Distiratsua, pistan eta aulkian

Gaurtik aitzin Kroaziako Europako Txapelketan arituko diren hamasei taldeetatik hamahiruk dute jokalari ohi bat hautatzaile lanetan. Izen handiak daude tartean.

Distiratsua, pistan eta aulkian.
Julen Etxeberria.
2018ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Nikola Karabatic, Mikkel Hansen, Julen Aginagalde, Domagoj Duvnjak, Kiril Lazarov, Uwe Geinsheimer... munduko eskubaloi jokalaririk onenak arituko dira gaurtik aurrera Kroazian, Europako Txapelketan.

Distira 40x20 metrokoan, eta distira aulkietan; izan ere, azken urteetako joera indartu egin da, eta makina bat jokalari ohi arituko dira hautatzaile. Kroazian arituko diren hamasei selekzioetatik hiruk bakarrik ez dute jokalari ohi bat aulkian: Kroaziak, Espainiak eta Montenegrok. Etxekoek Lino Cervar daukate, haien urrezko aldiaren teknikaria; espainiarrek Jordi Ribera, Arrateko eta Bidasoako teknikari ohia; eta montenegroarrek Dragan Djukic.

Beste hamahiru selekzioek dute jokalari ohi bat aulkian eserita. Izen handiak daude tartean: Veselin Vujovic, adibidez. Montenegroarra da eskarmentu handien duena, urte askoan munduko jokalaririk onena izandakoak hogei urte baino gehiago baitaramatza teknikari lanetan. 2015etik da Esloveniako hautatzaile, eta aurretik Jugoslavia, Serbia eta Montenegro eta Mazedonia zuzendu zituen. Haren lorpenik handiena iaz Frantziako Munduko Txapelketan lortutako brontzea da.

Hain zuzen, Didier Dinartek etxean jokatutako Munduko Txapelketa irabazita egin zuen Frantziarekin estreinakoa. Oso erronka zaila zuen Montpellierreko eta Ciudad Realeko pibote izandakoak, Claude Onestaren aginduetara; izan ere, irabaz zitekeen guztia irabazi zuen Frantziak: bi urre Olinpiar Jokoetan, eta beste hiru munduko eta Europako Txapelketan, besteak beste. Zalantza zegoen ea aldaketak eraginik izan zezakeen, baina ez zen hala izan, eta makinak berdin funtzionatu zuen. Titulu horri Europakoa gehitzea da orain erronka. Thierry Omeyer eta Daniel Narcisse faltako zaizkio, baina, hala ere, txapeldun izateko faborito nagusia da.

Ljubomir Vranjes suediarra ere ari da pixkanaka bidea egiten. Suediarren urrezko belaunaldiko kide izan zenak zazpi urte pasatxo daramatza aulkietan. Alemanian, Flensburg-Handewitt ahaltsuan egin du ia ibilbide osoa. Garaipen zerrenda polita du jada: Txapeldunen Liga, Errekopa eta Alemaniako Kopa bana irabazi ditu. 2013an Serbia zuzendu zuen, baina gutxi iraun zuen. Hungarian ari da joan zen udatik, Veszprem boteretsuan. Horri esker ere bada Hungariako hautatzaile.

Nikolaj Jacobsen danimarkarra da pistatik aulkira pasatutako beste bat. GOG Gudmerekin eta bereziki THW Kielekin makina bat titulu irabazi ondoren, bost urte pasatxo daramatza teknikari lanetan. Jokalari gisa egin bezala, etxean hasi zen, Aalborgen, eta Alemaniara joan zen gero, Rhein-Neckar Loewenera. 2014tik dabil bertan, eta lan bikaina ari da egiten; azken bi denboraldietan Alemaniako txapeldun izan da. Danimarkak Munduko Txapelketan hondoa jo ostean —final-zortzirenetan esan zuen agur—, saiatuko da selekzioak berriz olatu ona harrapa dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.