzu mina, eta, tartean, bi lesio larri ere izan dituzu. Aldi horietan, zenbat lagundu dizu zure izaera baikorrak eta umoretsuak?

Sasoi horiek hobeto eramaten lagundu didate. Ez da erraza zelaitik eta taldearen egunerokotik urrun egotea. Baina horiei ere zerbait ona atera diet: psikologikoki lanketa bat egiteko aprobetxatu ditut, nire barrenari entzuteko.

Zure izateko era horrek lagundu al dizu erretiroaren erabakia errazago hartzen, eta etorkizunari heltzen?

Bai. Banekien halako erabaki bat ez zela erraza izango, baina naturaltasunez hartu dut. Beti saiatzen naiz gehien beteko nauten gauzak egiten, eta gauzen alde positiboei erreparatzen. Kasu honetan ere hala izan da. Balantza batean jarri nituen zer eman dudan fisikoki eta psikologikoki urte hauetan, eta zer eman nezakeen hemendik aurrera, eta ikusi nuen alde batera egin behar nuela, eta atzetik datozenei lekua egiteko garaia zela. Gainera, neure buruari esaten nionean utzi egingo nuela, lasai sentitzen nintzen. Lasaitasun hori seinale bat zen. Badakit pena izango dudala, baina oraingoz lasai eta ondo nago, eta oso pozik, harro eta asebeteta bizi izan ditudan gauza guztiekin.

Nola izan zen taldekideei esatea?

Zaila izan zen, baina, aldi berean, nire mugak gainditzea. Izan ere, umoretsua eta alaia izan arren, ez dut gustuko jendearen aurrean hitz egitea. Are gutxiago halako erabaki garrantzitsu bat esateko. Dena azaldu, eta berehala besarkatu egin ninduten.

Eta etxekoei esatea?

Egia esan, ez zitzaidan kostatu, banekielako hartzen nuen erabakia hartuta ere babestu egingo nindutela.

Zein ondare utzi nahi duzu aldagelan? Nork egingo du partida aurreko oihu hori?

Utzi nahi dudana da nire ibilbidean zutarri izan diren balioak: diziplina, lana eta hobetzeko gogoa. Hori helarazten saiatu naiz urte hauetan ere. Horrekin batera, nire umorea eta alaitasuna. Irribarreak, besarkadak.... Oihuari dagokionez, taldekideekin komentatu dut, beharbada haiek beste zerbait egiteko garaia izan daitekeela. Baina izan dadila betetzen dien zerbait.

Nola aldatu diren bai Zubieta, baita emakumeen futbola ere urte hauetan, ezta?

Izugarri. Orain zortzi urte genituen baliabideak ez dira oraingoak. Orduan, ez genituen zaintza psikologikoa eta nutrizionala, arratsaldez entrenatzen ginen... Horrek guztiak ezinbestean izan du eragina gure errendimenduan, eta emakumeen futbolak garapen bat izan badu, horri esker izan du, neurri handi batean. Baita ere, nahiz eta asko borrokatu behar izan garen horretarako, tartean greba bat, apustu ekonomiko handiago bat delako. Baina oraindik bide luzea geratzen da.

Ekintzaile feminista moduan, nola bizi izan duzu borroka hori?

Batetik, penaz. Izan ere, pena handia ematen du oraindik ere halako borrokak egin behar izatea gureak diren eskubide batzuk lortzeko.

Hemendik aurrera, zer?

Hasteko, atseden hartu nahi dut, bai fisikoki, baita mentalki ere. Gainera, momentuan sentitzen dudana eta nahi dudana egin nahi dut. Azkenaldian asko nabil sukaldaritzan, eta ama orearekin ogia egiten ari naiz. Horrekin batera, beste kirol batzuez disfrutatu nahi dut. Adibidez, mendiaz. Eta denbora pixka bat pasata hasiko naiz nire etorkizunaren inguruan erabakiak hartzen. Gauza asko ditut buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.